astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

kirola

Korrikalarien iparrorratz

Unai Ugartemendia

Korrikalarien iparrorratz

Teorian, erraza da. Korrika egiteko oinetakoak jantzi, distantziaren eta eguraldiaren araberako materiala hartu, eta mendira, korrika egitera. Praktikan, ordea, ondo prestatzeko hainbat faktore neurtu eta kontrolatu behar dira: helburua, distantzia, intentsitatea, indartzeko lanak, elikadura, atsedena... Horiek guztiak planifikatzen dizkiete entrenatzaileek mendiko korrikalariei, irizpide zientifikoetan eta profesionaletan oinarrituta.

GALDERAK

1. Zer eskatzen dizu kirolariak?

2. Zer distantziatarako entrenamenduak nahi ditu?

3. Urte osorako edo denboraldi baterako?

4. Zer eskatzen diezue haiekin lan egiteko?

5. Osasuntsu iristen al dira zuengana?

6. Korrikalariak behar baino gehiago entrenatzen al dira? Astakeria handiak egiten al dituzte?

7. Elitekoen ohiturak eta irizpideak ispilutzat hartzen al dituzte?

8. Korrikalariren bat geldiarazi behar izan al duzue?

9. Zuekin hasi, eta jarraitzen al dute hurrengo urtean?

IÑAKI ARRATIBEL Kirol medikua eta prestatzaile fisikoa

«Asko kostatzen zaigu barneratzea atsedena beharrezkoa dela»

1

Lehenik eta behin, kirol medikuntzari dagokionez, esfortzuak egiteko arazorik ez dagoela ziurtatzea. Gainera, egoera fisikoaren jarraipena egitea ?odol analisiak, tratamenduak?, eta dietaren kontrola eta aholkularitza.

2

Guri denek ez dizkigute entrenamenduak eskatzen, batzuetan entrenatzaile propioa dutelako. Hala ere, eskatzen digutenek, distantzia guztietarako eskatzen digute. Gehienetan, maratoiaren inguruko distantziak izaten dira.

3

Jarraipena nahi izaten dute; hau da, urte osorako.

4

Lehenengo egunean jakin nahi izaten ditugu helburuak, bizimodua ?lana, familia...?, entrenatzeko aukerak eta orduak. Hortik aurrera, konfiantza eskatzen dut. Guregana etortzen bada, gugan konfiantza eduki behar du; bestela, alferrik da egin nahi den guztia.

5

Osasuna aipatzen denean, ez da beti gauza bera aipatzen: gauza bat da bihotzeko edo arnasteko arazoak edukitzea; bestea, berriz, medikuok asko kezkatzen gaituena, zer gertuko den etorkizunean belaunekin, aldakekin eta lokomozio aparatuaren beste zatiekin.

6

Gaur egun, egia da atleta gehienak, kirol askotan, behar baino gehiago entrenatzen direla, aintzat hartu gabe atsedena entrenamenduaren zati oso garrantzitsua dela. Asko kostatzen zaigu kirolariari buruan sartzea atsedena beharrezkoa dela sasoi batean emaitza jarraituak edukitzeko.

Niretzat, mediku gisa, osasuna da lehenengo kontzeptua. Horregatik, entrenamenduak inoiz ez dira iristen astakeriara, nahiz eta askotan entrenamenduak eta lasterketak oso gogorrak izan. Horrek ez du esan nahi astakeriak egiten ez direnik, baina ez nik kontrolatzen ditudan atleten artean. Horregatik, agian, atleta batzuek gurekin ez jarraitzea erabakitzen dute.

7

Bai, eta hori arazoa izaten da neurri handi batean. Eliteko kirolari batek, lanik egiten ez badu, modu ezberdinean kudeatzen du atsedenerako, entrenatzeko eta abarrerako denbora. Horrek bizimodu berezia duela esan nahi du. Gainerako kirolariak, zuzenean eliteko kirolarien entrenamenduak hartzen badituzte, gaizki egiten ari dira, entrenamenduaren testuinguru osotik zati bat besterik ez baitute hartzen.

8

Bai. Horretarako norberaren egoera fisikoa, analisiak, sentipenak eta abar aintzat hartu behar ditugu. Plan bat ondo dago, baina badaude tartean sartzen diren faktore asko, eta hori dena ondo kudeatu behar da.

9

Batzuek, gutxienez, bai. Beti eskertzen dira gomendio egokiak eta osasuntsuak.

URTZI GOITIA Prestatzaile fisikoa

«Korrikalari batzuk pultsometroaren esklabo bihurtu dira»

1

Prestakuntza fisikoa planifikatzeko. Jende asko ariketa taula baten bila dator, baina, galderak egiten hasten garenean ikuspegi zabal baten bila, gauzak osatzen hasten dira, eta, azkenean, izaera integraleko prestakuntza batera iristen gara normalean.

2

Mendi lasterketetan, gero eta distantzia luzeagoetarako joera handia dago. Seriotasunez eta plangintza batekin entrenatzen hasten direnetik, distantzia ezberdinetako lasterketak konbinatzen saiatzen naiz lehenengo lehiaketa urteetan; gero, denborarekin, distantzietara egokitzen eta eragiten. Halere, denborarekin, bilakaera biologikoak, batetik, eta erronka luzeagoetarako grinak, bestetik, oro har distantzia luzeagoetara eramaten gaitu.

3

Batzuek denboraldi tarte baterako eskatzen dute, proba jakin baterako, esaterako; baina, normalean, horrelakoak ez ditut hartzen. Urte osoko planteamendua eraginkorragoa da, hainbat faktore har ditzakezu aintzat eta; jakina, epe erdira edo luzera lortzen diren emaitzek ez daukate zerikusirik.

4

Hasteko, aurretik zer entrenamendu egin dituzten, zerbait egiten aritu badira; esfortzu proba bat, jarduerarako gai direla frogatzeaz gain jakiteko non dagoen kirolariaren atalase maila, han eragiteko, eta zeintzuk izan daitezkeen entrenamendu erritmo egokiak; eta, azkenik, aste arrunt batean jaten eta edaten duten guztiaren kontrol taula bat.

5

Osasuna eta goi mailako kirola elkarrengandik urrun egon daitezke tarteka. Jendea zaintzen saiatzen da, nahiz eta beti ez duen asmatzen bide egokia hartzen. Denetarik ikusi dut. Gaur egun, kirolari batzuk bizimodu eta elikadura makrobiotikoa baliatzen ari dira, eta oso emaitza onak lortzen ari gara.

6

Gehiegi baino gehiago, behar baino okerrago. Hainbatek ez daukate plangintzarik edo beraiei egokituta ez dauden plangintza generikoak erabiltzen dituzte, ez daukate saioen egituraketa zehatzik.

Astakeriak egiten dira, eta nolakoak! Beharrezko prestakuntzarik gabe erronka erraldoiak eginez, modu okerrean entrenatuz, ordenarik gabe... Ez pentsa, hala ere, planifikatutako lan guztia ondo egiten ari garenik. Korrikalari batzuk pultsometroaren esklabo bihurtu dira, eta utzi egin diote gorputzari entzuteari. Pultsometroak dioenari amen egiten diote; gorputzak esaten dienari, berriz, kasurik ez. Pultsometroa, GPSa, altimetroa, laktato scouterra... oso tresna interesgarriak dira, eta datu asko ematen dizkigute hobetzeko, baina norberaren gorputza entzutea bezalakorik ez dago.

7

Elitekoak ispilu dira, hemen eta nonahi; baina, hasieran horrela bada ere, denborarekin, norberak badaki berari zerk egiten dion mesede eta zerk kalte.

8

Normalean ultretako korrikalariak geldiarazi behar izaten dira, entrenamendu bolumen handirako joera izaten dutelako eta beti ez delako onuragarria entrenamendu bolumen handia egitea. Garai bakoitzak bere entrenamendu eskaerak dauzka. Era planifikatuan entrenatzen hasi eta gutxira barneratzen hasten dira dena ez dela mendian korrika orduak pasatzea bakarrik: beroketa behar dela, indar orokorra eta espezifikoa landu behar direla, entrenamenduaren atal nagusia errespetatu behar dela, lasaitasunera bueltatzeko prozesua zaindu behar dela, indarberritzea ere bai, eta, jakina, jaten eta edaten duguna zaindu behar dugula.

9

Normalean, guztiek errepikatzen dute; lehiarako grinari eusten dioten bitartean, behintzat.

JOKIN LIZEAGA Korrikalaria eta prestatzaile fisikoa

«Oso ohikoa da korrikalariek neke handiegia pilatzea»

1

Entrenamendu plangintza eskean datorren jende gehienaren helburua errendimendua igotzea izaten da.

2

Nire eskuetan dauden mendi lasterkari gehienak euskal selekziokoak direnez, maratoi arteko distantzian aritzen dira. Hala ere, badut ultrak prestatzen dituen lasterkariren bat edo beste.

3

Gehienek urte osorako.

4

Lagundu ahal izatea izaten da lehen premisa; gero, lortu nahi dituen helburuekin bat natorren hartzen dut aintzat lagundu edo ez erabakitzeko.

5

Osasuntsu egotea zer den jakitea ez da erraza askotan. Esango nuke kirol osasuntsua dela mendian lasterka egitea, baina osasunetik urruntzen da errendimendua helburu edo obsesio bihurtzen denean. Nire nahia beti izaten da kirolariari argi eta garbi ulertaraztea sortzen ari zaizkion kalteak. Kirolari batzuei laguntzeari utzi diot, osasunetik urrundu direlako.

6

Ez naiz ausartzen mendi lasterkariek gehiegi entrenatzen dutela esatera, baina ausartuko nintzateke neke handiegia pilatzea oso ohikoa dela esatera. Horren arrazoiak asko izan daitezke, baina gehiago lotuko nuke atseden faltarekin. Mendi lasterkariak asko entrenatzen dira, entrenamenduak lanarekin eta familiarekin uztartu behar dituzte, eta, beraz, atseden gutxi hartzen dute.

Astakeria handiak egiten dira, bai, baina esango nuke euskal izaerarekin bat doala astakeriak egitearena.

7

Esango nuke elite ia bakarra daukagula mendi lasterketetan, eta hori Kilian Jornet da. Hark esandakoak eta egindakoak izugarriak direnez, norberak egiten dituenak hutsaren hurrengo gisa ikusten ditugu lasterkari gehienok. Baina euskal mendi lasterkari gehienak izugarri entrenatzen dira; kasu askotan, norberari komeni baino gehiago. Negu gorrian zortzi orduz lan egin ondoren kopetako argiarekin mendian 2-3 ordu egiteak Jorneten sei orduko eski entrenamendu batek baino karga edo neke handiagoa eragin dezake.

8

Esango nuke gehienak geldiarazi behar izan ditudala. Gehiago ez da beti hobeto. Bizitza honetan, gauza guztiekin bezala, neurria hartzea da gakoa. Plazer gehienekin bezala, zail da neurria hartzea.

9

Gehienek errepikatzen dute.

NEREA MARTINEZ Korrikalaria eta prestatzaile fisikoa

«Hau denbora-pasa bat da, ez estresa sortzeko beste lan bat»

1

Gehienek prestakuntza hobetzeko kontratatzen gaituzte; bakoitza bere mailan eta distantzian, baina denek garatu egin nahi dute kirolari gisa. Distantzia luzeetarako prestakuntza eskatzen dutenek elikaduraren kudeaketan ere laguntza nahi izaten dute.

2

Gehienek distantzia luzeetarako prestakuntza eskatzen didate.

3

Korrikalari gehienek urte asko daramatzate nirekin, baina baditut hilabete batzuetan erronka bereziren bat prestatu nahi dutenak. Horietako batzuek prestakuntza berari jarraitzen diote hurrengo urteetan, beste erronka baterako.

4

Informazio orokorra ?datu pertsonalak, kirol bizitza, ordutegiaren malgutasuna, helburuak...?, mediku azterketa, konpromisoa eta eguneroko komunikazioa.

5

Denetik dago, baina jendearekin lan egiteko oinarrizko baldintza da osasuntsu egotea, entrenamendu plan bati jarraitu nahi badiote, behintzat.

6

Denetik dago. Batzuk, haien atzetik ibili ezean, gehiago entrenatuko lirateke; beste batzuekin, berriz, beti atzetik ibili behar duzu zerbait egin dezaten. Badira denbora gutxi dutenak, eta ahalik eta ondoen baliatzen saiatzen direnak. Pertsona bakoitza eta haren egoera mundu bat dira.

Astakeriak baino gehiago, nik ikusten dudana zera da: okerrak egiten direla erronken planteamenduetan, objektibotasun faltagatik. Ultra bat prestatzeko denbora gutxi dutenean, lan estresagarria dutenean, familia... askotan, hainbesteko tentsioa sortzen diote beren buruari, zaila izaten da jakiten ea benetan halako ahaleginak merezi duen ala ez. Hau denbora-pasa bat da, ez estresa sortzeko beste lan bat.

7

Bai. Korrikalari asko saiatzen dira elitekoek egiten dutena egiten, aintzat hartu gabe beren bizimodua oso urrun dagoela elitekoengandik.

8

Bai, behin baino gehiagotan. Modan jarri da mendian korrika egitea, are gehiago distantzia luzeetan. Askotan, galdu egiten dute perspektiba; ahaztu egiten zaie atseden hartzea ere. Emaitzek gozatzetik aldendu gaitzakete, eta horrek arazo asko sortzen ditu.

9

Gehienek urte asko daramatzate nirekin; beste asko, ordea, helburua lortuz gero, hurrengo urtean bueltan izaten dira.

BERRIAn argitaratua (2016/06/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA