astekaria 2016/07/01
arrowItzuli

ekonomia

JONATHAN PORTES

«Kanpoan hotz handia egingo du, bai, baina horixe bozkatu dugu»

Jon Fernandez

«Kanpoan hotz handia egingo du, bai, baina horixe bozkatu dugu»

«Kolpea jasota moduan dago jendea, eta ez daki hemendik aurrera zer espero behar duen». Bera ere halaxe dago, emaitzak sinetsi ezinda bezala, eta nabari zaio haserre puntu bat ere. Gordon Brown lehen ministro laboristaren ekonomia aholkularia izan zen Jonathan Portes, eta NIESR Ikerketa Ekonomiko eta Sozialen Institutu Nazionaleko zuzendaria da. Erreferendumaren biharamuna egun historikoa bezain aztoratua dela dio, eta ez daukala denbora gehiegi telefonoz berba egiteko, kazetari ugari dituela elkarrizketa eskean. Aitorpen bat ere egin du, galdera askori erantzun bat ematea oso zail zaiola: «Galdera asko, egia esateko, ezin ditut erantzun. Ziurgabetasun handia dago, inork ez zuen espero hau, eta ez gaude prestatuta». Hala ere, ahalegindu da galderei izkin ez egiten.

Ekonomistek eta politikariek kanpainan brexit-ari buruz egindako iragarpen beltzak beteko al dira? Iragarritako apokalipsi antzeko hori dator orain?

Ekonomistek jarduera ekonomikoaren hondoratzea iragarri dute, libera esterlinaren debaluazioa, eta inflazioaren igoera. Baina hori ez da apokalipsia, ez dago arrazoirik iragarpen horiek aldatzeko. Brexit-arekiko berehalako erreakzioek, liberaren kasuan esaterako, erakutsi dute iragarritakoa betetzen ari dela. Garai politiko eta ekonomiko oso inportantea da hau, baina uste dut ez genukeela apokalipsiaz berbarik egin behar.

Ingalaterrako Bankuak berehala egin ditu jendaurreko adierazpenak, esanez beharrezkoak diren neurri gehigarriak hartzeko prest dagoela. Zer neurri izan daitezke horiek?

Neure buruari egiten ari naizen galdera da hori, eta Ingalaterrako Bankua ez da batere zehatza izan adierazpenak egiteko orduan. Uste dut egin behar duena bankuei eta bankuen arteko merkatuari likidezia ziurtatzea dela. Ingalaterrako Bankuak ezin du geratu liberaren erorialdia, bankuak ezin du gehiegi eragin burtsetan, ez behintzat modu zuzenean. Baina finantza sistemaren izoztea geraraz dezake, ziurtatuta likidezia nahikoa badagoela merkatuan. Ziurrenik, horixe egingo du Ingalaterrako Bankuak. Horrek ez du esan nahi gorabehera handiak saihestuko direnik; bereziki, burtsetan eta dibisen merkatuetan.

Europako Batasunaren amaiera da hau? Tuskek esan duen bezala, 27en Europak batuta jarraitu nahi badu, zelan berrasmatu behar du EBk bere burua?

Oso kontu garrantzitsua da, baina, oraintxe bertan, egia esan, ez dakigu zelan erantzungo duten EBko beste kideek. Baina uste dut eurentzat oso garrantzitsua dela erakustea izurik gabeko erantzun bat emateko gai direla. Erakutsi behar dute batasun handi bat dagoela, eta ez dutela kontroletik ateratzen lagako. Eta, unea iristen denean, integrazio handiagorako pausoak eman beharko dituzte. Gaur ez da hori iragartzeko eguna, baina aurrerago argitu beharko dute zer asmo daukaten

Errazagoa izango da integraziorako pausoak ematea Europako klubean, Erresuma Baturik barik?

Ez dakit. Dakidana da orain arte oso zaila izan dela norabide horretan aurrera egitea. Aurrerantzean ere ez da erraza izango, baina uste dut hain zuzen ere zailtasun horrek garrantzitsuago egiten duela integrazio handiagorako beharra.

Erresuma Batuko etorkizun politikoa astindu du brexit-aren garaipenak, eta baita alderdi kontserbadorearen gobernagarritasuna ere. Boris Johnson ikusten duzu Londres eta Bruselaren arteko negoziazioak gidatzen brexit-a bideratzeko?

Egia esan, ez du imajinatzen. Aukeraketa bat egingo dute alderdi kontserbadorean; Johnson da faboritoa, baina ez da hautagai bakarra izango. Aldi berean, Cameronek iragarri du datozen hiru hilabeteetan gobernuak ez duela erabaki garrantzitsurik hartuko; ez, behintzat, Johnson eta halako jendearen onarpenik gabe. Datozen hiru hilabeteak oso-oso nahasiak eta korapilatsuak izango dira.

EBtik irten denik ez da izan orain arte. Groenlandia atera zen, Danimarkatik bereizi ostean, baina kasu berezia izan zen. Orduan, hiru urteko negoziazioak izan ziren, eta badirudi antzeko negoziazio tartea izango dutela orain ere. Zeintzuk izango dira negoziazio gai nagusiak eta korapilatsuenak?

Erresuma Batuarentzat, EBrekin izan beharreko merkataritza eta ekonomia harreman berriak zehaztea da konturik garrantzitsuena. Bigarren gai inportanteena da argitzea Erresuma Batuan bizi diren europako herritarren egoera eta EBko beste herrialde batzuetan bizi diren britainiarrena.

Brexit-ak irabazi du, baina merkataritza harreman estua du Erresuma Batuak kontinentearekin. Etorkizunean EBtik kanpo egon arren, merkatu batasun barruan jarraituko du, adibidez, Norvegiak bezala?

Egiazki, ez da egongo Norvegiaren eta EBren harremanaren antzekorik guretzat. Bozketa egin da irteteko; hau da, Norvegiako edo Suitzako harremanen antzeko edozer mahaitik kanpo dago. Out is out, alegia, Tuskek eta Junckerrek esan bezala: kanpora goaz, ez gara Norvegia izango.

Ez al du hotz egingo merkatu batasunetik kanpo?

Ikusiko dugu zer dagoen kanpoan.

Ezinezkoa da EBrekin dituzuen merkataritza harremanak moztea edo erabat ordezkatzea. Zelan kudeatu dira merkataritza harreman berriak?

Bueno, ongi etorria izango da edozein merkataritza laguntza. Guretzat ez da aukera bat merkataritza harremanik ez izatea, jarraituko dugu negozioetan Europarekin. Egongo da merkataritza akordioren bat, baina horrek ez du mugimendu askatasunik ekarriko, eta ez dugu orain daukagun sarbide berdinik izango merkatu bakarrera, Norvegiak eta Suitzak daukaten bezala. Egia da, hotz handia egingo du kanpoan, baina horixe bozkatu dute britainiarrek.

EBrentzat ere kalte ekonomikoak aurreikusi dira. Zelan erantzun beharko die Bruselak Londresen irteerak eragindako albo kalteei?

Lehenago esan dudan bezala, EBk aurrerantzean Erresuma Baturik gabe hartu beharko ditu erabakiak. Politikoki eta ekonomikoki integrazio handiagoa egin beharko dute eurogunean. Ez dute erraz izango, baina ez daukate beste alternatiba errealik.

Galdeketak eragindako lurrikara politikora bueltatuz: brexit-ak ez du irabazi Eskozia europazalean. Zertan geratzen da Eskozia?

Arazo oso konplikatua izango da Eskoziarena.

Independentziarako beste erreferendum bat egongo da Eskozian?

Egon daiteke. Ez tarte batez, baina egon daiteke etorkizunean.

Eta Ipar Irlandan, zer?

Ez naiz aditua Ipar Irlandan, baina han ere egoera oso konplikatua eta nahasia izango da aurrerantzean.

BERRIAn argitaratua (2016/06/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA