astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

Abenduko panorama errepikatu da, baina aldaketa ahuldu egin da

Joxerra Senar

Abenduko panorama errepikatu da, baina aldaketa ahuldu egin da

Dena berdin, dena ezberdin. Nafarroan, abenduko panorama errepikatuko da, baina ñabardurek albiste txarra utzi dute Nafarroako Gobernua sostengatzen duten indarrentzat. Botoen %100 zenbatuta, UPN-PP koalizioak eta PSOEk 164.386 boto lortu dituzte, eta aldaketaren aldeko indarrak, berriz, urrun geratu dira, 140.154 boto lortuta. Aldea are handiagoa da Ciudadanosen 20.300 botoak gehituz gero. Jokoan Espainiako Kongresua izan arren, Nafarroako ikuspegitik aldaketaren alderdiak ahuldu ditu emaitzak. Batez ere, alderdi abertzaleak. EH Bilduk gorantz egitea espero zuen, baina, alderantziz, ez du lortu joera iraultzea. Geroa Baik, berriz, abenduko emaitzen aldean, botoen erdiak galdu ditu.

Hauteskundeen errepikapenei begira lehen inkognita nagusia abstentzioaren datuak ziren, eta ikusteko zegoen abstentzioak nori egingo zion kalte. Hautetsontziak itxi baino bi ordu lehenago, parte hartzearen datuak abendukoak baino 8-9 puntu txikiagoak ziren. Azken orduan gorantz egin du, eta, azkenean, duela sei hilabetekoaren parekoa izan da: %70,5, soilik iragan bozetan baino lau hamarren gutxiago.

Nahiz eta inkesta batzuk Elkarrekin Ahal Dugu-k UPN-PPri aurrea har ziezaiokeela adierazi, oso urrun geratu da, eta eskuineko koalizioak lehen posizioa berretsi du. Ciudadanosi kenduta, 4.640 boto inguru irabazi ditu, eta 106.434 boto eskuratu ditu. Abenduko taktika bera erabili du eta UPNk batez ere Nafarroara begira zuzendu du kanpaina, PPren ustelkeria kasuak ezkutatuz. Aurrera begira, bere posizioa finkatu egingo dute emaitza horiek, nahiz eta eskuin eremuan harritxo bat atera zaien oinean: hala eta guztiz ere, Ciudadanos alderdiak 20.300 boto lortu ditu. Hauteskundeotako emaitza onek ezkutatu egin dute UPNren eta PPren artean indar banaketa nola dagoen, baina Iñigo Alli zein Carlos Salvadorrekin UPNk bi diputatu izango ditu. Senatuan, berriz, hiru senatari lortu dituzte.

Elkarrekin Ahal Dugu-k emaitza errepikatzea lortu du, eta ez da gutxi. Hala ere, bigarren helburu nagusia eskuinari irabaztea bazuen, urrun geratu da. Ezkerraren baturak, gainera, ez du boto gehiago erakarri, alderantziz baizik: Abenduan, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 95.450 boto eraman zituzten; atzo, koalizioak 94.555 boto eskuratu zituen. Bigarren xede hori ez lortuagatik, Ione Belarrak eta Eduardo Santosek Madrilen ordezkaritza lortu dute, abenduan bezala. Abenduan Aldaketa hautagaitzarekin Senaturako lortu ez zuen postu eskuratu du orain IUko Iñaki Bernalek.

PSN, abenduan baino hobe

Historikoki, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Parlamentukoetan baino emaitza hobeak lortu dituzte, baina iazko abenduan behea jo zuten 54.876 boto eskuratuta. Inkestek iragartzen zuten gainbehera handiagoa jasan zezakeela, baina justu kontrakoa gertatu da, 57.952 boto lortu zituelako atzo. Iazko foru hauteskundeetatik inoren eremuan aurkitzen zen PSN, eta emaitza horiek argi pixka bat igorriko diote Maria Txibitek zuzendutako proiektuari.

EH Bilduk ez ditu bere bi helburuak lortu. Diputatua lortzeko ia 16.000 boto falta izan zaizkio, oso urrun. Bakartxo Ruizek azpimarratu du kanpainan gutxienez goranzko joera azaldu behar zutela, baina koalizio abertzaleak ez du lortu abenduko emaitza hobetzea: 3.629 boto gutxiago lortu ditu.

EH Bilduren emaitzak txarrak izan dira, eta Geroa Bairenak, are txarragoak. Biek ere ez zuten baldintzarik hoberenetan aurre egiten, arreta mediatikoa Espainiako komunikabideen agendak bereganatu duelako batik bat. Alta, Nafarroako lehendakariaren alderdia seigarren geratzeak eta 14.289 boto soilik lortzeak alarmak piztu behar ditu. Nahiz eta politikan bat gehi bat bi ez izan, atzoko boto zenbaketarekin, EH Bilduren eta Geroa Bairen arteko koalizio independente batek, ozta-ozta bada ere, ez luke diputaturik lortuko.

Albert Riveraren Nafarroako frankiziak ezinezko zuen diputatua lortzea. Estatuko ikuspegiak apur bat mesede egin dio, eta 20.327 boto lortu ditu. Hala ere, boto portzentajean puntu bat galdu du, UPN-PPren mesedetan.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA