astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

mundua

Abenduko jokaleku bertsuan

Kristina Berasain

Abenduko jokaleku bertsuan

Abenduko jokaleku politiko bertsuan dago ekainean Espainia. Sorpasso hitza izan da kanpainan etengabe entzun eta esan den hitza, baina, azkenean, ez da sorpasso-rik izan. Eserleku batzuk gorabehera, abenduaren 20ko emaitzen parekoak izan dira; argazkia, hortaz, ez da askorik aldatu sei hilabeteren buruan; ez, bederen, alderdien ordenari erreparatuta. Parte hartzea ere parekoa izan da: %69,82.

PP Alderdi Popularra izan da orain ere garaile, eta, abenduan bezala gehiengo absolututik urrun geratu bada ere, azken bozetan baino emaitza hobeagoak eskuratu ditu Mariano Rajoyk: 123 eserlekutik 137ra pasatu da. Hamalau ordezkari gehiago.

Badirudi filtrazioek ez dutela eragin zuzenik izan PPrengan. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak katalanen kontra egindako konspirazioek PPkoei min egiten ahal ziela pentsatzen zutenak oker ziren, baita ustelkeriak eta eskubide sozialetan eta politikoetan egindako murrizketek kalte egingo ziela pentsatzen zutenak ere.

Mapa hau esku artean, galdera da orain zenbateraino ez ote diren hirugarren hauteskundeak egin beharko. Espainiako legealdirik laburrenean, alderdi nagusiek agerian utzi dute elkarrekin hitz egiteko ezintasuna, eta aurrerantzean ere gobernabidea kolokan egon daiteke, orain arteko jarrera aldatzen ez badute eta marra gorriak ahazten ez badituzte. Koalizioetarako aukerak zailak dira kolore anitzeko hemizikloa ikusita, baina hipotesi guztiak zabalik daude, eta alderdi txikietan egon daiteke giltza.

Ezker-eskuin dikotomia

Rajoyk, ordezkari gehiago baditu ere, gobernua osatzeko zailtasunak izango ditu. Koalizioa eratzeko ideologikoki lerratuen egon daitekeen alderdiaren botoak gehituta, gehiengo absolutua lortzeko behar diren 176 ordezkarietatik urrun dago: PPk eta Ciudadanosek 169 diputatu batzen dituzte. Ezker-eskuin dikotomian eskuina nagusitu da; izan ere, PSOEk eta Podemosek elkarrekin 156 batu dituzte. Panorama konplexua gobernua osatzeko.

Ciudadanosek opilaren laugarren puska handiena eraman du orain ere, baina aurrekoan baino puska txikiagoa. Albert Riveraren alderdiak behera egin du, abenduko emaitzekin alderatuta: orduan, 40 ordezkari; orain, 32. Kolpe handia jokalekuan hasi berria den alderdi horrentzat. Ciudadanosen botoa PPkoengana joan dela pentsa liteke. Gobernua gehiengo sinplez babestuko ote duten ikusteko dago orain, eta ea presidenteak dimisioa emateko baldintzari eusten dion ere; izan ere, indartuta atera da Rajoy. Aurrekoan, Ciudadanos PSOErekin saiatu zen —bien eserlekuak 117 batzen dituzte orain—.

PSOEk, bigarren postuari eutsi badio ere, inoizko emaitza kaskarrenak bildu ditu. Duela bost urte hondoa jo zuen, eta abenduan 110 ordezkari izatetik 90 izatera pasatu zen. Orain beste bost galdu ditu: 85 eserlekurekin geratu da. Pedro Sanchezek dimisioa ematerainoko emaitza txarra ote den aztertu beharko dute datozen egunotan Ferrazen.

Hitz madarikatua

Sorpasso-a hitz madarikatua bilakatu da, berriz, ezkerrarentzat. Julio Anguitak 1996an PSOEri ezkerreko hegemonia kenduko ziola aurreikusten zenean hasi ziren sorpasso hitza lehen aldiz erabiltzen, baina, orduko hartan bezala oraingoan ere, aurreikuspenak ez dira bete; IU Izquierda Unidak bere historiako emaitza onenak lortu zituen orduan, baina sozialistek 27 punturen aldea atera zioten.

Orain, berriz, bi indarren batuketak ez ditu bildu espero zitezkeen emaitza apartak. Unidos Podemosek 3.163.178 boto lortu ditu, abenduko batuketan baino milioi bat gutxiago. En Comu Podemeko 12ak, Compromiseko 9ak eta En Mareako 5ak gehituta, Unidos Podemosek 61 eserleku izango ditu. Botereak, beraz, trantsizio garaitik erabateko hegemonia izan duten alderdien eskuetan jarraitzen du.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA