astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

ekonomia

KARTELA, LEHIA ITXURAKO TRANPA

Joxerra Senar

KARTELA, LEHIA ITXURAKO TRANPA

Bineta ezaguna da. Jaka soinean, kapela luzea buruan eta elkarri helduz, bost gizonek aho batez diote: «Guztiok batera herrialde honetako altzairu guztia ekoizten dugu, eta elkarri lehia egiteari utzi diogu. Gu gara kartel bat». Kartel ekonomiko baten XX. mende hasierako irudi klasikoa da, baina, ehun urte geroago, iruditeria kolektiboan txilabek eta turbanteek ordezkatu dituzte jaka beltzak. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak petrolio merkatuaren %40 inguru kontrolatzen du, eta produkzioaren bidez prezioak baldintzatzeko gaitasuna du oraindik. Haatik, ez dago hain urrun joan beharrik, debekatuta egonagatik, uste baino ohikoagoak baitira.

Otsailaren 9an, Lehiaren Euskal Agintaritzak zortzi enpresari 18 milioi euroko isuna ezarri zien, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetarako jangelen adjudikazio kontratuak elkarren artean banatzeagatik. Agintaritzak frogatutzat eman zuen hamar urtez elkarren artean hitzartzen zutela lehiaketara nor aurkeztu. Hamar urteotan Hezkuntza Sailak 854 milioi euro gastatu zituen jangelen kontratazioan. Praktika atzeman, eta hurrengo urtean zerbitzuan zazpi milioi euroko aurrezpena egin du administrazioak.

Ez da kasu bakarra. Kartelak sektore eta toki guztietan egon daitezke, eta enpresa txiki zein handiak egon daitezke tartean. Kartelen inguruko xehetasunak azaldu ditu Maria Pilar Canedok, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak.

ZER DIRA KARTELAK?

Enpresen arteko isilpeko akordio bat da, merkatu jakin bat elkarren artean banatzeko. «Orotariko kartelak daude. Batzuetan, produkzioak zehazten dira, edo merkatua euren artean banatzen dute, zuk Nafarroan sal dezazun eta nik Gipuzkoan eta beste hark Bizkaian adibidez. Dena den, kaltegarriena prezioen ezarpena da», azaldu du Canedok.

NORI EGITEN DIOTE KALTE?

Lehenik, lehiari. Azken finean, lehiak prezioak merkatzera edo produktu zein zerbitzu hobea eskaintzera bultzatzen ditu enpresak. «Lehiakideei kalte egiten zaie edo merkatu batean sartu nahi dutenei, akordioak galarazi egiten baitie lehiatzea», azpimarratu du. «Dena den, kaltetu nagusia erabiltzailea da, eta, ondorioz, gizartea», nabarmendu du.

ZER BESTE EZAUGARRI DITUZTE?

Zenbaitetan, akordioa izenpetu dutenek oztopoak jartzen dizkiete euren nagusitasuna kolokan jarri nahi dutenei. «Operadore batzuk zerbitzu jakin bat eskain dezakete, baina ezin dute, oztopoak topatzen dituztelako. Hori gertatzen da, adibidez, lanbide elkargoekin», zehaztu du Canedok.

Hala, Lehiaren Euskal Agintaritzak azken urteetan zenbait ebazpen baditu hainbat lanbide elkargoren aurka (hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako Prokuradoreak, Bizkaiko aparejadoreak, EAEko biologoak?). Ikertutako kasu horietan, zerbitzu jakin bat ezartzeko kuota bat ordaintzera behartzen zitzaien elkargoko kide ez zirenei, edo lanbide horretako zerrendatan sartzeko baldintzak gogortzen ziren kideen mesedetan: «Elkargoek bikain funtzionatu dute orain arte, baina ebazpen asko ditugu elkargoen aurka, Europako Batasuneko zerbitzuen zuzentaraua aldatu egiten delako, eta orain arte gure sisteman ohikoak ziren lan moldeak zalantzan jartzen ditu. Horiek aldatzea kosta egiten da».

ETA ELKARLAN AKORDIOAK KARTELAK DIRA?

Ez du zertan. Sinergiak, klusterrak eta, oro har, enpresen arteko elkarlan akordioak interesgarriak dira ekonomiarentzat. «Berez, akordioak debekatuta daude, baldin eta merkatuko lehia erabat ixten ez badute edo onurak ez badira enpresen arten soilik geratzen. Klusterrek sinergiak eragiten badituzte, prezioak jaisten badira edo berrikuntzak aurrera egiten badu, ez dugu esku hartzen, eragin oso positiboak dituelako». Argi du zein den kotoiaren proba: «Kartelek inoiz ez dute ondorio onik gizartearentzat».

NOIZ HARTU ZIREN AURKAKO LEHEN NEURRIAK?

1890ean, Estatu Batuetan kartelen aurkako lehen legea ezarri zen. Europako Batasunak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ezarri zituen lehiaren aurkako lehen araudi garrantzitsuak, eta, batez ere, 1990eko hamarkadatik aurrera eman dio Europako Batzordeak bultzada politikoa lehiaren zaintzari. Hogei urteotan isun garrantzitsuak ezarri dira.

ZER FUNTZIO DUTE LEHIA AGINTARITZEK?

Batetik, lehiaren defentsa. Zigor prozedura administratiboak ezarri ohi dituzte. «Erakunde administratiboa gara eta prozedurek 18 hilabete iraun ohi dituzte». Talde batek ikerketa juridikoa eta ekonomikoa egiten du, eta, proposamen bat landu ostean, kontseilu batek aztertu eta azken ebazpena lantzen du. Behin ebazpena kaleratuta, epaitegietan helegitea jar daiteke: «Epaitegiek guri ez digute orain arte ebazpenik atzera bota», nabarmendu du. Bestetik, administrazioaren araudietan nola kontratazioan lehia bermatzen den gainbegiratzen dute. «Gobernuaren, aldundien eta udalen arau juridiko ororen disfuntzioak aztertzen ditugu. Legediaz gain, kontratazio publikoa ere aztertu ohi dugu: adjudikazioaren baldintzak, lizitazioak...».

NOLA BANATZEN DUTE ZAINTZA?

Enpresen arteko akordioak Arabari, Bizkairi edo Gipuzkoari soilik eragiten badio ikerketa Lehiaren Euskal Agintaritzak hartuko du, eta, Nafarroaren kasuan, Nafarroako agintaritzak. Kartelaren eragina erkidego batetik harago badoa, CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak ikertuko du. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Frantziako agintaritzak aztertzen du han zentralizatuta baitago lehiaren defentsa. Europaren kasuan, kartelak hainbat herrialderi eragiten badie, Europako Batzordeak estatuetako agintaritzen arteko elkarlana sustatzen du, baina eragina hiru estatutik haragokoa bada, Bruselak hartzen du auzia bere gain.

NOIZ ESKU HARTZEN DUTE?

Hiru bidetatik ekiten dio ikerketari lehia agintaritza batek. Lehenik, salaketa bidez. «Kaltetu batek salaketa jartzen du, eta, lehia legedia urratu den zantzurik ikusiz gero, prozedura irekitzen da. Salaketa jarri duenaren izena formalki agertzen da espedientean», aipatu du Canedok. Bigarrenik, ofizioz esku har dezake. «Askotan prozedura bati ekin diogu egunkarian agertutako zerbaitegatik». Beste batzuetan, kaltetu batek salaketa helarazten die, baina anonimotasuna gorde nahi du. «Merkatu nahiko itxiak dira. Horregatik, pairatzen duten egoeraren berri ematen digute pertsonek baina oso ohikoa da izenik agertu nahi ez izatea». Hirugarrenik, erruki prozedurak daude.

ZER DIRA ERRUKI PROZEDURAK?

Kartel batean parte hartu zuen enpresa batek hitzarmenaren berri ematen du. «Modu bitxia da erruki prozedura. Partaide batek ondorioztatzen du jarrera hori gerarazi behar duela, eta lehia agintaritzarekin jartzen da harremanetan, praktika hori amaitu dezan. Isuna ordaindu gabe geratzen da baina beste partaideak zigortzen dira. Gainerako partaideen artean, agintaritzak ez zuen informazio gehigarria emanez gero, isun murrizketak ezar daitezke. Hau da, etortzen den lehenak ez du isunik ordaintzen, eta gainerakoak, ordena batean doaz».

ERRAZA AL DA KARTEL BAT ANTZEMATEA?

Ez. Akordioak isilpekoak dira, eta enpresek ez dute frogarik uzten. «Kasu ia gehienetan akordio bat egon den jarrerak aztertu ohi ditugu, eta zantzuak bilatzen ditugu. Enpresek badakite legez kanpo jokatu ohi dutela, ez dute akordiorik sinatzen, hitzezko akordioak dira». Canedok gaineratu duenez, maiz akordioak oso konplexuak dira, eta elkarlanaren atzean ezkutatzen dira: «Elkartasunaren aterkipean enpresek eurentzako soilik etekinak bilatzen dituzte. Inportantea da horri buruz jabetzea».

Agintaritzek botere bereziak dituzte egoera horiei aurre egiteko. «Legeak, gehienetan epailearen aginduz, ahalbidetu egiten digu enpresen ordenagailuetan arakatzea eta aktetan begiratzea, eta, hala eta guziz ere, oso zaila da atzematea», dio Canedok. Zenbat eta enpresa handiagoak, orduan eta sofistikatuagoak dira kartelak.

Adibidez, duela bi urte CNMCk zazpi enpresa zigortu zituen 1996tik 2010era bitartean obra zibilari lotutako kontratuak banatzeagatik. Ikerketak jakin zuenez, elkarri bidalitako mezuetan, golf partidak, futbol liga, handicap, txapelketa hitzak erabilita, euren arteko partidak antolatu ordez, kartela antolatzen zuten: «Zuzendari baten ordenagailuan sar zaitezke, eta hori irakurri, baina ez zara jabetzen zer den. Enpresa batek CNMCri jakinarazi ziolako jakin ahal izan zen» Horregatik erruki prozedurak interesgarriak dira agintaritzentzat.

ZERGATIK ESKATU OHI DA ERRUKI PROZEDURA?

Canedoren esanetan, karteletan harremana ez da orekatua eta horrek eramaten ditu partaide batzuk azkenean egoera salatzera: «Enpresa sendoek euren baldintzak ezartzen dituzte eta merkatuan parte hartu nahi baduzu edo horiek onartzen dituzu edo ez dizute bizitzen uzten». Horregatik, kartelek eurek desabantailak izan ohi dituzte partaide batzuentzat eta arautu gabeko harreman bat denez, ez dute modurik egoera bideratzeko. «Enpresa horiek jabetzen direnean ondorio larriak dituela agintaritzara jotzen dute. Beste batzuetan, enpresek jabez aldatzen dute eta berriak ez du nahi izaten kartelean jarraitzea, dena delako arrazoiengatik», azaldu du Canedok.

ZER-NOLAKO ISUNAK JARRI OHI DIRA?

Handiak dira, eta enpresa baten urteko fakturazioaren %10 ere izan daitezke. «Hala ere, eztabaida dago praktika horiek eragozteko bezain handiak ote diren», nabarmendu du Maria Pilar Canedok.

Izan ere, EBk zein estatuek urtero prozedura ugari ireki arren, kopuruak «oso handia» da oraindik. Baita Euskal Herrian ere. «Zoritxarrez, pentsatzen dena baino ohikoagoak dira». Dena den, herrialde batzuak neurriak gogortzen ari dira. Alemaniak, adibidez, erabaki du kontratazio publikoan eragina duten kartelen aurka zigor arloko neurriak hartzea. Espainian, enpresei ez ezik, zuzendariei ere isunak ezartzen hasi da CNMC.

Euskal Agintaritzaren kasuan, baliabideak indartzeko beharra azpimarratu du Canedok: «Txiki geratu gara. Gure tamainarentzat konpondu ditugun kasuak gehiegi dira».

BERRIAn argitaratua (2016/06/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA