astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

mundua

Kalifa-herria, estututa baina borrokari eusten

Mikel Rodriguez

Kalifa-herria, estututa baina borrokari eusten

«2015a askapenaren urtea izan bada, 2016a garaipen handien urtea izanen da, eta Daex-ek [Estatu Islamikoak] Iraken eta Mesopotamian duen presentzia bukatuko dugu», adierazi zuen Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroak joan den urtea bukatzear zenean. Al-Anbar probintziako Ramadi hiriburua berreskuratu berri zuten Irakeko armadak, Poliziak eta miliziek. 2016ak erdia bete du dagoeneko, eta Irakek bertze garaipen garrantzitsu bat aldarrikatu ahal izan du EI Estatu Islamikoaren aurka, Ramaditik gertu bertze gotorleku entzutetsu bat berreskuratuta: Falluja. Hain zuzen, EIk galera handi hori jasan du Sirian eta Iraken kalifa-herriaren sorrera jakinarazi zueneko bigarren urteurrena bete denean —atzoko egunarekin argitaratu zuen adierazpena, 2014an—. Duela urtebete inor gutxi ausartu zen baieztatzen EI kalifa-herriaren hasieran baino ahulago zegoenik, baina bigarren urteurrenean erretiratzen ari den indartzat daukate haren aurka borrokan ari diren gehienek. Al-Abadik data bat paratu zion behin betiko garaipenari, baina inor gutxi gehiago ausartu da halakorik egiten. Eta herenegun Istanbulgo atentatuak erakutsi bezala, Siriako eta Irakeko mugetatik kanpo erasoan jarraitzeko ahalmena eta asmo argia dauka.

«Aitzinetik gaude orain, eta hala mantentzeko ahaleginak egin behar ditugu. Gero eta zailagoa da haientzat [EIko kideentzat] mugitzea eta indarrak pilatzea», adierazi zuen Barack Obama AEBetako presidenteak joan den apirilean. AEBek 2014an Sirian eta Iraken esku hartzea hasi zutenean, Obamak berak eta AEBetako agintariek adierazi zuten muturreko talde islamistaren aurkako borroka luzerako izanen zela; EI garaitzeko, lehenik hura Sirian eta Iraken «degradatu» egin beharra zegoela erran zuen Obamak. «Zoritxarrez, nahiz eta borroka guneetan eta finantza arloan aitzinatu dugun, lorpen horiek ez dute gutxitu taldearen gaitasuna eta irismen globala ekintza terroristak egiteko», adierazi zion John Brennan CIAko buruak AEBetako Senatuaren Inteligentzia Batzordeari, duela bi aste. EIk Sirian eta Iraken lurraldeak galdu dituela gertakari ukaezin bat da, baina munduko potentzia nagusietako ordezkariek ere ez dute jendaurrean neurtu nahi zenbateraino ahuldu den.

Izan ere, EIk duela bi urte kalifa-herria aldarrikatu zuenetik, haren aurkako fronteak ugaritu egin dira: batetik, erdigunea dago, Siriako eta Irakeko gerra zuzeneko fronteak; bertzetik, bertze herrialdeetan ezarri dituen frankiziak —Libian eta Yemenen, nagusiki—; eta, hirugarrenik, nazioartean gerra eremuetatik urruti dauden EIren zelulak eta EIrekin lotura zuzenik ez duten otso bakartiak.

SIRIA

Gerraren ekinaldia galduta

EIk 2013an konkista handiak egin zituen Sirian, bi probintziatako hiriburuak hartuta: Raqqa eta Deir ez-Zor. Bertze talde islamistekin batera jardun zuen armadaren aurkako gerran, eta talde horiekin aliatuta edo ondoren talde horiexek azpiratuta lortu zuen eremu garrantzitsuen kontrola. Indar horrekin ekin zion 2014an Irakeko konkistari. Duela bi urte Abu Bakr al-Bagdadi EIko buruak kalifa-herria aldarrikatu ondoren, EIk etengabe jarraitu zuen Sirian lurraldeak konkistatzen, iaz arte. AEBetako iturrien arabera, kontrolpean zeukan eremu osoaren %20 galdu du Sirian.

Galera nabarmenenak kurduen YPG Herriaren Babes Unitateek eragin dizkiote. 2014an EIk Kobane hiria setiatu zuenean, Kurdistango eremu zabalak azpiratzear izan zen, baina YPGen erresistentzia kementsuaren eta AEBek milizia horiei emaniko aireko laguntzari esker setioak porrot egin zuen. Kalifa-herriaren lehenbiziko urteurrena Rojavatik erretiratzen igaro zuen EIk —Kurdistan mendebaldea da Rojava, Siriaren barrenekoa—.

Bigarren urteurrenean, berriz, Rojavaren eremu historikotik kanpo ari da YPGen eta haien aliatuen ekinaldiari eutsi nahian. Duela hilabete hasi zuen SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak EI Manbij hiritik bidaltzeko erasoaldia, AEBen laguntzarekin. Alepo probintziaren iparraldean dago Manbij, Eufrates ibaiaren mendebaldean, EIk Turkiarekiko mugan kontrolatzen duen azken eremuan. Estrategikoki, berebiziko garrantzia du, muturreko talde islamista sunitak atzerriko boluntarioak eta hornigaiak jasotzeko bidetzat erabili baitu muga. Joan den astean SDFek lortu zuten Manbijen sartzea, eta, Kurdistango Firat agentziak jakinarazi duenez, atzo hiriaren erdigunean «karrikaz karrika» ari ziren borrokan.

Aurten Sirian jasandako bertze porrot handia Palmirakoa izan da. Iazko udaberrian konkistatu zuen basamortuan dagoen hiri historikoa, eta bederatzi hilabeteren buruan berreskuratu zuen armadak, Errusiaren laguntza erabakigarriarekin. Hain zuzen, Siriako gerrak azken urtebetean izan duen aldaketa nabarmenena izan da Errusia gatazkan sartzea. AEBen bertzelako estrategia batekin sartu zen Errusia gerran, eta Mendebaldeak gogor kritikatu du horregatik. Izan ere, AEBak eta haien koalizioa EIren aurka Sirian bonbardaketak egiten hasi ziren bertan bazkiderik eduki gabe. Baxar al-Assad Siriako presidenteari ez diote legitimitaterik aitortzen, eta bertze talde matxinoek —Mendebaldeak «oposizio moderatu» deitzen dituenak— armada dute etsai nagusi, eta ez dira eraginkorrak izan EIri aurre egiten. YPG miliziak dira AEBek topatu dituzten aliatu eraginkorrenak, baina haiei laguntzeko NATOko aliatu baten trabak topatu ditu Washingtonek: Turkiarenak.

Azken urte hauetan luze idatzi da Turkiak EIri mugan emandako laguntzaz kurduen milizien aurka jo zezan. EIk iaz Suruçen —Turkiaren menpeko Kurdistanen— ezkerreko boluntario batzuen aurka egindako atentatuaren ondotik berpiztu zen Turkiaren eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren arteko gerra. Mugatik hegoaldera, Ankarak YGPei luzaroan ezarri dien «marra gorria» izan da Eufrates ibaia mendebalderantz gurutzatzeko debekua. Duela hilabete, YPGen SDF koalizioak gurutzatu zuen Manbijera joateko, AEBekin erabateko koordinazioan, eta Turkiak ez du deus egin hori eragozteko. Joko diplomatiko konplikatu eta iluna bihurtu da Washington-Ankara harremana.

Errusiak, ordea, jarrera argiagoa izan du: betiko aliatua babesteko sartu zen gerran. Beraz, estatu bat eta armada bat ditu aliatutzat. Siriako Estatuak etsai bat baino gehiago ditu, ordea, eta Mendebaldeak Errusia kritikatu du ez delako zentratu etsai nagusia izango litzatekeen horretan; hau da, EIn. Gaurkoz, Palmirakoa da Siriako armadak Errusiaren laguntzarekin EIri eman dion kolpe gogorrena.

EIk aurten ez du gerraren ekinaldia berreskuratzeko zantzurik erakutsi Sirian. Alepo iparraldean bertze talde islamista sunita batzuk estutu ditu, baina SDFen Manbijeko erasoaldiak eragotzi dio irabazi handirik lortzea. Berriki, Palmiratik Raqqa probintziara aitzinatu zuten Siriako armadako indarrak erretiraraztea lortu du muturreko talde islamista sunitak. Oro har, bigarren urteurrena lurraldeak galduta eta defentsan bete du EIk, baina 2013an konkistatutako bi hiri nagusiak —Raqqa eta Deir ez-Zor— menpean ditu oraindik.

IRAK

Ramadi eta Falluja

Siriako anabasaren aldean, Irakeko egoerak argiagoa dirudi, EIren aurkakoak baitira gerra fronte bakarrak. EIk duela bi urte Mosul konkistatuta eman zuen kolpeak Irakeko Estatuaren ahuleziak bistaratu zituen, eta orain estatua azkarrago ageri bada ere, konpondu gabeko banaketa hori zamatzat du EIren aurkako borrokan. Azken urte eta erdian bi garaipen arrakastatsu izan ditu Irakeko armadak eta milizia xiitek osatutako indarrak: Ramadikoa abenduan, eta kalifa-herriaren bigarren urteurrena gainean zenean Fallujan lortutakoa.

Al-Anbar probintziako bi hiri nagusiak, beraz. Mosul bera baino lehenago konkistatu zituen EIk bi hiri horiek, 2014ko urtarrilean —Ramadi ez zuen erabat hartu, eta iazko maiatzean lortu zuen guztiz konkistatzea—. Mosul berreskuratzea da Irakeko Gobernuaren asmo nagusia, EIrentzat herio kolpea izanen dela uste baitu, baina Al-Anbarko bi hiriak lehenago hartzeak berebiziko garrantzia zuen: batetik, Bagdadetik hagitz gertu daudelako —100 kilometrora baino gutxiagora biak—, eta, bertzetik, Al-Anbarren biztanle gehien-gehienak arabiar sunitak direlako. Xiitek diskriminatzen zituztela kexu ziren arabiar sunitak, eta EIk protesta mugimendu horiek baliatu zituen Iraken indartzeko. Najm al-Juburi jeneralaren arabera, ordea, egoera aldatu da. «[EIko kideek] Galdu egin dute bertakoen babesa».

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, EIren aurkako gerran Irakeko 3,4 milioi herritarrek ihes egin behar izan dute etxetik, eta horietako %40k Al-Anbar probintzian. 2014ko erasoaldian, Irakeko lurraren heren ingurua hartu zuen EIk, baina, orain, Siriako mugako postuetan eta gero eta iparralderago erretirarazi dute. Hixam al-Haximi Irakeko Gobernuaren aholkulariaren arabera, EI sortu zuten 43 kideetatik 39 hil dituzte Sirian eta Iraken. Hilabeteak dira AEBak eta Irakeko Gobernua Mosul berreskuratzeko erasoaldia prestatzen hasi zirela. Hagitz operazio zaila izanen da, Kurdistango Eskualde Autonomoko indarren parte hartzea ere eskatuko duelako, eta Iranek jokatuko duen rola zehaztu beharko dutelako. Iraken etorkizuna definituko du Mosulgo erasoaldiak.

NAZIOARTEA

Frankiziak eta erasoak

EI sorlekuan eta erdigunean lurraldeak galtzen ari bada ere, nazioartean kezka iturri gehiago sortu dira muturreko talde islamista sunita horrekin. Libian eta Yemenen dute egoerarik kezkagarriena, gerra zibil nahasiak baliatuta azkartu baita herrialde horietan. Libian, Sirte hirian du erdigunea EIk, eta duela hiru aste haren aurkako erasoaldi bat hasia du NBEk babestutako gobernuaren eta zenbait miliziaren arteko aliantza batek.

Bertze herrialde anitzetan kezka berezia sortzen du herenegun Istanbulen gertatu gisako atentatuen arriskuak: Errusiako hegazkin baten aurkakoa Sinain (224 hildako), Pariskoak azaroan (130 hildako), Bruselakoak martxoan (32 hildako)... azken urtebeteko eraso sailaren adibide batzuk baino ez dira. EIren aurka inplikatutako agenteen eta muturreko taldea aztergai duten analisten artean eztabaidagai duten teoria bat da taldea Sirian eta Iraken ahuldu ahala halako eraso gehiago egiteko asmoa indartzen ari ote den. Bi urteren ondoren, kalifa-herria arrisku bizi da oraindik.

BERRIAn argitaratua (2016/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA