astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

bizigiro

ITSASNE GALLASTEGI

«Estresa ez da txarra, ondo kudeatzen jakinez gero»

Ainara Arratibel Gascon

«Estresa ez da txarra, ondo kudeatzen jakinez gero»

«Norbere buruarekin bakean egotea». Hala definitu du zoriontasuna Itsasne Gallastegik (Elorrio, Bizkaia, 1985), buruko gaixotasunak dituzten pertsonekin lan egiten duen Agifes elkarteko psikologoak. Zoriontasun hori lortzeko errezeta eman du: gutxienez, ordu erdi eskaintzea egunero bakoitzaren sentimenduei eta emozioei. Horretan laguntzen du mindfulness (kontzientzia osoa) teknikak. Gallastegik hitzaldia eman du horri buruz.

Mindfulness-aren oinarrietako bat da oraina bizitzea. Zergatik da horren zaila hori egitea?

Gure emozioak eta pentsamenduak intoxikatuta daude iraganeko istorioekin edo etorkizunean izan ditzakegunekin. Baina momentuko pentsamenduei eta emozioei eman beharko genieke garrantzia; horiek bizi behar ditugu, hausnartu eta behar bezala kudeatzen jakin. Egunero hartu behar dugu tarte bat horretarako, ordu erdi bada ere.

Nola egin daiteke hori presaz bizi den mundu honetan?

Borondate eta kontzientzia kontua da. Ez da teknika askorik jakin behar mindfulness informala egiteko. Arnasketa teknikak jakin behar dira, eta kontzientzia unean uneko horretan jarri.

Yoga eta lasaitzeko tekniken antzekoa da, beraz?

Baditu antzekotasunak, gure emozioekin konektatzen ahalegintzen baita. Horretan jartzen da arreta guztia, beste pentsamendu eta sentimendu guztiak alboan utzita. Hori lantzeko hainbat teknika daude. Nik, adibidez, asko erabiltzen dut frutarena. Fruta bat hartu, eta jarrera kurioso eta libre batekin hura aztertzen hastean datza: usaindu, ukitu, dastatu... gainontzeko guztia ahaztuz. Bestea da arretaz egiten den azterketa. Leku lasai bat hartu, eta norbera nola dagoen aztertzen da. Emozio horiek irtenarazten dira, epaitu gabe. Gero ikusten da zerk eragiten dituen.

Zenbat denbora behar da hori ikasteko?

Pertsona bakoitzak landu behar duen zerbait denez, ez dago denbora zehatzik. Batzuek berehala ulertzen dute kontzeptua, eta segituan topatzen dituzte beren pentsamenduen eta emozioen inguruan hausnartzen laguntzen dieten gauzak eta momentuak. Egia da modu formalagoan egin nahi izanez gero denbora asko behar dela. Baina, modu ez-formalean eginez gero, sinplea da. Bakoitzak topa dezake jarduera edo une hori: korrika egin, irakurri, musika entzun...

Estresari aurre egiteko da mindfulness-a. Posible da estresik gabeko bizimodu bat?

Estresa beti dago; denek dugu estres maila bat. Berez, ez da txarra. Ondo dago tentsio puntu bat edukitzea, baina kalte egiten ez badu gure une horiek topatzerakoan. Ondo kudeatzen badugu, estresa ez da txarra. Dena den, egia da egungo bizimodua azkarregi doala.

Jendea ez al da ari horretaz konturatzen eta eguneroko azkartasun horren aurrean balazta sakatzen?

Bai. Balazta apur bat sakatzean, konturatzen gara denbora atera dezakegula guretzat, gure emozioekin eta sentsazioekin hitz egiteko. Pixkanaka, ikusten dugu horrek gure bizimodua hobetzen duela. Jendea gero eta gehiago kezkatzen ari da bere buruko osasunagatik.

Zoriontsuago izango ginateke hausnarketa horri denbora gehiago eskainita?

Nik zoriontasuna geure buruarekin lasai eta bakean egotearekin lotzen dut. Denbora eskaintzen badiegu gure sentimendu eta emozioei, ongizate hori lortuko dugu.

Haur asko ere estresatuta daude. Gizartea ez ote da gauzak gaizki egiten ari?

Gurasoek beren seme-alabengan proiektatzen dute eguneroko zurrunbiloa, eta, kasu askotan, oso denbora gutxi hartzen dute haiei eskaintzeko. Denbora eskaini behar diegu, haiekin egon, jolastu, entzun, egon, disfrutatu. Baina, esan bezala, abiadura handiegian goaz, eta beti gaude egin behar dugunean pentsatzen, egiten ari garenean baino gehiago. Hor dago arazoa.

Epe luzera, estresak eragin dezake buruko gaixotasun bat?

Berez, ez. Baina estresak eragin dezake genetikoki halako gaixotasun bat izateko duzun joera azkartzea.

BERRIAn argitaratua (2016/06/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA