astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

gizartea

SUSANA BORRAS PENTINAT. INGURUMEN ZUZENBIDEKO IKERLARIA

«Ingurumen iheslariek ez dute babes politiko eta juridikorik»

Maider Galardi

«Ingurumen iheslariek ez dute babes politiko eta juridikorik»

Ingurumen Zuzenbideko ikerlaria eta Nazioarteko Zuzenbidean doktorea da Susana Borras Pentinat, Rovira i Virgili unibertsitatean (Tarragona, Herrialde Katalanak). Ingurumenak eragindako kalteen ondorioz migratu behar izan dutenei buruz ikertzen aritu da azkenaldian; haren ustetan, lau arrazoik eragin ditzakete lekualdatze horiek: klima aldaketak, ingurua betiko hondatzeak, natura eta industria hondamendiak eta lurretatik egoztea —azpiegitura handiak eraikitzeko, lurrak ustiatzeko edota mineralak erauzteko—. Horri buruz jardun zen atzo, EHUk antolatutako Errefuxiatuak: gizakiak bai, baina eskubiderik ez? udako ikastaroan.

Ikastaroaren izenari erreparatuz, badirudi ez direla betetzen errefuxiatuen eskubide osoak. Zuk gutxitan aipatzen den kolektibo bat izan duzu hizpide: ingurumen errefuxiatuak.

Inolako onespenik ez duten pertsonez ari gara, ez dute ez babes politiko ez eta juridikorik ere. Are gehiago, errefuxiatuen krisiarekin oraindik kalteberago bilakatu da talde hori. Noski, ez diogu garrantzirik kendu behar egungo errefuxiatuen krisiari. Kontua da ingurumen errefuxiatuak ere egoera larrian daudela, baina ez zaiela behar besteko garrantzirik ematen, eta, ondorioz, legez kanpoko immigrante bilakatzen dira. Nazio Batuen Giza Eskubideen Gutunak migrazio librerako eskubidea onartzen du; baina, eskubidearen ordez, behar bat bihurtu da, estatuek onartzen ez dutena.

Errefuxiatuen afera aldagai anitzekoa dela aipatu izan duzu sarritan. Kategoria bera izango litzateke auzitan jartzekoa?

Erabat lotuta daude ingurumen arazoak eta bestelako gatazka ekonomiko, sozial eta politikoak. Hortaz, errefuxiatuen inguruko kontzeptualizazio juridiko zein politiko berri bat egin beharko litzateke, egoera horren kausa zein den kontuan hartu gabe. Izan ere, aldagai ugarik eragin lezakete pertsona batek bere bizitokia uzteko beharra izatea eta prozesu migratzaile bat abiatzea, beste aukerarik ez daukatelako.

Aldagai anitzek eragiten dute errefuxiatuen kalteberatasunean. Emakume izateak badu eragin berezirik?

Zalantzarik gabe, bai. Ingurumen errefuxiatuen kasuan, gehienetan emakumeek kudeatzen dituzte biziraupenerako oinarrizko lehengaiak. Gainera, askotan, migrazio prozesua abiatzen lehenak gizonezkoak izaten dira, eta, beraz, andreak gelditzen dira jatorrizko lekuetan, ingurumen arazoei aurre eginez. Emakume izanik, talde indigena bateko kide izanda, eta eremu gatazkatsuetan eta egoera prekarioetan bizita, askoz ere kalteberago bilakatzen dira. Isilpeko biktimak dira.

Osasunaren Mundu Erakundeak esan du 2020tik 2030era bitarte klima aldaketak urtean 250.000 heriotza gehiago eragingo dituela.

Batez ere garabidean diren herrialdeei eragiten die aferak. Egia da klima aldaketak eragina duela ipar zein hego hemisferioetan, baina lurralde pobreenak dira kalteberenak. Gainera, askotan herrialde garatuek sortzen dituzte kalteok. Pentsa, munduko herrialdeen %20k xahutzen dituzte lurreko baliabideen %80. Aztarna ekologiko horrek ekozidio deiturikoa eragiteaz gain, geure osasunean eragin zuzena du, eta egoera larrienetan, heriotza ere eragin dezake.

Zeintzuk lirateke gaiari aurre egiteko neurri egokienak?

Arazoari estrukturalki heldu behar zaio. Esan dugu afera aldagai anitzekoa dela, eta, ondorioz, irtenbidea emateko estrategiak ere hala izan behar du. Juridikoki eskubideak bermatu eta errefuxiatu mota hori onartu eta babestu behar da. Ordea, erantzukizunak ere eskatu behar dizkiegu estatuei, bai barne mailan gai honen inguruan lan egiteko, bai euren arteko elkarlana bultzatzeko eta nazioarteko instituzioei behar besteko garrantzia emateko. Ez dira beti laguntza ekonomikoak zertan eman, elkartasun teknologikoa zein azpiegituretarako lankidetza askotan hil edo bizikoa izaten da; adibidez, herrialde batzuei ongi etorriko litzaieke lurrikarak detektatzeko teknologia.

Gizarteak, berriz, zer egin lezake egoera iraultzen laguntzeko?

Ustekabeko natur hondamendiak gertatzen direnean, berehala pizten da alarma soziala. Baina badira ingurumen suntsiketan eragin mantsoagoa duten prozesuak; desertifikazioa, esaterako. Kasu horietan, gaiek ez dute oihartzun handirik, baina berdin dira larriak. Elkartasuna behar da, baina ez bagara gu ere egoeraren erantzule egiten, ez ditugu gauzak aldatuko. Lurralde bat kutsatu dutenek egindakoaren erantzule izan behar dute, eta giza eskubideak urratu dituztenek ere bai. Gainera, geure kontsumo ereduak zein ondorio eragiten duen kontziente izan behar dugu, lotura zuzena baitu kalteokin.

BERRIAn argitaratua (2016/07/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA