astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

bizigiro

Itsua itsumutil

Edu Lartzanguren

Itsua itsumutil

Benetako kasu beldurgarriak kontatzen hasi da psikologoa: irudia hobetzeko gomendioen bila joan da emakume bat aholkulari batengana. Emakumeari «ispiluan bere burua maite behar duela» esan dio hark, konturatu gabe jaten duena botaka egiten duela emakumeak, eta bizitza arriskuan duela. Beste bat: heriotzarekin obsesioa duen mutil bati bizitzaren zikloa ikastera mendira joateko esan dio aholkulariak. «Eta mutilari, mendian bost egun bakarturik eman ondoren, obsesioak izugarri areagotu zaizkio, bere burua zauritu arte». Azkenik: kasketak dituen haurraren gurasoei besteen okerrak onartzen ikasi behar dutela esan die ikasketa prozesuez ezer ez dakien aholkulariak.

Modako joera bihurtu da coaching-a. Jendeari aholkatzea da, erabakitzen edo ideiak argitzen laguntzeko eta euren indarguneak aurkitzeko. Baina David Pulido psikologoaren arabera, sasi-zientzia arriskutsua da. «Kasu errealak dira kontatutakoak, eta utzikeria profesional larriak lirateke, arauak baleude», esan du. Salatu duenez, halako aholkularitzarekin «zigorgabetasun osoa dago gaizki aholkatzeko edo norbaiten osasuna arrisku larrian jartzeko».

Aferaren muina zertan datzan erakutsi nahi du Jesus Hernandez Aristuk: «Hitz bat besterik ez da coaching, eta horrek arazo handi bat dakar: edonork erabil dezake, azaldu gabe nola ulertzen duen». Aholkularitza mota horren aitzindaria izan da Aristu Euskal Herrian. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko saileko irakaslea izan zen, erretiroa hartu arte. Alemanian berriki argitaraturiko Coaching und Gesellschaft liburuan (Coaching-a eta gizartea) atal bat eskaini dio teknika horren inguruko alde ilunari, besteak beste.

Kirolean hasi zen erabiltzen coaching hitza. Izan ere, ingelesez, coach esaten diote talde baten edo kirolari baten entrenatzaileari. Hitza asko zabaldu zen 1970eko hamarkadan, Harvardeko (AEB) Unibertsitateko tenis taldeko buru Timothy Gallwey horren inguruan idazten hasi zenean. The Inner Game saileko liburuak saldoka saldu zituen. Ideia itsaskor bat erabili zuen Gallweyk: «Zure etsairik handiena ez da zure kontra jokatzen duena, baizik eta zu zeu». Coaching-aren mantra bilakatuko zen gero esaldia. Mendebaldean gutxi zabalduriko ideia da, baina asko Asian. Nork ez dio entzun ideia filmetako kung-fu irakasle tipikoari? Izan ere, Maharaj Ji guruaren jarraitzailea izan zen Gallwey.

Enpresaburuen artean asko zabaldu ziren coaching-aren ideiak. Enpresaburua eta lantaldeen arduradunak langileen entrenatzaile gisa ulertzea proposatu zuten. Enpresa bat, azken batean, lehia latzean irabazi nahi duen talde bat da, ezta?

Bada, hor hasi zen ideia kamusten. Ondo funtzionatu zuen langileak eta enpresaburuak interes bera zutenean, baina, gatazkak sortu bezain pronto, talde bakoitzak bere interesen alde egiten zuen. «Hor konturatu ziren coaching-arena ez zela horren erabilgarria enpresaburuekin», azaldu du Aristuk.

Mundu osora zabaldu da. Entrenatzaileak daude gurasoentzat, seme-alabentzat, ezkongabeei bikotekidea aurkitzen laguntzeko, erosketak egitean aholkatzeko, norbere irudia hobetzeko, Euskal Herriari estatua lortzen laguntzeko... «Coach-ak daude denerako, eta ezertarako ez», esan du Aristuk. Legerik ez dagoenez, edonork dei diezaioke bere buruari coach.

Non dago osaba jakintsua?

Aristuk gogor jo du hori arazo guztiak konpontzeko formula gisa aurkezten dutenen aurka. «Denak ez du konponbiderik, eta pertsona guztiek ez dituzte ahalmen mugagabeak», esan du. Ideiaren arrakastak «kontrolik gabeko ekonomia» sortu duela salatu du. 1993. urtetik darama berak jendeari irakasten, eta gutxieneko trebakuntza bi urtekoa dela esan du.

Zergatik izan du arrakasta halako fenomeno batek? Hutsune bat betetzera heldu delako. «Lehen, Elizak, sindikatuek, alderdi politikoek edo familiako osaba aholkulari batek egiten zuten lana. Jendeak entzun egiten zien. Baina hori gizarte industriala zen, eta dagoeneko ez da gure gizartea». Tradizio gehienak erori direla esan du Aristuk, ez dagoela erreferentziazko pertsonarik bizitzeko eredu gisa funtziona dezakeenik. «Seme-alabei ere inork ezin die esan 'Egin itzazue gauzak horrela'. Inork ez daki ziur hori ote den gauzak egiteko modu zuzena».

Zeu izan, zuk ikusi, zeuk erabaki dira gaurko gizartean gehien entzuten diren leloetako batzuk. «Hau da, gizabanakoari erabakitzeko askatasuna uzten diote, baina, aldi berean, bakarrik uzten dute». Horregatik zabaldu da, Aristuren aburuz. Eta arriskutsua da, halako gizarteetan jendeak erraz jarraitzen baititu buruzagi autoritarioak. «Coach-a, aholkularia ere gizarte bereko kidea da, eta, bere bezeroak bezala, galduta dago, nora ezean eta ziurtasunik gabe». Aholkulariak oso adi begiratu behar dio bere prozesuari. Aristu bera bere lankideekin biltzen da, hilero, elkar aztertzeko, «gu geu nola gauden ikusteko».

Pulido psikologiaren inguruko mitoei buruzko liburua idazten ari da. Haren arabera, coaching-a sortu da psikologiak ez duelako jakin azaltzen zer diren arazo psikologikoak eta nola tratatu behar diren. Salatu duenez, zentzurik gabeko mugak ezarri dira patologikoaren eta eguneroko bizitzako arazoen artean. «Jendaurrean hitz egiteko arazoa duen pertsona bat kasu patologikoa da, edo ez?». Lanean edo gizartean horrek kalte egiten badio, hala hartzen da. «Seme-alaba nerabeak nola tratatu ez jakitea patologia da?». Psikologoaren arabera, ez du zentzurik halako bereizketak egiteak. Sendagile batek katarroak eta pneumoniak tratatu behar ditu, hau da, gaitz arinak zein larriak. Ez ditu gaixo arinak medikuntzako profesional ez den batengana bideratzen; besteak beste, gaitzak gaiztotu egin daitezkeelako. «Zergatik ez dugu berdin jokatzen psikologian?», galdetu du. «Hau ez da ikasten urtebeteko ikastaro batean. Badira abokatuak coaching-aren alorrera pasatzen direnak eta urtebetean zoriontsu izateko aholkuak ematen dabiltzanak, auskalo zertan oinarrituta: euren esperientzian edo autolaguntza liburu batean».

Horretan dabiltzan psikologoekin ez dago arriskurik, baina Pulidok «modako etiketa baten menpean erori izana» egotzi die, «ohiko terapiek balioko ez balute bezala». Duela hamarkada asko, kasu zehatz eta laburrak tratatzeari «aholkularitza psikologikoa» esaten zitzaion. «Orain, marketin ukitua eman diote, nahas-masa sortzeko osasun trebakuntza behar ez dutenei atea zabaltzeko».

Psikologoa eta 'coach'

Honezkero, irakurleak pentsatuko zuen profesional mota ezberdinen arteko ika-mika bat besterik ez dela, igeltseroen eta pladur instalatzaileen artekoa bezalakoa, edo taxilarien eta Uber gidarien artekoa bezalakoa. Hori baino konplexuagoa da, ordea. Hala erakusten du Izaskun Marañonen kasuak, esaterako. Psikologo klinikoa eta coach-a da. Elikaduraren nahasmenduen ?anorexia, bulimia...? inguruko tesia egin zuen, eta irakasle elkartua da EHUn. Bere kontsultan, berriz, coaching-eko «zenbait teknika» erabiltzen ditu, «patologiarik ez duen jendearekin» betiere. Bezeroari duen helburua lortzen laguntzen dio Marañonek, baina «pertsonaren osotasunean, haren balioekin eta desioekin lotuta». Hitz gutxitan esateko, benetan zer nahi duen aurkitzen laguntzen dio. «Everestera igo nahi duen jendea etorri izan zait, esaterako, eta laguntza eskatu dit helburua betetzeko. Baina, haren balioak aztertzen hasita, konturatu naiz pertsonak benetan askatasuna eta naturarekiko harremana besterik ez duela nahi». Orduan, benetan nahi duena eguneroko bizitzan lor dezakeela erakusten dio Marañonek, eta ez duela zertan Everestera igo. «Bitartekoak azken helburuekin nahasten ditugu».

Marañonek onartu egin du: psikologo ez direnek «muga batzuk» dituzte, «ez dutelako ondo bereizten zer den patologia». Hau da, ez dutela bereizten bezeroa noiz dagoen gaixo. «Zenbait coach ikastarotan ez da hori irakasten». Edonola ere, psikologoen artean praktika txarrak ere badirela nabarmendu du.

Hasteko, psikologoek etxeko lanak egin behar dituztela esan du: «Gure artean psikologo kliniko edo osasunaren psikologo izateagatik, joera desberdinekoa izateagatik eta abarrengatik dauzkagun desberdintasunak eta borrokak alde batera utzi beharko genituzke». Euren buruei galdetu beharko liekete zer dela-eta ez dakien oraindik gizarteak zein den psikologoen lana eta lan esparrua. «Agian hori erantzun eta garbi esateko gai garenean jendeak guregana joko baitu edozein sufrimenduren aurrean ?patologikoa izan beharrik gabe?. Ez dugu etsaia kanpoan bilatu behar: gu geu gara gure areriorik bortitzenak, gure borroken eta errespetu falten ondorioz».

Behin etxea txukunduta, has daiteke ulertzen coaching-a «emozionalki osasuntsu dauden pertsonak beren errendimendua eta ongizatea hobetzen laguntzea helburu duen teknika multzo gisa». Nork erabil dezake coaching-a? Marañonek esan duenez, psikologo trebakuntza duenak «erraztasun eta abilezia gehiago» edukiko ditu osasuntsu ez dauden pertsonak identifikatu eta beste profesional batzuengana bideratu ahal izateko ?psikiatra edo psikologo klinikoengana?, gizakiengan gertatzen diren prozesuak sakonago ezagutzen dituelako eta psikopatologia ezagutzen duelako.

Ez dago osaba aholkularirik. Gaurko familiak ama, aita eta seme-alabak dira. Ez dago sarerik. Itsuak itsumutil dabiltza? «Oso galduta gaude gizartean, oro har, eta hasieratik, hau da, haurrekin egiten ari garenetik. Gauza bagina konexio emozional handiagoa lantzeko seme-alabekin, gauzak hobeto joango lirateke». Baina, horretarako, kalitatezko denbora eskaini beharko liekete. «Familian prebentzio lana egin ahal izateko, lehenbizi, helduok geure burua aztertu beharko genuke. Bestela, hau erreproduzitu egingo da, eta okerrera joango da. Biolentzia eta kontraesanak handituko dira». Baina, noski, coaching-az harago doa hori.

'Coach' bat Euskal Herriari

Mirari Bereziartuak kritikaren tesi nagusia ukatu du: «Ez dut uste gizarte hau beste batzuk baino galduago dabilenik». Bizitzaren zikloan «etengabe biziberritzeko prozesuan gaude», eta, tarteka, gelditu egin behar da balio ez duena garbitzeko eta balio duena gordetzeko. «Garai honi dagozkion zailtasunak ditugu, eta horiei modu argian aurre egiten ikasi behar dugu, etengabe». Coach-a galduta ibiliko balitz ere horrek ez lukeela garrantzirik uste du, «coach-a ez baita erreferentzia edo protagonista». Bereziartua pedagogoa da, berez, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) ikastolako zuzendaria izan zen. Psikologiaren eta pedagogiaren arteko lehia ere bizi izan zuela esan du, eta oraindik argitu gabe dagoela zein den bakoitzaren eremua.

Harago joan izan da Bereziartua coaching-aren munduan: Euskal Herriaren estatugintzarako ere erabiltzea proposatu izan du. «Botere guztiek oso argi izan dute beti gizarte bat menpean izateko hoberena hark bere burua objektu gisa ikustea dela, eta ez subjektu gisa». Euskal Herri burujabe bat nahi badut, hori herritar burujabeekin bakarrik egin daiteke, ez jarraitzaileekin». Coaching-aren printzipioetako bat da pertsonak eta taldeak subjektutzat hartzea. «Bizitzako alor guztietarako balio du horrek. Printzipioak denerako balio ez badizu, tranpa egiten ari zara», adierazi du.

Coaching-a bertan gelditzeko heldu dela esan du Bereziartuak. Bere eremua zein den erabakitzea eta halako «burokrazia» arazoak «elgorria bezalakoak dira», gaztetako gaitz bat, pasatu beharrekoa.

Etorkizunean bi aukera daude, Aristuren arabera: coaching-a galduko den moda bat izango da, eta bakarrik ondo egiten dutenak geratuko dira merkatuan. Izan ere, modak zapuztu egiten du jendea. «Coach-ak ez dizu bizitza konponduko: ezin diozu erantzukizuna hari pasatu», adierazi du. «Lehen ere, Jainkoan sinesteak ez zizun bizitza konpontzen; sinesteaz gain, lan egin behar zenuen». Coaching-a baliokoa izan edo sasi-zientzia izan, onartu egin behar da: horrek aholku ona ematen du.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA