astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

Madrilera bainoago, udazkenera begira jarri da Ahal Dugu

Hodei Iruretagoiena Maite Asensio Lozano Oihan Vitoria

Madrilera bainoago, udazkenera begira jarri da Ahal Dugu

Zuhurtzia izan zen nagusi alderdi politikoen artean atzo gauean. Eserleku kopuruan aldaketa gutxi gertatu zen arren, balizko ezustekoei eta aurreikuspenen araberako aulki dantzari adi egon ziren ordezkari politikoak, eta behin betiko emaitzak eduki arte ez zuten baloraziorik egin gehienek, ezta parte hartzeari buruzko ohiko komentariorik ere.

Abenduko bozen pareko egoera utzi dute hauteskundeek Hego Euskal Herrian, eta orduan erakutsitako nagusitasuna sendotu du Elkarrekin Ahal Dugu-k, indar abertzaleen bizkar. Ia 8.000 boto gehiago erdietsi ditu, eta Bizkaian ordezkari bat ebatsi dio EAJri. Araban, ordea, ez du eskuratu PSE-EEk azkenera arte kolokan eduki duen ordezkaria. EH Bildu, berriz, are gehiago hondoratu da, eta, bi eserlekuei eutsita ere, 45.000 boto inguru galdu ditu abendutik. Geroa Bai, antzera: 15.000 boto gutxiagorekin, ordezkaririk gabe geratu da.

NAGUA ALBA

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Euskadi aldatzen ari da, eta ez dago atzera-bueltarik»

Espainian ez, baina Hego Euskal Herrian garaile nagusia izan zen Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa: boto gehien jasotako zerrenda izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bigarren Nafarroan, UPN-PPtik gertu. Hori dela eta, poza ezkutatu ezinik mintzatu zen atzo Nagua Alba, EAEko Ahal Dugu-ren buruzagi eta Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren Gipuzkoako zerrendaburua: «Argi geratu da aurkarien deskalifikazioan eta errespetu faltan oinarritutako kanpainek ez dutela ezertarako balio. Euskadi aldatzen ari da, eta ez dago atzera-bueltarik». Albaren hitzetan, hori ez da inolako alderdi politikoren meritua. «Prozesua konplexua da: euskal gizarte zibilak du protagonismoa; bide horretan tresna gisa parte hartu dugu guk, eta saria jaso».

Bereziki, Gipuzkoan lortutako emaitzek poztu dute Alba: «Hiru puntu igo gara, eta %30en bueltan gabiltza. Bizkaian gertu gabiltza, baita Araban ere». EAEn «gehiengo sozial berri bat» eraikitzeko baldintzak ikusten ditu, eta iragarri du herri proiektu sendo batekin aurkeztuko direla heldu den udazkeneko hauteskunde autonomikoetara. «Herri proiektu inklusiboa, anitza eta inor atzean utziko ez duena izango da. Euskal gizartearen nahien mailara egongo den elkarbizitzarako eredu batekin aurkeztuko gara onenekin», azaldu zuen. «Orain, ohore handiz, beldurrik gabe, aurreiritzirik gabe eta konplexurik gabe, aurrera goaz».

ANDONI ORTUZAR

EAJren EBBko burua

«Euskadin lehen mailako erreferentzia izatea lortu dugu»

Euforiarik gabe, baina pozez egin zuten Espainiako Gorteetarako hauteskundeen lehen balorazioa Sabin Etxean, EAJren egoitza nagusian. Jarraitzaileek txaloka hartu zituzten alderdiko agintariak: EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Bizkaiko zerrendaburu Aitor Esteban... «Nahikoa da, nahikoa da», esanez moztu zituen txaloak Ortuzarrek.

«Euskadin lehen mailako erreferentzia izatea lortu dugu». Horixe nabarmendu zuen Ortuzarrek, nahiz eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Elkarrekin Ahal Dugu izan lehen indarra. Kongresuan abenduan baino diputatu bat gutxiago eskuratu arren, helburua bete dutela adierazi zuen: talde propioa edukitzea. «Proba gogor hau gainditu du EAJk».

Espainiako emaitzei begiratuta, hango lau alderdi nagusiei egotzi zien abstentzioaren ardura. Zehazki, «gobernu batera heltzeko erakutsi duten ezintasunak ekarritako dezepzioari». Hala ere, Kongresuko panorama politikoa lehengo antzera geratu dela adierazi zuen Ortuzarrek: «Eskumako eta ezkerreko blokeetan desberdintasun batzuk izan dira, baina, orokorrean, gobernatzeko gehiengoak lortzeko zailtasunak egongo dira». Espainiako alderdi nagusiei «erabateko jarrera aldaketa» eskatu zien.

IDOIA MENDIA

PSE-EEko idazkari nagusia

«Argi geratu da oraindik ere PSOE dela ezkerraren erreferentzia Espainian»

Pozik, irribarretsu eta txalo zaparrada artean. Hala ekin zion Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak hauteskundeetako emaitzak jakin ondorengo agerraldiari. Espainiari begira egin zuen hitzaldiaren lehen zatia: «Argi eta garbi geratu da oraindik PSOE dela ezkerraren erreferentzia Espainian, nahiz eta batzuk kontrakoa sinetsarazten saiatu». Arerio politiko eta mediatikoak gogoan hartzeaz gain, kanpainan bolo-bolo erabilitako sorpasso-a ere aipatu zuen: «Ez da inolako sorpasso-rik gertatu, eta ustekabe ikaragarria izan da hiltzat jo gintuztenentzat».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako «gorakada orokortua» ere nabarmendu zuen Mendiak: «Kanpainan esan genuen bezala, abenduan eskuratu genituen hiru eserlekuei eutsi diegu, eta babesa handitu dugu». PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi zuen, gainera, PPren 136 eserlekuak ez direla aski gobernatzeko, eta akordioak egitera «derrigortuta» dagoela. Mendiak «aste biziak» espero ditu hurrengoak.

Nafarroan ere pozik agertu ziren sozialistak. Boto gehiago lortu izana txalotu zuen Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkariak. «Nafarroan ezkerreko gehiengo bat dago», esan zuen Elkarrekin Ahal Dugu-ri begira. «Nazionalismoa, berriz, hondoratu egin da: Geroa Bai ia desagertu egin da. Hausnar dezatela, Nafarroako herritarrek zer dioten ikusita».

MARIAN BEITIALARRANGOITIA

EH Bilduren zerrendaburua Gipuzkoan

«Ez ditugu lortu espero genituen emaitzak»

Kanpainan sumatutako ilusioa ez da botoetara heldu, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak aitortu zuenez: «Ez ditugu lortu espero genituen emaitzak». Izan ere, Hegoaldean 45.000 boz galduta, Araban eta Nafarroan eserlekurik gabe geratu da koalizioa, eta Gipuzkoako bigarrena ere ezin izan du eskuratu. Halere, taldeak lanean segituko duela adierazi zuen Beitialarrangoitiak, txalo artean, eta gainerako zerrendaburuek babestuta: «Gure proiektua ez da bertan behera geratuko. Ereiten ari garen horrek uzta izango duela zalantzarik ez dugu». Ildo beretik mintzatu zen Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia Twitterren: «Gurea epe luzerako proiektua da. Entzuten eta lanean jarraitzen dugu. Pazientzia mingotsa da, baina haren fruituak, goxoak».

Bakartxo Ruizek, berriz, Iruñetik hitz egin zuen. Oraingoan ere aulkirik gabe geratu da koalizioa Nafarroan; zerrendaburuak aitortu zuen «erronka handia» zela, eta nabarmentzekoa izan dela «esfortzu eta lan kolektiboa»: «Gure eskuetan zegoena egin dugu, baina gure esku ez zeuden faktore asko egon dira».

JAVIER ESPARZA

UPNko presidentea

«Nafarroa foral eta espainiarraren alde egin dute nafarrek»

«Nafarroa ez da nazionalista». Balorazio horixe egin zuen Javier Esparza UPNko presidenteak atzo. Lehen indarra izan da Nafarroan UPN eta PPren arteko koalizioa: «Nafarroa foral eta espainiarraren alde egin dute nafarrek, moderazioaren Nafarroaren alde». Esparzak eskerrak eman zizkien botoa eman dieten guztiei: «Gure leloa izan da jendearen alde, eta jendeak bizikidetzaren alde, aurrerakuntzaren alde eman du botoa». Aurrerantzean, orain arteko «umiltasun berarekin» lanean jarraituko dutela hitzeman zuen UPNko presidenteak: «Nekaezin segituko dugu Madrilen, nafar guztien alde lanean».

Garaipen oihuen artean agertu zen Alfonso Alonso, EAEko PPren presidentea. Hark ere eskerrak eman zizkien boto-emaile guztiei, eta, Espainian lortutako emaitzei ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erdietsitakoei eman zien balioa. «PP izan da botoetan eta ehunekotan Euskadin hazi den alderdi bakarra»

DANIEL INNERARITY

Geroa Baiko zerrendaburua

«Nafarrek ez gaituzte identifikatu Madrilgo aldaketarekin»

«Txarrak» izan ziren atzoko emaitzak Geroa Bairentzat: Kongresuan ordezkaritzarik gabe geratu zen, baina abenduan jasotako bozen erdiak galduta. Halere, alderdiko kideek txalo artean egin zioten harrera Daniel Innerarity zerrendaburuari. «Ez da izan hautagaitzaren arazo bat, edo mezu okerra ematearekin lotutakoa. Nafarrek ez gaituzte identifikatu Madrilgo aldaketarekin». Atzoko hauteskundeak «bigarren itzuli» gisara hartu zituen: «Polarizazio handia egon da, botoak metatu dira, eta boto baliagarriak funtzionatu du». Dena den, hautagaitza onartu izana ez zaio damutu Innerarityri: «Ohore handia izan da».

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA