astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

gizartea

Nagua eta negua

Jose Mari Pastor

Nagua eta negua Jose Mari Pastor

Heldu da uda eta etorri da Nagua. Podemosek lehen postua lortu du Hego Euskal Herrian igandeko bozetan. Balorazioak entzun ditugu emaitzei buruz, haietako asko ondo oinarrituta. Hala ere, komeniko litzateke errealitateari aurrez aurre begiratzea. Aitzakiarik ez bilatzea. Boto baliagarria delakoarena, esaterako. Boto baliagarriaren kontzeptua logikoa da garailearen diskurtsoan; galtzailearenean, ez. Norberaren botoa hutsaren hurrengoa dela iradokitzen du. Zure botoa baliagarria izan ez dela esango baduzu gero, zertarako aurkeztu bozetara? Beraz, hobe boto aldagarria esatea. Edo boto ibiltaria.

Gainera, boto baliagarriaren ideia ez da oso egokia gazteen kasuan. Bi arrazoirengatik. Lehena: ez du balio «itzuliko dira» esateak. Botoa lehenengo aldiz eman duten 18-20 urteko gazteak ez dira inoiz itzuliko, inoiz ez baitira zure boto-poltsan egon. Bigarrena: gazteek ez dakite zer den boto baliagarria. Gazteek bihotzaz bozkatzen dute. Eta buruaz. Kalkulagailuaz, inoiz ez. Kalkulagailuaz 40 urtez gorakoek eman dezakete botoa. Eta erretirodunek. Nerabezaroa utzi berri dutenek, ez. Inoiz ez dituzue 18 urte izan?

Zerk bultzatu zuen Nagua Alba Podemos bezalako talde politiko batera? Iraganean abstentziora jo zuela esan du Podemos Euskadiko idazkari nagusiak. Ezker abertzaleari ere eman zion botoa noizbait. Albak 26 urte ditu. Zer gertatu da 18 urterekin botoa emateko aukera izan zuenetik orain arte, zortzi urteko tarte horretan, hemengo ezkerreko alderdi politikoren batera ez joateko? Zortzi urte gutxi dira 50 edo 60 urteko herritarrarentzat. 18 urtekoarentzat, ia eternitatea. Haren bizitzaren erdia kasik. Duela gutxi arte, gazte ugarik ez zuten kezka politiko berezirik, zerbait berria sortu eta ilusioa piztu arte. Podemosek gazte horiek erakartzea lortu du. Besteek, ez.

Podemosen proposamenak ez dira EH Bildurenak baino sozialagoak. Edukia ez da arazoa, marka baizik. Publizitatearen logika darabil. Marka bat dago, eta marka hori ez da gai izan merkatu-hobi jakin batera iristeko. Nitxo hori beste marka batek hartu du. Pentsatzen hasita, horrek alde positiboak ditu: herritar gazteak mobilizatu egin dira, (asko?) eremu ez-abertzaletik, erabakitzeko eskubidea defendatzen duen taldea sostengatzeko. Unionista tradizionalistak gaindituta daude hor. Alde negatiboak: pentsaeraz, jatorriz, tradizioz edo auskalo zergatik eremu abertzalean koka zitezkeen gazte (asko?) esparru horretarantz mugitu dira. Podemosen boto gaztearen bi multzoak. Ezker abertzaleak protesta botoaren monopolioa galdu du. Haren aurpegiak iraganekoak izan daitezke gazte horientzat —beste gizarte mota bat amets duen gazteari ez diote ardura Urkulluren adinak eta janzkerak, ez dio botorik emango eta—. Negu hotzetik irteteko ezinbestekoa da ezkerreko independentismoak bi herritar multzo horiek erakartzea. Gazteen boto erabakigarria eta odol bizigarria lortzea.

Nola? Espainian zer eginik ez dagoela argi utziz. Mezu hori zabaldu dute bozek: Podemosek proposatzen duen aldaketa Espainiatik alde egiteko gogoa duten herrialdeetan baizik ez da nagusitu. Ez dirudi etorkizunean bestela izango denik. Aldeko hainbat faktore izanda aldaketa orain nagusitu ez bada, noiz? Bada motiborik aldaketa hemendik egiten saiatzeko. Katalunian ondo ulertu dute. Joan Beldak, Podem-ek Sant Adrià del Besòs herrian duen zinegotziak, mezu hau jarri du Facebook-en: «Beti izango naiz aberrigabea. Inoiz ez dut esango ereserki edo bandera bat nirea denik, ezta herri bat ere. Klase-gizona naiz. Baina utzi egingo diot Espainia aldatzen saiatzeari. Mosca cojonera bat izango naiz zuen ezkerrean, eta zuekin batera joango naiz penintsulan posible dugun haustura prozesu bakarrean: Kataluniaren independentzia». Eta azken mezua, espainiarrei: «Agian, urte batzuk barru berriz elkartuko gara lurralde libre, justu, langile eta sozialistak legez. Ordura arte, zortea, eta besarkada bat. Bidea bakarrik egin beharko duzue».

BERRIAn argitaratua (2016/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA