astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

bizigiro

Aldaketarik ez peñetan

Iker Tubia

Aldaketarik ez peñetan

Aldaketaren urteurrenean, aldaketa gutxi sanferminetako peñen pankartetan. Joseba Asiron alkatea hamaika bider ikus badaiteke ere, ez da kritika eta hitz txarrik EH Bildukoarentzat. Are, oraindik ere, egurra lehengoek jasotzen dute. Hala, UPNko Enrique Maia eta Javier Esparzaren, eta Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren karikaturak dira nagusi oihaletan. Memoria historikoa, ETBk Nafarroan emititzeko duen debekua, euskarari egindako erasoak, adierazpen askatasuna, errefuxiatuak, emakumeen aurkako indarkeria eta Osasuna futbol taldea dira aurtengo gai nagusiak.

Iaz agur esan zion Yolanda Barcinak sanferminetako pankartei, baina aurten bada harekin gogoratu denik: Sanduzelai eta Armonia Txantreana peñak. Nafarroako lehendakari berria, baina, oharkabean igaro da aurtengo oihaletan. Uxue Barkos behin baizik ez da ageri: Aldapa peñak aurkezturiko marrazkian; arazo bat dagoela oihukatzen du kontrol dorretik, King-Kong itxurako Esparzak ETBren antena bahitu bitartean.

Aurpegi berriak ere badira aurtengo pankartetan: Aranzadiko zinegotziak. Armando Cuenca Spiderman jantzirik ageri da pankarta askotan. Iaz, Batasunaren Pribilegioaren Eguneko prozesioan ez zuen udalbatzak ekitaldi horietan daraman jantzia eraman nahi izan, eta Spidermanen kamiseta bat jantzi zuen horren ordez. Zeresan handia eman zuen aferak gerora. Laura Berro zinegotzia ere ikus liteke pankarta batzuetan: aulkiari eutsiz edo Asironen zigorra jasotzen. Parte hartu zuen Yoar elkarteari diru laguntza emateko bozketan, nahiz eta haren ahizpa elkartekoa izan, eta, hala, udaleko arauak ez zituen bete. Haren dimisioa eskatu zuen oposizioak.

Borroka feministak eta eraso sexisten aurkako mezuek apaindu dituzte pankarta gehienak. Hala eta guztiz ere, berdintasunean iazko datuen parean jarraitzen dute marrazkiek. Pankartetan ageri diren pertsonen %38 baizik ez dira emakumeak. Euskara ere behin eta berriro ikus litekeen gaia da, batik bat, Iruñeko bi haur eskola euskaldun berrien aferarekin nagusiki, baina baita ETBk emititzeko duen debekuarekin, eta Euskaraz bizi nahi dut dioten mezuekin. Baina euskara ez da nagusi oihaletan. Peña bakarrak egin du marrazkia euskara hutsez: La Unicak. Asisko Urmeneta marrazkilariaren lana eramanen dute oihalean. Bestalde, El Txarko, Iruñeko Algara eta Oberena peñek hitz bat ere ez dute euskaraz idatziko beren pankartetan.

Adierazpen askatasunari dagokionez, Burlatatik Euskal Herri osora hedatu zen murala agertuko da peña askoren oihaletan; Tortura hitza gorriz ezabaturik duena, alegia. Horma irudi hori marrazteagatik hainbat lagun atxilotu zituzten Nafarroan, poliziak iraindu zituztela leporatuta. Memoria historikoaren gaiari heldu dioten peña gehienek Askatasunaren plaza izan dute hizpide, eta bada urrutirago joan eta Erorien Monumentua botatzeko eskakizuna egiten duenik.

Osasuna futbol taldearen igoerari tokia eman diote peña anitzek. Zaila izan zuten gorritxoek, baina lortu zuten Espainiako Lehen Mailara igarotzea. Horretarako, aurten berpiztu duten maskota erabili dute marrazkilari gehienek: Gorritxo. Osasunaren zorra eta taldearen inguruko auziak, baina, desagertu egin dira oihaletatik. Ez hori bakarrik, UPN oposiziora igaro dela eta, CAN auzia anekdota baizik ez da peñen oihalen artean. Hala ere, baten batek heldu dio ustelkeriaren gaiari.

Sare sozialetan gehien zabaldu den marrazkietako bat Orozena izan da. Asiron Gargantua bihurtu du, eta haur erdaldunak gordinik jan eta euskaldundurik ateratzen ditu ipurtzulotik. Maia eta apaiz bat ageri dira asaldaturik, horregatik eta mezara joaten ez delako. Irrintzi peñak dantzatuko du oihal hori. Beraz, aurten, Iruñeko aferak dira nagusi, nahiz eta baden nazioarteko gai bat, errepikatzen dena: errefuxiatuena.

Atzo egin zuten marrazkien prentsa aurreko aurkezpena, baina margoturiko oihalak larunbatean aterako dira lehenbizikoz karrikara. Izan ere, Peñen Eguna ospatuko dute. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte egun osorako, baina bereziena pankartak zabaltzeko unea izanen da. San Frantzisko plazan eginen dute hori, 20:00etan. Horren ondoren, oihalak peñetan bildu, eta sanferminak arte ez dituzte berriz ere aterako.

Sanferminetarako prest

Astebete baizik ez da falta sanferminak hasteko, eta Iruñeko Peñen Federazioak dena prest du. Hala, Iruñeko bestetarako egitasmoak aurkeztu dituzte dagoeneko. Ez hori bakarrik, eraso sexistei erantzuteko protokolo «berezi» bat ere prestatu dute Bilgune Feministarekin batera. Itzi Gartzes peñen ordezkariak eman du horren berri: «Espero dugu erabili behar ez izatea, baina prest dago».

Horrekin batera, uztailaren 4an eraso sexisten aurka eginen den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei. Udaletxe plazan izanen da, 20:30ean. Kalera ateratzeko deia egitearekin batera, eraso sexistak gaitzetsi ditu Gartzesek, eta haien aurka lan egiten duten talde eta elkarteei babesa adierazi die peñen izenean. Iaz, lau sexu eraso salatu zituzten sanferminetan.

Bestetako programazioari dagokionez, jaia eta aldarrikapenak, biak uztartuko dituzte peñek. Aldarrikapenei dagokionez, bi egun markatu dituzte gorriz: uztailaren 8a eta 9a. Lehenbizikoan, omenaldia eginen diote German Rodriguezi, poliziak hil zueneko urteurrenean. Zezen plazan, txarangak isilik egonen dira lehenbiziko zezena hil arte, eta plazatik ere musikarik gabe aterako dira. Gero, monolitora joan, eta, han, ohar bat irakurriko dute.

Uztailaren 9an, dagoeneko tradizio bihurtu den kalejira izanen da, San Frantziskotik zezen plazara bitarte. Peña guziek elkarrekin eginen dute bidea, eta aurtengo gaia errefuxiatuak izanen dira. «Immigrazioaren aurkako Europako politiken aurrean gaitzespena adierazi nahi dugu, eta errefuxiatuenganako babesa azaleratu», azaldu du Gartzesek.

Gainerako jarduerek aisialdiarekin dute lotura. Uztailaren 13an, txikien eguna eginen dute, eta hainbat jarduera antolatu dituzte haientzat. Azpimarratzekoa da eguerdian argazkia eginen dutela peñetako haur eta gaztetxoek Iruñeko erraldoiekin batera. Egun horretako jarduerez gainera, uztailaren 8an eta 11n entzierro txikiak eginen dituzte Santo Domingo aldapan. Bestalde, erremonte txapelketa ere antolatu dute peñek. Uharteko (Nafarroa) Euskal Jai pilotalekuan izanen da, uztailaren 6an, 7an eta 9an. Gainera, uztailaren 13an, erakustaldiak eginen dituzte Labrit frontoian.

Sanferminetako hondarreko jarduera uztailaren 14an eginen dute: Gaixoa ni. Urtero bezala, Gazteluko plazan elkartuko dira peñak bestei agur esateko. Suziriak ere botatzen dituzte egun horretan, eta, aurten, Oberena peñak izanen du horren ardura, 75. urteurrena duelako.

Iruñeko Peñen Federazioak, beraz, dena prest du astebete barru, txupinazoarekin batera, sanferminetan murgiltzeko. Igo dituzte eskailera guziak. Azkenekoa uztailaren 7koa da.

BERRIAn argitaratua (2016/06/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA