astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

mundua

Istanbulgo aireportuan

Urtzi Urrutikoetxea

Istanbulgo aireportuan Urtzi Urrutikoetxea

Ataturk aireportuan ari naiz idazten, erasotik egun pare batera. Europako ertzean, bi kontinentetan dagoen munduko hiri bakarra da hau. Egun Turkia da, baina harri bakoitzak greziar historia dakar gogora. Edo Balkanetakoa, edo Kaukasokoa. Munduan kurdu gehien bizi diren hiria da, Kurdistango beste edozeinetan baino gehiago: 90eko hamarkadan txikitu eta erretako herrietatik egotzitako bizpahiru milioi kurdu eta haien ondorengoak daude hemen. Behartsuenak berriki arte, siriarrek leku hori hartu zieten arte.

Munduko erdigunea izan liteke, Eurasiako zubi garrantzitsuena. Çamlica meskita erraldoiaren inaugurazioa da gaur, eta dolua egun bakarrera mugatu dute, gaurkoak ospakizuna behar baitu, ramadaneko azken ostiralean. Üsküdar auzoaren gaineko muinoa da Çamlica, Anatoliako —Asiako— aldean, Urrezko Adarrera begira. Recep Tayyip Erdoganen agintaldiaren sinboloetako bat. Bat gehiago. Ez zegoen astirik, beraz, odolaren usainean propaganda handirik egiteko.

Aste biribila behar zuen, Israelekin bakea sinatuta, sei urteko etenaren ostean, Saudi Arabia eta Qatar hartzen dituen aliantza berriaren adierazle, Washingtonek Teheranen isolamendua amaitu behar dela erabaki, eta mendebaldeko herrialdeak Iranera negozio-bila abiatu diren sasoian. Al-Sisi jeneral kolpistaren Egipto ere taldean sartzen badute, 2011ko sasoi zaharrak erabat amaitu diren seinale erabateko izango da; Qatarrek iraultza arabiarrari emandako babesa ordaindutzat emanda. Israelekin sinatutakoak blokeoa gainditzeko laguntza bidaltzea jasotzen duela iragarri du Binali Yildirim lehen ministroak. Laguntza humanitarioa daraman ontzia Mediterraneoan barna abiatu zen atzo, eta bihar iritsiko da, baina ez Gazara zuzenean, Israel hegoaldeko Asderoteko portura baizik. Ez da harritzekoa palestinarrek pozik agertu ez izana, Hamasek ofizialki kritikatzerik ez badu ere, Anaia Musulmanei geratzen zaien aliatu bakarra galduko ez badute.

Israelena probestuz, umiliagarriago suertatu zaien beste adiskidetzea ere gertatu da. Erdoganek barkamena eskatzea, zeharka bada ere, ez da egunero gertatzen. Ez da hilabete Ankarak Moskuri leporatu ziola PKKri armak ematea. Ez da inongo sekretua armadako helikopteroak bota dituzten jaurtigailuak errusiarrak direla, baina Kremlinetik zuzenean PKKri eman gabe ere erraz lortu ditzakete: Siriako YPGko borrokalariek mendebalde zein ekialde liluratuta daukate jihadisten aurkako borrokan.

Noraino bihurtu zaion Kurdistango egoera kezkagarri, Erdoganen barkamen eskaerak uzten du argi. Eufrates ibaia ekialderantz ez igarotzeko kurduei egindako mehatxuari esker bizi izan dira jihadistak luzaroan, Turkiako mugatik hornituz. Baina Ameriketako Estatu Batuek sustatutako aliantza arabiar-kurduak aurrera egin du, Manbijen sartu dira, eta Raqqa izan liteke hurrena. Horrela jabetuko da bat baino gehiago ziur aski auzi nagusia Iraken dagoela. Ea nork eta zelan hartzen duen Mosul, bi milioi biztanleko hiri sunita, Fallujan milizia xiitek egindako basakerien oihartzunen ondotik batez ere.

Ez dut esan nahi astearteko erasoa bezperako akordioen erantzun dela. Jihadistek aireportuan jo nahi izatea mundu osoko edozein zerbitzu sekretuk darabil egunotan. Estatu Islamikoak Turkia eta Erdogan bera jarri ditu jomugan azken adierazpenetan, baina eraso jihadista gehienak kurduen eta ezkertiarren aurka izan dira; egunkari batek «ehun ateo hil dituzte» bota zuen lasai-lasai.

Dena lortu nahi zuen liderra geroz eta bakartuago dagoela ohartu da; haren apustuak kale egin du. Lehen ere jakin izan du beharrezko maniobrak egiten, pertsonen biziaz askorik kezkatu gabe. Besteak beste, Kurdistango su-etena zartarazi eta gerrari berriz ekin, hauteskundeak irabazteko. AEBekin harremanak gaiztotuta daude azken urteotan, baina NATOn egonda Erdoganek onar dezakeen luxua da. Europak erakutsi dio nahieran egin diezaiokeela xantaia. Alemaniarekin harremana ere okertu da azken asteotan, eta bisatuak kentzeko akordioa izoztu du Bruselak, lege antiterrorista aldatu ezean. Atentatua bera baliatu du Ankarak egungo legedia defendatzeko, baita militarren krimenak auzipetzeko gobernuaren oniritzia eskatzen duen lege berria ere. Gauzak horrela, eskualde naturalera jo du Turkiak. Azken baten, Benjamin Netanyahu ere askoz gehiagotan egon da Moskun Washingtonen baino azken urteotan.

Hileten bigarren eguna gaur. Gero iftar-a dator, eta ramadaneko azken asteburua sinestunentzat. Eta gainontzekoentzat, hiri zoragarri honetako milioika laiko zein ateoentzat, beste asteburu bat arraina jan eta rakia edateko, eta dantzara joateko, eta bizia ospatzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA