astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

mundua

Rajoy: «Inoren aginduetara jarri gabe, Espainiaren alde egin dugu»

Mikel Rodriguez

Rajoy: «Inoren aginduetara jarri gabe, Espainiaren alde egin dugu»

Irribarreak eta poza ziren atzo nagusi PPren egoitzan Madrilgo Genova karrikan. Hala ere, Mariano Rajoy abenduaren 20ko hauteskundeetan baino beranduago atera zen egoitzako balkoira jarraitzaileak agurtzera, gauerdia pasatuta. Jarraitzaileak oihu eta bozkario artean lehertu ziren presidentea agertzean, futbol partida baten pare ospatzen atzoko garaipena. Hizketan hasi aurretik, denbora tarte bat hartu zuen Rajoyk giroaz gozatzeko. Abenduaren 20ko arratsean ere garaile izendatu zuen bere burua, baina atzo bertze aldarte bat nabari zitzaion. «Ez da aro erraza izan, baina alderdi honek adorea izan du», aldarrikatu zuen, harro.

«Hau nire bizitzako hitzaldirik zailenetako bat da», erran zuen Rajoyk hizketan hasi zenean, haren etorkizuna ere hauteskunde hauetan jokoan zegoela jakitun. Hitzaldia osatzeko zailtasun nabarmenak izan zituen, jarraitzaileek une oro abestiekin eteten ziotelako. «Irabazi dugu, garaipenean fedea izan duzuelako», erran zien. Osagai politiko eta ideologikorik gabeko hitzaldia egin zuen presidenteak, alderdiarekiko, familiarekiko eta jarraitzaileekiko eskertzetan oinarrituta. Aldarrikapenetan, hori bai, lelo nazionalista ugari erabili zituen. «Espainiaren alde egin dugu borroka, inoren aginduetara jarri gabe. Soilik interes orokorraren defentsan. Espainiarrak gara, eta harro gaude». Botoa eman ez diotenen alde ere aginduko duela hitz eman du.

Abenduko zorua utzita

PPk Rajoyren hautagaitzarekin lortu ditu alderdiaren historiako emaitzarik onena —2011n, botoen %45ekin eta 186 jarlekurekin— eta txarrena —iazko abenduan, botoen %29rekin eta 123 jarlekurekin—. Rajoyri zegokion gobernua osatzeko ardura, baina urtarrilaren bukaeran uko egin zion, behar adinako babesak ez zituela izanen jakinda. Pedro Sanchez PSOEko hautagaiak egin zuen ekinaldia, hark ere jakinda Ciudadanosekin zuen akordioak ez ziola behar adinako gehiengoa emanen presidente izateko.

Hilabeteotan jarduneko gobernuan agindu du PPk. Udaberriko hainbat inkestatan adierazi zen abenduko kolpeaz zertxobait berreskuratzeko aukera zuela, oposizioak alternatiba bat eratzeko izandako ezintasunak hauspotuko zukeena. Abenduan gutxieneko mailara ailegatua zela espero zuen PPk, eta pronostikoak bete ditu. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren grabaketen afera asteartean atera zuen argitara Público egunkari digitalak, kanpainaren azken txanpan, baina ez du eraginik izan emaitza orokorrean —Kataluniako Iruzurraren Kontrako Bulegoko presidentearekin izandako elkarrizketa batean, politikari independentistak ataka zailean paratzeko amarruak nola sortu eztabaidatu zuten—.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA