astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

iritzia

'Mozal legea'. Urteurren isildua

Haizea Nuñez,, Maider Caminos, Aitor Gutierrez, Aitor Korres

'Mozal legea'. Urteurren isildua

Datorren uztailaren 1ean, urteurren tristea beteko da. Urtebete izango da Espainiako Gobernuak, «aholkulari ezezagunen eskutik, zigor legedi penagarria sortu zuenetik». Gainera, «XX. mendeko iturri txarrenetatik edaten duten proposamenekin eta korronte autoritarioenetatik eta atzerakoienetatik dator».

Ez dira gure hitzak, Espainiako estatuko 35 unibertsitateko Zigor Zuzenbide arloko 70 katedradunenak baizik. Tradizioz kontserbakorra izan den eremu akademiko horretatik dator Gobernuaren zigor-arloko erreformaren aurkako testua. Irmoki aipatzen zuten: «Errotik eta salbuespenik gabe, Segurtasun Pribatuaren Legea, Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea eta Zigor-arloko erreformak bertan behera uzteko beharra dago».

Mozal Legearekin —Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea—, poliziari oraindik ere botere gehiago eman zaio, akusatzaile eta epaile papera haren esku utziz. Hori nahikoa ez eta izugarri biderkatu dira aurretik ezarrita zeuden lege-urraketengatik jarritako isunen zenbatekoak. Lege-hauste berriak sortu eta gehitu dira, kasualitatez, eragile sozialen protesta molde berrien neurrira prestatutakoak; horiei, gainera, neurririk gabeko zigor ekonomikoak lotu zaizkie (etxe kaleratze edota atxiloketen aurkako mobilizazioak, instituzioen aurrean egindako mobilizazioak, autoritateei zuzendutako kritikak, polizien jardueren grabaketen emisioak zigortzen dituztenak...). Instituzioak, agintaritza publikoak zein polizia blindatu egin dira, kritika eta desadostasun sozialaren aurrean. Eta askoz ere gehiago.

Zigor Kodearen erreformarekin, bizi osorako kartzela-zigorra inposatu da, zigorra «delinkuente» edo «gaizkilearen» araberakoa egin da eta ez delituaren araberakoa. Teorikoki borroka armatuaren aurka hamarkadetan garatu den salbuespen legedia egonkortu egin da, borroka molde hori desagertu bada ere. Jihadismoaren aurkako gerraren izenean, berme juridikorik gabeko antiterrorismoaren atala puztu da. Zirrikitu horretatik, disidentzia politikoari, pobreziari eta migrazioei zigor zorrotzagoak jartzea justifikatu da. Adibidez, desordena publikoengatik gehienezko zigorra 3 urtetik 6 urtera igo da, edozein ebasketa edo argia «pintxatzea» delitu bihurtu dute eta migratzaile pobreak —aberatsak beti aberats— kanporatzeko erraztasunak jarri dituzte. Eta askoz ere gehiago.

Zerrenda luzeegia da artikulu bakar batean osoki jorratzeko. Segurtasun Pribatuaren Legearekin, aurrekoak baino hilabete batzuk lehenago indarrean sartu zena, segurtasun eskubidearen pribatizazioa eta espazio publikoaren militarizazioa garaile atera dira. Polizia autonomikoak, foralak zein udaltzaingoak militarizazio prozesu sakonak bizi dituzte. Herri eta hirien ordenantza zibikoek espazio publikoaren erabilera murriztu egiten dute, sarekadak eta zigorrak zenbait txiolariren kontra bideratu dituzte...

Itxuraz independenteak diren arma juridiko horiek sistema oso baten parte besterik ez dira: salbuespen politika iraunkorra da. Hau da, demokraziaren teorian salbuespen-egoeraren aurreko erantzun gisa prestatzen dena, denboran mugatua eta zehazki araututako oinarrizko eskubideen etenaldia izan beharko lukeena, arau bihurtu da, ohiko, gure eguneroko errealitatean.

Politika horiek sostengatzen dituen zuzenbideari, urte bat beteko duten lege hauei bezalaxe, etsaiaren zigor zuzenbidea deitu izan diote. Eta nortzuk gara etsaia? Ordenamendu sozial hau kritikatu eta desadostasuna adierazten dugunok bihurtzen gaituzte etsai, sistema honek prekarizatutakoak eta txirotuak gara etsaiak.

Etsaiaren zigor zuzenbidea lagunaren zigor zuzenbidearekin batera dator beti, txanpon anker beraren beste aldea baita: zerga-ihesak, delitu izateko, 120.000 eurotik gorakoa izan behar du; supermerkatuan lapurtzea edo pobrezia energetikoari aurre egiteko argia «pintxatxea», berriz, lehenengo eurotik da delitu.

Disidentzia eskubidea berreskuratu beharra dugu. Horregatik, amaitu berri diren hauteskundeen ondotik osatuko den estatuko Gobernuari, hori edozein dela ere, exijitzen diogu aipatu legeak indargabetu ditzala. Bien bitartean, euskal erakundeei, ez ditzatela aplikatu. Izaten ari da mugimendurik bide horretan. Iragan astean konpromiso hori adostu zuen Gasteizko legebiltzarrak. Pozten gara hartutako erabakiaz, eta hurbiletik jarraituko dugu errespeta dadin. Hori bai, modu kontsekuentean joka dezala ere aldarrikatzen dugu, kasurako, martxoaren 31ra arte Ertzaintzak Mozal Legearen bidez jarritako 3.959 isunak bertan behera utziz. Duela zenbait aste, informatzeagatik isuna jaso zuen Ahotsa komunikabideak eskaera berbera egin zuen Nafarroako Legebiltzarrean. Eta Udaletxeei ere zuzentzen gatzaizkio, ez baitira gutxi Mozal Legea aplikatu edo aplikatzearekin mehatxu egin duten udaltzaingoak.

Baina ondotxo dakigu, beste inori exijentziak eta konpromiso eskaerak egitetik harago, ardura nagusia geurea dela, herritar xume eta arruntona, behetik gora eragiten dugunona. Gure presioak eta erabakitasunak soilik ahalbidetu dezakete disidentziarako, protestarako eta bestelako errealitateak eraikitzeko eskubideak berreskuratzea. Uztailaren 1a alferrik pasatzen utzi behar ez dugun aukera da: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan legedi antisozial honi guztiok batera planto egiteko antolatu diren ekimenetan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Lau hiriburuetan ekimen ezberdinak garatuko ditugu, baina oinarri berarekin: Mozal Legeei Ez. Lege injustuak desobeditu.

BERRIAn argitaratua (2016/06/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA