astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

kirola

ION IZAGIRRE

«Egoerak bultzatu gaitu Tourrean lehiatzera»

Unai Zubeldia

«Egoerak bultzatu gaitu Tourrean lehiatzera»

Laugarren Valentziako Itzulian, bigarren Algarven, bosgarren Paris-Nizan, irabazle Miguel Indurain Sarian, aitzin-etapa eta hirugarren Erromandiako Itzulian, etapa bat eta bigarren postua Suitzako Itzulian, eta irabazle Espainiako Erlojupeko Txapelketan. «Baina argi daukat Tourrera zertara noan». Nairo Quintanari podiumeko goiko koskara igotzen laguntzea da Ion Izagirreren erronka (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Inoizko denboraldirik onena eginda, Frantziako lasterketa Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara iristeko bidezidorra izatea espero du gipuzkoarrak.

Suitzan, bigarren; Espainiako Erlojupeko Txapelketan, urrea, eta Tourreko bederatzikoan. Horrela has daiteke astea...

Bai, bai. Ez gaude kexatzeko, urtea nola doan ikusita.

Hori bai, Tourrekoa beste kontu bat izango da. Nairo Quintanaren itzal lana egin beharko duzue han.

Argi dago Tourrera beste ideia eta helburu batzuekin goazela, Nairo daukagulako irabazteko hautagai gisa. Lanera goaz gainerako taldekideak.

Norberaren luzimendurako aukerarik izaten da horrelakoetan, erlojupekoetan edo?

Bai... Norberaren ahalegina eskatzen du, azkenean, erlojupekoak, baina Tourra Tourra da, eta han izango dira erlojupekoetan espezialistak diren gehienak. Zaila izango da luzimendu pertsonala, ordura arte Nairoren mesedetan lanean ibili beharko dugulako, eta beste espezialista asko freskoago iritsiko direlako. Baina ez erlojupekoak eta ez etapa garaipenak, helburu horiek ez dauzkat buruan. Argi daukat Tourrera zertara noan: lanera. Komenigarria da helburu horiek ondo finkatuta edukitzea, Tourrean okerreko erabakia izaten baita bakoitza bere aldetik tiraka hastea.

Zuk zeuk hala eskatuta edo taldeak erabakita zoaz Tourrera?

Bietatik pixka bat. Egoerak berak bultzatu gaitu Tourrean lehiatzera. Denboraldi hasieran, Espainiako Vuelta zen helburua, baina gorabehera asko izan dugu taldean, eta Eusebiorekin [Eusebio Unzue, taldeko managerra] hitz egin ondoren hartu genuen erabakia. Erromandiako Itzuliaren ondoren, atseden hartu, eta plangintzan Tourra sar genezakeela esan zidan; lehen deialdian sartu ninduen, eta hortik aurrera hasi ginen lanean, Tourra buruan genuela.

Eta Gorka anaia, berriz ere, ondoan. Indar bikoitza emango du horrek, noski...

Bikoitza ez dakit, baina indarra ematen du, bai, eta konfiantza handia. Bioi gustatzen zaigu lasterketetan elkarrekin egotea, eta gustagarria da gauzak ondo zein gaizki doazenean anaiaren babesa edukitzea.

Astebeteko itzuliei heldu nahi zeniela esan zenuen denboraldi hasieran. Oso erabaki zuzena izan dela erakutsi duzu gerora.

Lan asko dago emaitza on horien atzean, baina egia da denboraldia oso ondo doala. Oso gustura nago egindakoarekin. Argi gelditu da ona izan zela taldeak eta nik neuk hartu genuen erabakia, itzuli handiagoekin edo bestelako lasterketekin itsutu gabe.

Zuretzat, zenbateko garrantzia zeukan Espainiako Txapelketako erlojupekoa irabazteak?

Ez neukan presio handirik, gustura bainengoen ordura arte egindakoarekin. Lan ona egin nahi nuen, Olinpiar Jokoak ere hor daudelako, eta boskotean sartzeko aukera badaukadala uste dudalako. Hautatzaileak ezertxo ere ez digu esan oraindik, baina erlojupekoko balizko emaitza onak Olinpiar Jokoen atea irekiko zidan itxaropena neukan. Banekien fisikoki ondo nengoela, eta oso lasai nengoen, konfiantza handiarekin.

Sinetsi egin beharko da hautatzaileak ezer ez dizula esan, ezta?

Nahi duzuena egin, baina bi zorion mezu bidali dizkit denera, Suitzako Itzuliko eta Espainiako Txapelketako garaipenengatik. Beste ezer ez; ez deirik eta ez ezer.

Tourrera joanda ere, Rioko Olinpiar Jokoak oso gogoan dauzkazu, hala ere...

Bai, bai, zalantzarik gabe. Urte guztiko erregulartasuna eta erlojupekoetan egiten ari naizen lana kontuan hartuta, buruan daukat Rio, bai. Baina badakigu zer-nolako txirrindulariekin ibiliko naizen lehian, eta bostentzat bakarrik dago lekua. Hautatzaileak erabaki beharko du hori, baina niri ez dit eman inolako argibiderik. Kontu horri, oraingoz, ez diot eman nahi buelta gehiago.

Bai Suitzako Itzulian eta bai Espainiako Txapelketan, iraupenak eman dizu saria erlojupekoetan. Behetik gorako saioak egin dituzu bi kasuetan.

Erlojupekoari aurre egiteko modua dela uste dut. Indarrak ondo kudeatzen ari naiz, eta fisikoki ondo iristen ari naiz bukaeretara. Arrazoi asko egongo dira atzean, baina, bi kasu horietan, banekien garrantzitsua zela azken kilometroetara indartsu iristea; bidean lo hartu gabe, noski.

Chris Froome eta Nairo Quintana. Buruz burukora mugatzen ari dira asko Tourreko lehia.

198 txirrindulari izango gara irteeran, eta faboritoak bi horiek baino gehiago izango dira. Alberto [Contador] badakigu nolako txirrindularia den, eta ia talde guztiek daukate taldebururen bat. Thibaut Pinot bera, [Romain] Bardet, Fabio Aru, [Tejay] Van Garderen, [Richie] Porte... Faborito asko daude, eta, Dauphinen Froomeren parean ibili ez badira ere, uztailean jokatzen da Tourra. Errepideak berak jarriko du bakoitza bere lekuan.

«Froomeren erritmo aldaketei aurre egiteko prestaketa zehatza egin dut». Hala aitortu du Nairo Quintanak orain gutxi. Horri diozue errespeturik handiena?

Nik ez, nik ez daukadalako lehiatu beharrik [barrez]. Nairok eduki beharko du beldurra, edukitzekotan. Ez dakit zein prestaketa egin duen, baina bete-betean iritsiko da, beti ondo prestatzen baititu erronkak. Oso txirrindulari berezia da Froome. Dauphinen ikusi dugu Albertoren lehen erasoei ez diela erantzun, baina ondoren gai da erritmo altu hori denbora askoan mantentzeko eta aurkariak lehertzeko. Kontuz ibili beharko dugu harekin, baina baita beste askorekin ere. Bi-hiru txirrindulariri begiratzen diegu beti, baina podiumerako askoz hautagai gehiago daude.

Tourreko ibilbideari helduta: Mont Saint-Michel inguruan, haizea eta erortzeko arriskua; bigarren etapan, tranpa txiki bat amaieran; bosgarren etapan, Erdialdeko Mendikatea... Badauka arriskua hasierak.

Bai, bai. Beti gauza bera esaten dugu, baina hiru aste dauzka Tourrak; tentsio handia izaten da, eta mila gauza gerta daitezke; lehen astean, batez ere. Erorikoak, denbora galerak, etenak... Oso kontuz ibili beharko dugu, eta lehen aste zital hori galerarik gabe igarotzea espero dugu.

Pirinioetako hirukoak Andorran izango du leherketa, 4.500 metrotik gorako desnibelarekin.

Andorran, eta, bezperan, Tourmaleteko etapan. Etapa horietan argituko da zein txirrindulari ibiliko diren Tourra irabazteko lehian. Hotza, bero sargoria... Eguraldia ere kontuan hartu beharko dugu, etapa jakin bat asko aldatzen baita euriarekin edo bero sargoriarekin. Profilaz haratagoko ezaugarri asko eduki behar izaten dira kontuan beti.

Mont Ventouxen amaituko den etapa, erlojupekoa, Finhaut-Emossongo amaiera, 17 kilometroko kronoigoera, Le Bettex eta Morzinera bidean azken leherketa... Zer dauka gordeta Tourrak azken zatian?

Oso gogorrak izango dira Alpeetako azken etapak. Txirrindularion indarrak hala moduz iritsiko dira, eta erabakigarriak izan daitezke azken etapa horiek. Nairok Froomek baino pixka bat hobeto bukatu zuen iaz Tourra, eta ea aurten nola iristen diren azken zatira, dezenteko aldeak sor baitaitezke etapa horietan.

Quintanaren ezaugarriak kontuan hartuta, motzegiak dira igoeretako asko?

Ez dakit... Ibilbide guztia ez daukat buruan, baina lasterketak berak esango du aldapa asko motz eta gogorrak diren edo ez. Egia da Alberto eta beste hainbat Nairo baino hobeak direla, agian, erritmo aldaketa horietan, baina Nairo bera ere ez da makala.

Mendiko etapetarako eskura zeukan guztiari heldu dio Skyk. Froome, Landa, Poels, Nieve, Thomas... Beldurrik ematen du?

Beldurra? Ez, ez. Gaizki gabiltza bestela! Errespetua, bai; bai Skyk eta bai beste talde askok. Ordekarako, lehen asterako, mendirako... puntako taldea daramate, baina ikusi egin beharko da ardura hartuko duten, ez duten, fisikoki nola dauden... Gurea egiten saiatuko gara gu.

Valverde daukazue zuek, Landa Skyk, Nibali Astanak... Bigarren aukera horiek zeresana emateko arriskua dauka Tourrak?

Baliteke. Aruk, Froomek eta Nairok oso txirrindulari indartsuak dauzkate taldean, eta BMCn, esaterako, hor daude Porte eta Van Garderen ere. Taldeburu gisa joateko moduko txirrindulariak dira guztiak, eta erabakigarria izan daiteke horiek egin dezaketen lana.

Zer aldatu da Ion Izagirreren prestaketan hain emaitza onak lortzeko?

Prestaketan bertan ez nuke aipatuko ezer berezirik, baina urteen esperientzia, heldutasuna, arlo fisikoa eta psikologikoa, lasterketen ezagutza... Lasterketa barruko lasaitasunak lagundu egiten du egoera bakoitzari behar den bezala aurre egiten.

Denboraldi honetan oso txirrindulari gutxi daude zu bezain erregularrak, eta, horren seinale, munduko zazpigarren txirrindularirik onena zara gaur-gaurkoz.

Tira, World Tourreko puntuen araberako sailkapena da hori [Peter Sagan, Alejandro Valverde, Alberto Contador, Nairo Quintana, Fabian Cancellara eta Thibaut Pinot bakarrik dauzka aurretik], eta motibazio iturri da neure burua hain aurrean ikustea. Erregulartasunaren isla da, lan askoren ondorioa.

Lasterketa eta emaitza guztiak aztertuta, are amorru handiagoa emango du Euskal Herriko Itzuliaren bezperan gertatutakoak, ezta?

Bai... Momentuan bertan ere banekien oso ondo nengoela, eta ondorengo emaitzek baieztatu besterik ez didate egin hori. Lizarrako garaipenak berretsi zidan fisikoki oso ondo iritsi nintzela Euskal Herriko Itzulira, eta amorratuta gelditu nintzen, nahiz eta baretu zaidan amorrua, etengabe ezin zarelako egon atzera begira. Horrelakoak izaten dira osasun kontuak, eta, gaitzak erasandakoan, ez dago atzera bueltarik. Gorka ere berdin-berdin gelditu zen, eta amorratuta zegoen hura ere. Etxeko itzulia zen, eta ondo prestatuta geneukan, baina aukera gehiago ere izango ditugu etorkizunean, eta itzuliko gara.

Tropelaren barru-barrutik hausnarketa eginda, zein hiru txirrindulari igoko dira Parisko podiumera?

Nairo, Contador eta Pinot.

BERRIAn argitaratua (2016/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA