astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

Boto erabilgarria, funtsezkoa

Asier Etxenike

Boto erabilgarria, funtsezkoa Asier Etxenike

Irakurketa azkar bat eginez, zalantzarik ez dago, herritarrek badakite zer eta zertarako bozkatzen duten. Nolabait, hauteskunde errepikatuak zirela genuen denok buruan, baina aurreko emaitzak oso presente izanik eta horiek eta inkesten bidez aurreikusten zizkiguten emaitzak kontuan hartuta, boto erabilgarria edo taktikoa inoiz baino eragin gehiago izan duelakoan nago.

Parte hartzea izan da lehen sorpresa. Behera egin du nabarmen, baina hala ere, ez dirudi Hego Euskal Herrian bereziki eragin dionik azken emaitzari.

Horrela, non ikusten dut boto erabilgarri hori? Ikuspegi orokor batean, baina baita Hego Euskal Herrian ere, Ciudadanosek lortu zituen emaitzak, jaitsi egin dira PP-UPNren alde, Ciudadanosek eduki duen portaeraren baloraziotik haratago, orain sei hilabete esaten ziguten aktore garrantzitsua eta eraginkorra izango zela, PPren kaltetan. Hori ez zen konfirmatu eta orotara 40 eserlekutan geratu zen, Hego Euskal Herrian bat ere ez. Orain, hautesleri hori berriro ere PPra bueltatu da haien interesak defendatzeko.

Podemos eta IUren arteko batasun aritmetikoak ez du espero zen efektua sortu. Ehunekoetan ozta-ozta gainditu dute batuketa hori eta horretan bestelako irakurketa zehatzagoak egin beharko dira, ez baitirudi joera berdinak eman direnik hiriburu eta herrietan, ezta herrialde ezberdinetan ere. Araban azken eserlekua Podemos eta PSEren artean egotea badirudi EH Bilduko hautesleriaren artean eragin berezia eduki duela. Nolabait, kanpainan zehar ikusi da hainbat mezuetan, EH Bilduk ez zuela eserlekurik ateratzeko aukerarik eta horiek Podemosen balantzan jarriz gero PSEri kalte egin ahal ziola. Azkenean hortxe egon da bien arteko leia eserleku horrengatik, nahiz eta Podemosek ere ez duen lortu PSEri eserlekua hartzea. Eta hor izan da EH Bilduk, ehunekoetan, behera gehien egin duen herrialdea. Antzekoa, baina kontrako norabidean gertatu dela esan daiteke Nafarroan. Geroa Bairen bozkak eta ehunekoak ere behera egin dute nabarmen, neurri batean EH Bilduren alde. Nafarroan hautetsi abertzale bat ateratzeko saiakeran, boto mugimendu hori eman delakoan nago, nahiz eta EH Bilduk ere ehunekoetan jaitsi duen. Lau herrialdeak kontuan hartua ordea, jaitsiera txikiena bertan izan du.

EAJk, ehunekoetan zertxobait gora egin du Araban eta Bizkaian. Araban %15 gainditzeko erronka jarria zion bere buruari, talde parlamentarioa ateratzeko eta lortu dute modu horretan bere hautesleria mobilizatzea. Bizkaian, inkesten arabera, Podemosekin azken eserlekua zuen jokoan eta badirudi horrek ere balio izan diola, nahiz eta azkenik ez dion eutsi. Gipuzkoan berriz, EAJk zertxobait behera egin du nahiz eta haien azken eserlekua jokoan egon zitekeen. Hor ziurrenik, hauteskunde hauekin zuzenean lotzen ez diren beste aldagai batzuk hartu beharko dira kontuan.

Eta azkenik PSE-PSNren emaitzek, demostratzen dute, haien hautesleria izan dela aktiboena eta ondorioz, Abenduko emaitzak buruan gehien izan dutenak eta sorpasso delakoa eragozteko gogo gehien izan duena. Azpimarratzeko datua, PSEren kasuan ere Gipuzkoan eduki dute datu negatiboena, gutxien hazi egin diren herrialdea izanik.

Guzti hori esanda, zalantzarik ez dut, hurrengo hauteskundeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak, zeharo ezberdinak izango direla. Herritarrak ondo ezberdintzen dituzten erabaki eremuak eta informazio nahikoa eta gehiago izango dute (ikusteke orain zer gertatzen den Estatuan) bere epaia egiteko eta bere botoa haien nahi eta interesen alde erabilgarri bihurtzeko. Eta horiek ziur, ezberdinak izango dira erkidegoan. Alderdi guztiek oso kontuan hartu beharko dute.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA