astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

gizartea

FERNANDO PALACIOS

«Zabalgarbiren inguruko elikagaiak ez dira jateko modukoak»

Iñaki Petxarroman

«Zabalgarbiren inguruko elikagaiak ez dira jateko modukoak»

Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikerlaria da Fernando Palacios, eta gertu-gertutik kasu egiten die ingurumenarekin eta kutsadurarekin zerikusia duten gaiei. Zabalgarbiren inguruan metatzen ari den kutsadura ikertzen duen txostenaz galdu dio BERRIAk.

Zabalgarbi ireki zutenetik hirukoiztu eta laukoiztu egin da inguruko landareen artseniko kantitatea. Zer iruditzen zaizu?

Instalazioaren eraikuntzaren eta funtzionamenduaren inguruan, aurreikuspena falta izan da. Izan ere, eraiki aurretik kontuan hartu beharko zuten aspalditik jakinekoa den gauza bat: hiri hondakinen erraustegiek substantzia arriskutsuak isurtzen dituztela inguruan. Hain zuzen ere, artsenikoari buruz, duela hiru hamarkadatatik dakigu sortzen dela, honako hauek erretzean: hiri hondakinak, araztegietako lohiak, egur tratatuak, larru eta ehun hondakinak, ospitaleetako, nekazaritzako eta pintura fabrikazioko materialak.

Jakina da Zabalgarbin material horiek errausten ari direla?

Artsenikoa erabiltzen da pigmentu, koloragarri, anilina, zeramika, osagai elektroniko solido, botika, intsektizida, errodentizida eta herbizidetan, besteak beste. Produktu horietako batzuk errausten dira Zabalgarbin, ingurumen baimen bateratua berritu zutenean —2011n— eman zuten ebazpenean irakur daitekeenez.

Pertsonentzat arriskurik ez dela dio Jaurlaritzak. Ados al zaude?

Artsenikoaren eraginpean egoteak arazo neurologiko, kardiobaskular, dermatologikoak eta minbiziak eragiten ditu: azalean eta biriketan, bereziki. Horrez gain, diabetes eta hemolisia ere sortzen ditu. Bide batez, artsenikoa ez da Zabalgarbiren inguruan pilatzen ari den substantzia arriskutsu bakarra. 3,4 eta 5 ikerketa guneetan, zeinetan Zabalgarbiren txostenak aitortzen duen ez dagoela kutsadura eragiten duen beste instalaziorik, berun kontzentrazio handiak daude lurrean (3 eta 5), baita nikela (4), manganesoa (4 eta 5), kromoa (3), kobrea (5), kadmioa (3) eta merkurioa ere (5). Landareetan ere kobrea pilatzen ari da. Beruna, kromoa, kadmioa eta merkurioa oso arriskutsuak dira, gaixotasun neurologikoak eta minbizia eragiten baitute.

Datuak ikusita, jateko modukoak dira inguru horretako barazki eta bestelako elikagaiak?

Substantzia horiek landareetan pilatzearen ondorioz, erraustegiaren eremuko lurretan landatutako elikagaiak ez dira jateko modukoak. Abereek ere ez lukete inguruan bazkatu behar. Eta ez bakarrik artsenikoaren metaketa handiagatik, baizik eta erraustegien inguruan sortzen diren substantzia guztiengatik. Kontuan eduki behar da horietako asko material berrien errausketan sortzen direla eta oraindik ez daudela aurreikusita isurketa kantitateak erregulatzen dituzten arauetan.

Ondoriozta daiteke arriskua dagoela elikagai katean sartzeko?

Arriskua bada, bai pertsonentzat eta bai animalientzat, eta ez bakarrik elikagai katearen bidez: uraren eta arnasketaren bidez ere bai. Belgikan egin eta 2003an argitaratutako ikerketa batek frogatu zuen lotuta dagoela landa eremuetako erraustegitik gertu bizitzea eta bertako behien haragia eta hegaztiak kontsumitzea. Halaber, ikerketa bat baino gehiago daude erakusten dutenak Europako erraustegi modernoen ondoan bizi diren herritarren artean handitu egiten dela hainbat patologiaren presentzia.

Jaurlaritzak eta Zabalgarbik diote balitekeela artsenikoak sorburu batzuk izatea errauste plantatik at. Zer iritzi duzu?

Haiek egindako txostenean aipatzen dira hiru gune ez daudenak beste kutsadura iturri batzuen eraginpean, eta haietan ere handitu egin da substantzien presentzia hamar urte hauetan. Edozein kasutan, plantaren isurketen metodoa osatu egin behar da, zeren eta erraustegiek finantzatutako ikerketa gehienek antzeko ondorioak aipatzen baitituzte, alegia, balizko beste kutsatzaile batzuk daudela inguruan eta ezin dela lotu topatutako kutsadura erraustegien jarduerarekin.

Ba al dago modurik kutsaduraren jatorria zehazteko?

Hain zuzen ere, argitalpen zientifiko zenbaitetan beste jarraipen teknika batzuk hasi dira erabiltzen: esate baterako, metalen arteko ratioen analisia. Hondakin mota bakoitzak ratio jakin batzuk ditu, eta hori da teknika horren oinarria. Hala, ratio horien bidez, jakin daiteke ea ikerketa gune bakoitzean topatutako kutsadura erraustegian sortua den edo beste nonbait.

Kutsadura landareen laginetan jasotzen ari dira, lurraren laginetan baino nabarmenago. Horrek larritasuna kentzen al dio esku artean dugun kasu honi?

Neurketak airean, lurrean, uretan, sedimentuetan eta landareetan egin behar dira, eta ikerketa estazio gehiago behar dira. Airearen partikula eta substantzia organiko lurrunkorrak ez dira neurtzen ari. Metalen arteko ratioak erabiltzeak aukera emango luke airean jarraipen bat egiteko, erraustegiaren kutsadura nola zabaltzen ari den jakiteko. Behin zabaltze bideak jakinda, substantzia lurrunkorren kutsadura ikertzen hasi beharko litzateke. Aldi berean, kontuan hartu behar da zer landaretza motatan neurtzen den kutsadura.

Azal dezakezu hori?

New Jerseyko erraustegi baten inguruan egin eta 1994an argitaratutako ikerketa batek detektatu zuen merkurio kutsadura handiagoa zegoela goroldioan urteko gramineoetan baino. Aldi berean, New Jerseyn eginiko eta 2007an argitaratutako beste ikerketa baten arabera, artseniko gehiago pilatzen da zuhaitzaren azalean hostoetan baino. Datu horiek iradokitzen dute osoagoa izan daitekeela neurtzea metal astunen metaketa landare iraunkorragoetan, urteko landareetan baino.

Zer egin beharko litzateke orain?

Hemendik aurrera, artsenikoaren gisako substantzia arriskutsuen hazkundeak urtetik urtera jarraitzen badu, instalazioa itxi egin beharko litzateke. Erresuma Batuko Medikuntza Ekologikoaren Erakundearen ustez, erraustegien inguruko minbizi kasu gehienak plantak martxan jarri eta hamalau urtera izaten dira.

BERRIAn argitaratua (2016/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA