astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

bizigiro

LORENA GOIOGANA

«Euskal Herrian babesleku bat sortzea da nire intentzioa»

Iñaki Balerdi Toledo

«Euskal Herrian babesleku bat sortzea da nire intentzioa»

Birritan egon da Lorena Goiogana (Anoeta, Gipuzkoa, 1988) Madrilgo Wings of Heart babeslekuan boluntario gisa lanean; tratu txarrak jasandako animalientzako babeslekua da. Goioganak, hain zuzen, errefuxiatuentzako babesleku gisa definitzen du.

Zergatik sartu zinen boluntario?

Asko gustatzen zaizkit haien lan egiteko modua eta pentsamoldea. Gizakia ez den animalia bat eraman nuen Wings of Heart-era, eta hara joatea erabaki nuen, nire intentzioa Euskal Herri inguruan beste babesleku bat sortzea zelako.

Eta betetzeko bidean dago zure asmoa?

Hemen babeslekua egiteko bakarrik sentitu nintzen. Babes ekonomikoa lor dezakezu, baina oso gogorra da halako leku batean bakarrik lan egitea, eta, askotan, ezinezkoa. Egun guztia eskaintzen diozu gizakiak ez diren animaliak zaintzeari. Jendea ez dago prest pribilegio guztiak alde batera uzteko.

Zenbat denbora egon daiteke babeslekuan boluntario bat?

Hilabete batetik hiru hilabetera. Normalean, lau pertsona egoten dira 300dik gora animalia zaintzeko. Lehenengo hiru hilabeteak zailak izan ziren, nire ametsa zapalduta ikusi nuelako. Oraingoan, gustura egon naiz; bigarren etxetzat dut. Ez dut etekin ekonomikoagatik edo pertsonalki betetzeagatik egiten, gure erantzukizuna dira errefuxiatu horiek.

Animalia bat iristean, nola jarduten duzue?

Hasieran, bakartu egiten da animalia hori. Estresatuta etortzen da, eta, askotan, gaixorik. Mediku analisi bat egiten zaio, eta erakusten zaio gizaki guztiak ez direla gaiztoak. Hori ez da egun bateko gauza. Oso beldurtia bada, pazientzia handiagoa eduki beharko da. Tratu txarrak jasandako animaliek beti berreskuratzen dute gizakiarenganako konfiantza.

2014an, 120 animalia inguru salbatu zenituzten, eta, iaz, 100. Aurten, zifra txikitu egin da?

Ez, handituz doa, baina gero eta kontzientziatuago dago jendea. Mendian utzitako ardi bat ikustean, batzuek beste aldera begiratzen dute, baina beste askok badakite zer egin, gero eta babesleku gehiago daudelako.

Asto bat bidali zen Bastidatik (Araba). Euskal Herritik beste animaliarik iritsi da babeslekura?

Donostiako Angela ahuntza eta Gasteizko Haize zaldia daude han. Nik eraman nuen Angela. Uliako lursail batean zegoen. Hanka bat hautsia zuen, eta jabeak aizkora batekin moztu zion belaunetik behera. Orain, lasai bizi da han.

Urrutitik iristen dira animaliak Madrilgo babeslekura. Horrelako leku gehiago behar dira?

Babesleku gehiago behar dira, baita horietan lan egiteko jende gehiago ere. Boluntario joateko animatzen dut; sekulako esperientzia da.

Animaliak festetan erabiltzeko tradizioa dago Euskal Herrian.

Legeak dio festetan erabiltzen diren animaliak ezin direla ukitu, baina erabiltze hutsa tratu txarra da niretzat. Jende eta mozkor asko dagoen leku batean sartzen da bigantxa; pentsa zer izango litzatekeen bigantxa hori gizaki bat balitz. Leku batzuetan, aldapan behera bigantxak askatu beharrean bola erraldoiak botatzea lortu da. Kontua ez da festak ezabatzea, alternatibak eskaintzea baizik.

Zer rol jokatzen dute erakunde publikoek animalien tratu txarren inguruan?

Ez dut horrelako erakunde eta legeetan sinesten, baina baikorra da lege batek babestea. Babeslekuak etxalde gisa erregistratuta daude legedian, eta beharrezkoa da babesleku izendapena lortzea.

Nola lagundu dezake jendeak tratu txarrak jasan dituzten animalien egoera hobetzen?

Laguntza ekonomikoa beharrezkoa da beti, eta hedabideetan hedapena egitea ere garrantzitsua da kontzientziazio helburua lortzeko. Profil hau betetzen duena joan daiteke boluntario gisa: beganoa izatea, gaiarekin kontzientziatua egotea, lanerako gogotsu egotea...

BERRIAn argitaratua (2016/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA