astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

EAJrekiko eta EH Bildurekiko aldea handitu du Elkarrekin Ahal Dugu-k

Jokin Sagarzazu

EAJrekiko eta EH Bildurekiko aldea handitu du Elkarrekin Ahal Dugu-k

Elkarrekin Ahal Dugu-k irabazi du Gipuzkoan, iazko abenduan baino alde handiagoarekin. Sei puntu eta 19.000 boto inguru bigarrenari: EAJri. Eta bederatzi puntu eta 33.000 boto inguru hirugarrenari: EH Bilduri. Ezker Anitzarekin —iazko bozetan Orain Batera gisa aurkeztu zen— koalizioa egin izanak eragin du Ahal Dugu-ren gorakada. Biek iaz lortu zituzten emaitzen batuketa izango litzateke atzokoa — ez osoa—. Era berean, hiri nagusietan lehen indarra izan da beste behin: Donostian, Irunen, Errenterian, Lasarte-Orian, Eibarren, Arrasaten eta Zumarragan, besteak beste.

EAJ eta EH Bildu, berriz, iazkoen oso antzeko emaitzak lortu dituzte, baina botoak galduta. Jeltzaleen kasuan, 7.000 boto inguru. Eta koalizio subiranistaren kasuan, 12.000. PSE-EEk eta PPk, aldiz, igoera txiki bat izan dute: 1.000 boto inguru biek.

Diputatuen banaketan, berriz, Elkarrekin Ahal Dugu-k eta EAJk eutsi egin diete abenduan lortutakoei: bina. Baita EH Bildu eta PSE-EE ere: bana. EAJk eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren artean banatu dituzte senatariak.

Abstentzioak, halaber, gora egin du Gipuzkoan ere. Espainiako bozetan inoizko handiena izan da herrialdean, 2008an eta 2000koak kenduta. Lehenengoan legez kanporatuta zegoen ezker abertzalea, eta bigarrenean, ez parte hartzea erabaki zuen.

Orain arte, Espainiako alderdiekin gertatu bezala, haizea alde izan du Elkarrekin Ahal Dugu-k. Baina urrun geratu zaio Espainiako hauteskundeetan PSE-EEk inoiz lortu duen emaitza onena: 127.840 boto, 2008an. Eginiko hamahiru hauteskundeetatik, bosgarren aldia da Euskal Herriko alderdi abertzale batek ez dituela bozak irabazten Gipuzkoan: 2008an, 1996an eta 1993an lehen indarra izan zen PSE-EE. Iazko abenduan, Ahal Dugu.

2014an sortu zen alderdia, eta atzokoak ditu Gipuzkoan inoiz lortu dituen emaitza onenak. 2014ko Europako bozetan 15.179 boto lortu zituen; bosgarren indarra izan zen, PPren atzetik. Iazko foru hauteskundeetan, berriz, laugarrena; aurretik izan zituen EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Azken urteko emaitzekin, baina, lortu du herrialdean ohikoa izan den abertzaleen arteko lehian sartzea, eta udazkenean egingo diren Eusko Legebiltzarreko bozei begira, EAJren eta EH Bilduren lehiakide nagusia izatea.

Abertzaleek ezin gora egin

Abertzaleak izan dira, hain justu, gehien nabaritu dutenak Espainiako bozak izatea, Podemos-Ahal Dugu efektua eta, neurri batean ere bai, abstentzio handia. Bost urtean nabarmen aldatu da argazkia herrialdean. 2011n Amaiurrek irabazi zituen bozak. Hiru diputatu eskuratu zituen (130.055 boto, %35,18) eta EAJk bakarra. Lau urtean, 47.000 botoren aldea kendu zion EH Bilduri, baina iaz, Ahal Dugu-k lehen lekua kendu zion alderdi jeltzaleari.

Dena den, iazko emaitzak errepikatu ditu EAJk. Eta azpitik baina gertu egon da 1977tik Espainiako bozetan batez beste lorturiko emaitzatik: 89.158 boto batez beste. Lehen indarra izan da, berriz, Tolosan, Zarautzen eta Azpeitian, besteak beste. Azken lau urteetan, 2012ko Eusko Legebiltzarreko bozetan lortu zituen emaitza onenak EAJk herrialdean: 114.446 boto. Eta iazko foru bozetan 112.918.

EH Bildu galdu du boto gehien iazko bozekin alderatuta: 12.000 inguru. Eta berriz ere oso urrun gertatu da 2011n Amaiurrek lorturiko emaitzetatik. Iazko foru hauteskundeetan baino 34.000 boto inguru gutxiago lortu ditu, halaber. Lehen indarra izaten jarraitzen du Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen, besteak beste.

Historikoki Espainiako bozak alde izan dituzten alderdiek —PSE-EEk eta PPk— azken hauteskunde zikloko beheranzko joera berretsi dute, baina pixka bat hobetu dituzte iazko emaitzak: 1.000 boto inguru biek. Baina sozialistak, aurrez lorturiko batez bestekotik (87.323 boto) oso azpitik. Iazkoak izan zituzten, gainera, Espainiako hauteskunde batzuetan inoiz lortu zituzten emaitza okerrenak Gipuzkoan. PPk hirugarren txarrenak ditsu atzokoak. Ciudadanosek, berriz, 3.000 boto egin du gora, baina oso urrun eserleku bategatik lehiatzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA