astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

mundua

Otsoek ate bat bota dute

Iker Aranburu

Otsoek ate bat bota dute Iker Aranburu

Europan inork sinistu nahi ez zuena aukeratu dute britainiarrek. Lehen aldiz ia 60 urteko historian, Europako Batasunak kide bat galduko du, eta ez irabazi. Dibortzio luze eta korapilotsu baten hasiera bat da, ondorio politiko eta ekonomiko handiak izango dituen prozesu bat, ez soilik Erresuma Batuan, baina baita Europako Batasunean ere. Eta ondorio horiek, gaur gaurkoz, ez dute itxura onik.

Hiru galtzaile ditu brexit-ak, eta lehenengoa apustu etxeak dira, Erresuma Batu osoan non-nahi dauden horiek. Denek, salbuespenik gabe, dirua remain-en alde jarri zuten, zentzuzkoena hori zelako. Zentzuzkoena zen moduan Leicesterrek Premier League-a irabaztearen aurkako apustuak egitea. Baina zentzuak ez du leku handirik emozioak gailentzen direnean, eta are gutxiago hautesleek elite politiko eta ekonomikoei zartakoa emateko gogoa dutenean, adituen iragarpenak erdeinuz hartzen direnean, «kasta» direlako.

Bigarren galtzailea Erresuma Batua bera izango da. Epe motzean kolpe ekonomiko handia jasango duela brexit-aren aldekoek ere onartzen dute. Iragarritakoa betez gero, diruaren ihesak bankuak ahulduko ditu, bankuen ahultasunak maileguak eta inbertsioak gutxituko ditu, kontsumoa eroriko da, jarduera ekonomikoa moteldu eta langabezia handitu. Ezaguna, ezta? Libera hasi da hondoratzen, eta hori arazo handia da industria asko galdu ondoren gutxi esportatu eta asko inportatzen duen herrialde batentzat, batez ere esan berri dienean bere bazkide nagusiei ez duela haiekin talde berean jokatu nahi.

Aldaketa gutxi

Epe erdirako ondorioak EBrekiko dibortzioaren baldintzen araberakoak izango dira. Baina horretan adostasuna ere handia da: on baino kalte egingo dio.

Eta shock hori guztia zertarako? Bruselaren esku utzitako edo EBko beste kideekin partekatutako subiranotasun pixka bat berreskuratzearen truke. Subiranotasun hori berriro utzi beharko du EBko merkatu libreari eutsi nahi badio, eta orain brexit zaleek sobran ikusten dituzten etorkin poloniar horiek antzera sartuko dira. Poloniarrei bidea trabatzea aukeratuz gero, EBrekiko harremanak merkataritza itun batek arautuko ditu; luze jotzen duen prozesua eta ez da merkatu bakar bat bezain erraza.

Okerrena da badakigula nork galtzen duen gehien krisiak sortzen direnean: apalenek, globalizazioaren ondorioz baztertuta sentitzen zirelako saldoka brexit-a hautatu duten Ingalaterra iparraldeko langile klaseek.

Baina galtzaile nagusia Europako Batasuna bera da. Jada ez da beti aurrera egingo duen proiektu bat. Sartzeko atea ez ezik, irtetekoa ere baduen etxe bat da. Otso askok batera putz eginez gero hautsi daitekeen etxe bat. Otsoak baitira —botoei erreparatuta behintzat—, Europa batuago baten aurkari sutsuenak, iparretik hegora, ekialdetik mendebaldera hedatzen ari den eskuin muturra. Kolore edo hizkuntza desberdineko etsaiak bukatzen zaizkienean, auzoen artean bilatuko dituztenak, EB sortzearen arrazoi nagusia kolokan jartzeraino. EBk, porrot eta erdizkako lorpen batzuren artean, garaipen nagusi bat lortu baitu: hamaika mende elkarri gerra eginez igaro zuen kontinente bat (oro har) baketzea, etsai amorratuak zirenak adiskide edo behintzat bazkide bihurtzea.

Galtzaileak bai, baina irabazlerik izan al da? Letra txikiko irabazleak agian, ingelesez Little Englander deitutakoak, uhartea uharteago egin nahi duten Farageren moduko xenofoboak, eta haren adiskide Marine Le Pen, Gert Wilders eta enparauak.

Paradoxikoki irabazleen artean daude guztien artean eurozaleenak, independentista eskoziarrak. Iazko erreferendumaren porrota ekarri zuten zulo nagusia —zein diru erabiliko lukeen Eskozia independente batek— ez dute oraindik estali, baina bere baitara bildutako Ingalaterrarekin hausteko arrazoiez bete dira. Irlanda iparraldean ere egoera kaskar bat uhartearen batasuna bultzatzeko saiatuko dira errepublikanoak, baina epe laburrera zenbakiek ez diete ematen.

Nola heldu gara hona?

Erreferenduma egiteak berak eta are gehiago haren emaitzak agerian uzten dute EB ez dagoela bere unerik goxoenean. Zergatik? Bakoitzak bere arrazoiak izan ditzake, baina gutxi batzuk besterik ez aipatzearren hona lau: krisi ekonomikoa luzatu eta larritu duen politika bat bultzatu du; Grezia esku batekin lagundu du, eta bestearekin gehiago ito; bere lurraldera gerratik ihesi etorri diren milioika errefuxiatuei ateak itxi dizkie; eta kontrol demokratikoei ihes egiten dien urruneko egituraren irudia ezin du gainetik kendu.

Koktel horri gehitu behar zaio Mendebalde osora hedatu den arrazoi bat: globalizazioaren krisia. Globalizazioa munduaren erdigunea Atlantikotik Pazifikora mugitzen ari da, eta prozesu horrek galtzaile bat sortu du: ekialderantz doan industriari lotutako langile klasea. Telebistak, zapatak eta ordenagailuak merkeagoak direla orain Txinan egiten dituztelako? Ados, baina soldata txukuna ematen zuten lanpostuak gutxitu dira, eta ordezkatzen ari dira zerbitzuetako lanpostu prekarioagoekin.

Ogibidea ez ezik, hari lotutako nortasuna ere zailtzen ari da globalizazioa. Brexit-aren indarrak ongi erakusten duenez, barrura biltzeko gogoa zabaltzen ari da; onerako izan daiteke —komunitate sendoagoak osatzeko bada, esaterako—, baina, ez gaitezen engaina, arazo guztiak kanpotik datozenei leporatzeko tentazio arriskutsu batekin dator.

BERRIAn argitaratua (2016/06/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA