astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

iritzia

Goazen popatik hartzera!

Xabi Aizpurua Ugarte

Goazen popatik hartzera! Xabi Aizpurua Ugarte

Mito handiak elikatzeko erdi-gezurrezko kontuak adina behar izaten dira egia zatiak ere. Eta LGTBI jendearen exilioaren mitoak ere bietatik izango du segur aski. Baina, berbera izan al da denen ixtoria? Ba ez, denena ez, baina askorena izan da. Eta idatzi dira liburuak, eta egin dira filmak, eta sortu da nolabaiteko mitologia gure herrietatik Londresera, Bartzelonara edo Parisera «alde egin behar izan» zuten maritxu, lesbiana eta transbintersexualekin, hemengo estuasunetik libre bizi nahi zutenak aipatutako guztiak. Orduko gizarte itxi, kontserbadore eta moralki itogarriak ez zeukan tarterik gu bezalako jendilajearentzat. Eta ihes egin behar izan zuten, zilborresteak ezinbestean etenaz: familiarena, lagunena, lankideena... Sexilioa, badakizue. Arakatzen hasiz gero, nork ez du topatuko horrelako kasuren bat herrian. Baina, ordukotik gaurkora jauzi eginda, orain ba al dago erbesteratze sexualik Euskal Herrian? Berdin al dio Baztangoa edo Bilbokoa izan? Gure sexu praktikek zenbaterainoko pisua dute bizilekua hautatzerakoan? Leku aldaketa horien atzean benetako hautu librea al dago? Galderak erantzunen bila dabiltza.

Duela 30-40 urteko erantzunak kolore bakarrekoak izango ziren gehienetan, apaizen sotanak bezala, gizartearen balioak ere berdinduagoak zeudelako orduan. Gaur egun, ordea, askotariko egoerak topatu daitezke, baita baserri giroko herri txikienetan ere. Zorionez. Orain dela 16 urte, hiru ziento biztanleko jaioterria utzi eta Bilbora ikastera joateko erabakia hartu nuenean, ez dakit zenbateko pisua izango zuen nire gaytasunak, seguru asko orduan uste nuena baino handiagoa. Baina alderik ba al dago orain 18 urte dituzten herrikide ostadarzaleekiko? Gurasoekin sexualitateaz hitz egiteko ohitura sanoagoak al dituzte? Kuadrillakoek ba al dakite euren laguna ez dela heteroarauan kabitzen? Eta hala bada, kuadrillakoak zenbateraino saiatzen dira bidea errazten sexu aukera hori hezurmamitu dadin? Erantzunen bila dabiltza galderak.

Izan ere, diskurtsoaren eta praktikaren arteko aldea handia dela iruditzen zait. Beharbada, lehen baino handiagoa. Orain, erretolika publikoan homofobia isilpekoagoa da eta plaza irabazten ari da askatasun sexualaren mezua. Alabaina, aniztasunaren alde dagoela esaten dizun jende horixe bera da alabari honezkero nobioren bat izango duela esaten diona, edota elkarrizketa petralkeriaz errematatzeko norbait popatik hartzera bidaltzen duena. Alegia, gure muturren aurrean heteroaraua praktikatzen digu sexu aniztasunaren alde egotetik alde ekitera pasatzen ez den jende horrek. Eta zer esango dizuet ba, askotan alde egiteko gogoa ematen duela horrelako inguru batek. Ondorioz, lesbiana gisa aritzeko, trans nortasunei bide emateko, edo heterosexuala ez den desio bat gorpuzteko bidea geuk bakarrik egin behar izaten dugu askotan. Gehiegitan.

Lagunek, akaso, armairutik irteteko indarra bildu baduzu, konfort eta babes eremua emango dizute; baina, sexualitatearen eta maitasunaren formula kimiko berriak norberak bilatu behar izaten ditu ia beti. Non? Ba, herrietako giro feministetan, gune alternatiboetan, lagun kuadrilla berriak eginez hiriburuetan... Ai, hiriburuak! Zergatik joan hara? Ba gutxieneko naturaltasun batekin ligatu ahal izateko (aukeratzeko, probatzeko, ikusteko, maixiatzeko...) oso esker onekoa delako ugaritasuna. Euskararekin bezala gertatzen da. Inguruan ez badaukazu euskaldunik, ezingo duzu euskara praktikatu, ez bada zeure buruarekin bakarrizketan. Bada, armairu kanpoan heterosexualitatea soilik badaukazu, transmarikabollo arnasguneak probestea besterik ez zaizu geratuko. Eta heterook jakin ezazue hau dena dramarik gabe dagigula, jakina: pentsatuz gerta daitekeela geure herrian egunero kafea hartzen dugun tabernan, ttak!, hantxe aurkitzea arima eta gerripea esploratuko dizkigun norbait. Noizbait. Itxaropenak ere kolore berdea omen du, ezta? Berdekeriak, beti, gureak.

Eta holaxe bizi gara, kanpotik normaltasunaren berniz kapa baten distirarekin, eta barrutik gutxiengo absolutuan. Horregatik gertatzen dira gure gaztetxeetako komunetan eraso homofoboak. Eta Aitor ez da ausartzen bere kuadrillakoei naturaltasunez mutilzalea dela esaten. Eta Amaia irakasle aurrerakoiak ez dio bere goxalagun emeari muxurik emango kalean, badaezpada, ikasleak-eta badakizu. Eta afaltzera elkarrekin joateko, norbere herrian baino hobeto albokoan. Eta abar. Horrelakoak egunero gertatzen dira. Baina kontrako asko eta asko ere bai, zorionez, eta LGTBI jendea normaltasuna eraikitzen ari gara egunero sisteman arrakalak sortuz. Beraz, garai bateko sexterru hura nolabait formaz aldatu dela esan genezake. Izan ere, Goenkale-n Jon Kepa agertu zenetik hau beste kontu bat da.

Hala ere, onar dezagun: armairutik irtetea ez da doakoa gaurko Euskal Herri honetan. Mr. Señorak dioen bezala (Oier Guillanen azken maistra-lana, zorionak!): Armairuko atea zabaltzerakoan bi aukera daude, zeuk begirada kanpora zuzentzea, edo besteek zuri begiratzea. Begiratzen dudana naiz, edo begiratzen dutena? Ni lehenbizikoaren alde. Zuzen begiratu behar diegu. Nagusiki, ahalduntze bidea da LGTBI jendea askatzen duena eta, ildo horretan, sekulako poza sentitzen dut hiriburuetatik kanpo ekimen berriak sortzen direnean (azkenetakoak, Goierriko Zubia edota Plaentxiko Marikontxi Eguna, bejondeizuela!).

Ahalduntze bide horretan karta guztiak erabiltzearen aldekoa naiz, gainera: pertsonala eta kolektiboa, seriotasuna eta arinkeria, ostadarra eta xingola beltza, trikitixa eta kunbia, errespetua eta lotsagabetasuna, herri txiki zein infernu handi. Heteroarauan bizi direnek ikusi nahi ez dutenari presentzia emanez. Jendarte gisa gozatu behar dugun kalejira alai honetarako gonbita entzunaraziz. Sexual Herria bihurtu, Euskal Gerri Askea aldarrikatzeraino. Zergatik gutxiago? Nora joan nahi dugun geuk erabakitzen dugu plazerezko bidaia honetan. Eta norbere gorputzeko zuloak besteen sarleku bihurtzeak umiltasuna ematen dionez pertsonari, umiltasunean harro, goazen popatik hartzera!

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA