astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

bizigiro

Olatuz olatu

Bidatz Villanueva Etxague, Ihintza Elustondo

Olatuz olatu

Jo Moraiz surf eskolak 50 urte bete ditu. Izen bereko surflariak sortu zuen Miarritzen, eta aitzindari izan zen Lapurdin. Egun, haren seme Christophe Moraizek kudeatzen du.

Miarritze. Mende erdi surfean

Jo Moraiz surf eskolak (Miarritze, Lapurdi) 50 urte bete ditu aurten. Hiriko Cote des Basques hondartzaren parean dago, itsas bazterretik metro eskasera. Lehen surf eskola izan zen Lapurdin. Aitzindaria Euskal Herrian eta inguruko herrialdeetan. Sortzailearen izena darama eskolak. Tamalez, Jo Moraiz ez da mende erdiaren ospakizunean izanen, minbiziak hil baitzuen 1999an. Haren legatuari heldu zion, orduan, semeak, Christophe Moraizek; eta, harrezkero, hark kudeatzen du aitak sortu zuen surf eskola.

«Ni ez nintzen eskolaren hastapenean egon, baina aski ezaguna da istorioa», aipatu du Christophe Moraizek. Peter Viertel AEBtako gidoilaria Lapurdiko kostara joan zen film bat grabatzera 1957an. Orduan, Miarritzeko itsasoko olatuez miretsirik, surf oholak ekarrarazi zituen Kaliforniatik (AEB). Harengandik ikasi zuen Jo Moraizek. «Itzuli baino lehen, gidoilariak bi ohol utzi zizkien aitari eta lagunei», azaldu du Christophe Moraizek.

Jo Moraizek haren ametsari eutsi zion: surf eskola bat irekitzeari, alegia. Inork ez zuen uste haren egitasmoa beteko zuenik. Semearen arabera, lagunek ere ez zuten konfiantzarik proiektu hartan, «baina aita burugogorra zen».

Surf eskola sortu baino lehen, surf denda bat ireki zuen, 1965ean. Zabalik dago oraindik ere. Garai hartan, Miarritzen eta inguruan «bitxiak» ziren objektuak ekartzen zituela gogoratu du Christophe Moraizek, surfa kirol ezezagun bat baitzen artean. Kaliforniara ere bidaiatu zuen.

Denda ireki eta urtebetera erabaki zuen surf eskolaren proiektuan murgiltzea. Profesional gisa zebilen surfean ordurako. Kaliforniatik ekarritako ikasketa teknikarekin irakasten zien surfean haurrei, gazteei eta helduei. Urte batzuk lehenago, Frantzia ordezkatu zuen Perun egindako Munduko Surf Txapelketan.

Beraz, Jo Moraiz surf eskola erreferentzia bada, ez da lehendabizikoa izateagatik soilik; irakatsatitako teknikarengatik baizik. Gerora, 1981. urtetik aurrera, antzeko teknika bat menperatzea eskatzen zen surf irakasle titulua lortzeko.

Aitaren legatua

Christophe Moraiz 5 urterekin hasi zen surfa egiten. Gerora, 23 urte zituela, surf diploma lortu zuen, aitak eta biek partekatzen zuten pasioan elkarrekin jarduteko. Christophe Moraizen arrebak, Valerie Moraizek, ez zuen surfa ikasi. Aitaren legatuarekin jarraitu baino gehiago, harekin bizi izandakoa kontatu zuen Jo papa surfeur (Atlantica, 2011) liburu autobiografikoan. Valerie Moraizek txikitako eta gaztaroko oroitzapenak biltzen ditu liburuan, eta aita omentzeko modu bat zela aipatu zuen aurkezpenean.

Jo Moraizek Miarritzera ihes egin zuen, 1937an, Espainiako Gerraren garaian. «Garai zailei aurre hartu zien», semearen arabera. Surfarekiko eta naturarekiko maitasuna erakutsi zizkien; euskara, ordea, ez: «Ongi zekien euskaraz, baina ama Amiensekoa (Frantzia) zen, eta sekula ez zigun hizkuntza erakutsi».

Surf eskolak zutik jarraitzen du, eta ilusioz dago Christophe Moraiz: «Aurten, ez daukat gelditzeko intentziorik. Eskola biziaraziko dut ahal dudan guztia, eta ikastaroak eginen ditut». Konkurrentzia handitu da, baina ez da kikiltzen. «Aurrera ateratzen eta gurea defendatzen saiatuko gara», baieztatu du.

Urtean bi mila lagun hartzen ditu surf eskolak. Lau monitorek ematen dituzte ikastaroak, eta eskola martxotik azarora dago irekita. Sasoi betean daude, eta, itsasoak laguntzen badu, denboraldi ona izanen duten konbentzimendua du Christophe Moraizek.

25 urte beteko ditu aurten Zarauzko Surf Eskolak, baina urteurrena ospatu ordez, itxi egingo dute. Ez lana falta delako, eredu talka baten ondorioz baizik. «Gu Saloutik bagoaz», diote arduradunek.

Zarautz. Porrot alai bat

Alai» daudela diote Haritz Larrañaga Altunak eta Mikel Troitiño Berastegik. Nahiz eta haiek kudeatzen duten Zarauzko Surf Eskola (Gipuzkoa) itxi egingo duten irailean, martxan eman dituen 25 urteren ostean. Sei urte eman dituzte udalari helegiteak aurkezten, eta dagoeneko «nekatu» egin dira. Horregatik daude umoretsu. «Ja berdin digu guztiak; lasai gaude».

Mundu guztiak bi galdera egiten dizkie eskola ixteko hartu duten erabakia dela eta. «Gaizki doa negozioa?». Eta erantzuna da: «Ez». Jarraian dator bigarrena: «Beste plan batzuk dituzue?». Erantzuna: «Ez». «Lan pila bat daukagu, inoiz baino gehiago». Jende askori ezetz esan diote: Foru Aldundiko udalekuei, Txatxilipurdi elkarteari... Bestelakoa da ateak betirako ixteko arrazoia: «Mailaz jaistea eskatzen zaigu».

1991n zabaldu zuten eskola Troitiñok eta Aitor Francesenak. Hasieran, malekoi ondoan zegoen txabolatxo bat zen eskolaren egoitza; baina, egun, Donibane plazan dute aterpea. 1994an hasi zen Larrañaga eskolak ematen, eta, orain, biek dute eskolaren ardura. Miarritzen (Lapurdi) ikastaroak ematen zituen Jo Moraiz izan zuten eredu hasiera hartan. «Kirol bat ere ez zen surfa orduan, jolas bat baino ez». Pixkanaka, ordea, gaur egun duen aitorpena lortu du, haien arabera; «komertzio» bilakatzeraino.

Hasiera-hasieratik eredu talka bat egon dela diote: eredu pribatuaren eta publikoaren artekoa. «Ez da diruari begiratzen diotela beste eskolek; ez da hori bakarrik. Haratago doa kontua», azaldu du Troitiñok. Larrañagaren arabera, sinplea da: «Pentsatzen dut bizi naizen bezala, edo bizi naiz pentsatzen dudan bezala?». Printzipio falta da inguruan sumatzen duena. «Gauzak dohainik egin ditugun bakarrak izan gara, jardunaldi irekiak egin ditugunak, Prestige-ren hondamendia gertatu zenean eskola itxi genuenak...». Eta bakarrak dira eskola soilik dutenak, dendarik gabe.

Haien esanetan, enpresentzat egoki izango diren langile gazteentzako eredua eraiki da. Bi hilabetetan behar bezala formatzeko saialdiak egiten dituen Euskal Herriko Federazioaren tituluak baino indar handiagoa dute egun gutxitan ateratzen diren titulu arrotzek. Zarauzko Surf Eskolako irakasle guztiek dakizkite lau hizkuntza, eta beste ereduan hizkuntza bakoitzerako irakasle bat izan ohi dute. Gainera, dendako jabeak esaten duena egin behar dute, saltzea delako helburua. Eta bezeroen nahien aurrean, ez dute ezetz esateko eskubiderik: marea goian badago, eskolak eman behar dituzte; baita haurrak nahi ez badu ere —haren aitak nahi duelako—... «Halako bezeroak tematu egiten dira ordainduko dutela esanez. Guk beste eskola batera joateko esaten diegu, beste eredukoak direlako».

Udalarekin nekatuta

Egun, Whatsapp bidez ordu erdi barrurako erreserba daiteke ikastaro bat. «Haien erantzuna beti da baiezkoa, eta guk ere baietz esan behar al dugu?». Larragañaren eta Troitiñoren esanetan, ez da surfaren gatazka, gizarte gatazka da. «Lana gaizki egiten ari dira, eta guk ez dugu hor egon nahi». Larrañagaren arabera, surfa kontsumorako zerbait bilakatu da: «Zenbat olatu? Zenbat surf ohol? Zenbat neopreno? Zenbat eta gehiago, hobe. Bost hondartza eta bost mundu behar dituzte». Eta haiek ez dute horrela ulertzen kirola. «Surfa bizitzaren ikastaro bat da, eta ez komertziala izan daitekeen zerbait», dio Troitiñok. «Gu Saloutik bagoaz».

Helegite ugari aurkeztu diete udalari azken urteetan. Surf oholen alokairua erregulatzeko eskatu dute, adibidez. Ezkondu aurreko agur festetan, noiz edo noiz hamar lagun etorri izan dira, surfean batek bakarrik jakin arren, eta ez dute irakaslerik kontratatzen. Marea goian badago, oholak alokatzen ez uzteko eskatu izan dute, esaterako. Erregulatzea zaila dela erantzun die udalak, baina. «Kuantitatiboa hartzen dute kontuan, eta ez kualitatiboa. Ekonomiak du lehentasuna». Udal talde ororekin izan dituzte arazoak. «Milaka gauza eskatu ditugu, eta ez digute kasurik egin. Ez dute entzuten jakin; guk ezagutu ditugun udalek enpresa gisa funtzionatu dute».

Urteak eman dituzte borrokan, baina etsi egin dute. «Gutxiengoa gara. Gehienek nahiago dute eredu pribatuaren aukera baliatu». Pena bakarra dute. Ez direla gai izan errelebo bat uzteko. «Galdetzen digutenean orain zein eskolatara jo, aholkatzen diegu eskola bainoago begirale bat bilatzeko; bere lana profesio gisa ulertzen duena».

Printzipioen biktima dela esaten dio Troitiñori emazteak. «Eta ni alai jartzen naiz hori esaten badit. Noski, pena bat da; gure eredua ulertzen duenarekin lan egitea zoragarria izan da. Jartzen dizkiegun mugak ulertu egiten dituzte. Hezi nahi ditugu materialaren zaintzan, ingurugiroa zaintzen irakasten diegu... Asko gozatu dugu». Larrañagaren esanetan, behin ulertzen dutenean, luzerako harremanak sortzen dira. «Saltzeko jendeak nortasuna galtzen du. Gainontzeko guztien berdina bazara, egun batean ehun lagun izango dituzu, baina erlazioak ez du luze iraungo. Berdin izango dio Somon [Espainia] edo Zarautzen surf egin». Maila pertsonalean hazteko eta hezteko balio izan die kirolak, baina orain beste bide batzuk bilatzeko garaia iritsi zaie. «Porrot alai bat da».

BERRIAn argitaratua (2016/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA