astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

kultura

Zintzoa izan nahi ez zuena

Mikel Lizarralde

Zintzoa izan nahi ez zuena

McCarthy senatariak ezkertiartzat jotzen zituen zinemagile, gidoigile eta aktoreak blacklisted izendatu aurretik ere izan zen zerrenda beltzik Hollywooden. Inork kontratatu nahi edo ahal zuen horietako bat izan zen Olivia de Havilland, 1930eko hamarkadan emakume zintzo, goxo eta esanekoen roletan katalogatu zuten eta irudi horri ihes egin nahi izan zion aktorea. Industriaren kontra egin zuen, bestelako lanen bila, eta ekoiztetxe handiek aktoreei ezarri ohi zizkieten loturen kontra, eta horrek hiru urteko langabezia ekarri zion. Harik eta epaitegiek arrazoia eman zioten arte. Olivia de Havillandek, Hollywood klasikoan hasi, hazi eta izar bilakatu zen aktoreak 100 urte beteko ditu bihar. Eta Parisko bakarlekuan ospatuko du, azkeneko mende erdian etxe izan duen hirian.

Hollywood izarren lantegi eta haztegi izan zen garaian bizi izan zuen bere garai loriatsuena Olivia de Havillandek (Tokio, 1916). Eta lantegira doanaren pare egin zuen lan bere aurreneko urteetan aktoreak. Agian oso gaztetatik bideratu nahi izan zutelako arte eszenikoetara. Aita abokatua zuen, eta ama, aktorea, eta Japonian jaio zen aitaren lanak hara eraman zuelako, baina, gurasoak banandu ostean, amak AEBetara jo zuen, Kaliforniara. Eta harekin, bi alabak: Olivia eta Jane urtebete gazteagoa. Biak aktore nahi zituen amak, eta gerora hainbatetan haizatu diren borroka eta ezinikusia piztu zituen bi ahizpen artean horrek. Izen artistikoak ere bereizi zituen, ahizpa gazteenak Jane Fontaine izenarekin —amaren abizena— egin baitzuen ibilbide arrakastatsua 1940tik aurrera.

«Emakume gaiztoak modan egon ziren 1930eko hamarkadan, baina niri neska zintzoarena egitea egokitu zitzaidan». Hori izan zuen zama De Havillandek, nahiz eta urte haietan gustatzen zitzaion egokitu zioten rola: « Aspergarria da neska gaiztoarena egitea. Zintzoarena egiteak gehiago eskatzen dio emakumezko aktore bati». Gizonezko heroiaren ondoan dagoen emakumea izan zen urte haietan guztietan, batik bat Warner etxeak Errol Flynnen luzimendurako filmatutako abenturazko filmetan: Captain Blood (1935), The Charge of The Light Brigade (1936), The Adventures of Robin Hood (1938), Dodge City (1939)... eta zintzo izaten segitu zuen Gone with the Wind megaproiektuan ere (1939).

Hollywooden aurka

De Havilland auzia. Gaur egun ere erreferentziatzat jotzen da aktoreak 1940ko hamarkadan Warner etxearen kontra abiatutakoa. Nazkatu egin zen ematen zizkioten lanez, «balio artistikorik» ez zutelako, eta protesta egitearekin batera, uko egin zion hainbat lani. Ekoiztetxe handiak ziren izarren jabe, eta Warnerrekin lotzen zuen kontratua aldatzeko borrokan hasi zenean, aktoreak bazekien neurri batean keinu iraultzaile bat zela berea. Borroka horrek izan zuen, nolanahi ere, ondoriorik, Warnerren aholkuek bultzatuta inork ez zuelako kontratatu nahi izan hiru urtetan. Zerrenda beltzean. Harik eta epaitegiek arrazoia eman zioten arte: «Harro nago emaitzarekin», esan zuen urte batzuk geroago, «kontratazio sistemaren gehiegikeriak konpondu zituelako».

Auziak bere ibilbidea bultzatu zuen, eta bi Oscar irabazi zituen hurrengo urteetan: lehenengoa, To Each His Own (Mitchell Leisen, 1946) lanagatik, eta bigarrena, The Heiress William Wylerren melodramarekin (1948). Gerora, poliki-poliki, zinematik aldenduz joan zen, eta telebistan lekua egin. Isilduz pixkanaka. Baina bere eskubideen alde borrokatzera eraman zuen izpirituari eutsita. Baita mendea betetzean ere.

BERRIAn argitaratua (2016/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA