astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

Nagusitasun historikoa galdu du EAJk Bizkaian, bere ohiko gotorlekuan

Gotzon Hermosilla

Nagusitasun historikoa galdu du EAJk Bizkaian, bere ohiko gotorlekuan

Bizkaira ere iritsi da marea morearen olatua. Duela sei hilabete, oso datu onak lortu zituen Ahal Dugu-k Bizkaian, Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetan bezala, baina lurralde horretan Ahal Dugu-ren agerpenaren indarra ez zen nahikoa izan EAJren nagusitasun historikoa zalantzan jartzeko. Orain, baina, oso bestela gertatu dira gauzak: Bizkaiko lehen indarra bilakatu da Elkarrekin Ahal Dugu, eta nagusitasuna kendu dio EAJri jeltzaleen betiko gotorlekuan.

Elkarrekin Ahal Dugu-k EAJri ateratako aldea ez da handia izan: 3.700 boto baino ez. %99,70 zenbatuta, Elkarrekin Ahal Dugu-k 178.106 boto zituen, eta EAJk, berriz, 174.363. Baina alde txiki hori garrantzitsua da, horren arabera ebatzi baita Bizkaian jokoan zegoen azken diputatua: horri esker, Elkarrekin Ahal Dugu-k hiru diputatu lortu ditu, aurrekoan baino bat gehiago, eta EAJ, berriz, birekin gelditu da, aurrekoan zituenetatik bat galduta. Horrek are gozoago egiten du garaipena Elkarrekin Ahal Dugu-rentzat, eta are mingotsago bigarren lekua jelkideentzat.

Kontsolamendu bakarra gelditzen zaio EAJri: Bilbon, behintzat, lehenengo indarra da oraindik ere. Oso alde txikiagatik, 700 bat botorengatik —50.722 boto lortu ditu EAJk, eta 50.083 Elkarrekin Ahal Dugu-k—, baina zenbaketaren hasieran bazirudien Bizkaiko hiriburuan ere gailenduko zitzaiola Elkarrekin Ahal Dugu, eta azkenean ez da hala izan.

Aurrekoan bezala, Bilbo inguruko alderdi urbano eta populatuan oinarritu du Elkarrekin Ahal Dugu-k bere arrakasta. Ezkerraldeko herri guztietan lehenengo indarra da, eta, leku batzuetan, botoen %35 baino gehiago lortuta. Kostaldeko eta barnealdeko herri euskaldunagoetan, berriz, apalagoak izan dira koalizioaren emaitzak. Eta ez du ematen Ezker Anitzaren batuketak esperotako emaitza ekarri dionik: abenduan baino 8.000 bat boto gehiago lortu du koalizioak, eta Ezker Anitzak 18.000 boto zituen.

Besteek, diputatu bana

PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk diputatu bana lortu dute Bizkaian, eta, alde horretatik, ez dago aldaketarik aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta. Baina baieztapen horrek ere baditu bere ñabardurak.

Boto kopuruari dagokionez, PSE-EEk eta PPk apur bat hobetu dituzte emaitzak. PPk 78.000 boto inguru lortu ditu, aurrekoan baino mila bat gehiago, eta PSE-EEk ere boto gutxi batzuk berreskuratu ditu —ia 86.000 ditu orain—. Ez da gorakada esanguratsua, are gutxiago kontuan hartuta abenduko datuak txarrak izan zirela, baina, behintzat, lortu dute eustea, eta horrek arnasa hartzeko aukera emango die, batez ere PSE-EEri: inkesta batzuen arabera, bazirudien Bizkaiko diputatua galtzeko zorian zeudela, eta porrot hori, euskal sozialismoaren sorlekuan eta hautagaia Patxi Lopez Espainiako Kongresuko presidente ohia izanik, irensteko gaitza izango zatekeen. Azkenik, badirudi mamu hori uxatzea lortu dutela.

Oso bestelakoa da kontua EH Bilduri dagokionez. Koalizioak ere eutsi egin dio Bizkaiko diputatuari, baina 14.000 boto inguru galduta —67.000 ditu orain—. EH Bildun inork ez zuen gorakada nabarmenik aurreikusten, baina bai, behintzat, beheranzko joerari buelta ematea. Ez da halakorik gertatu, eta ehunekoetan ere murriztu da haren eragina —%99,70 zenbatuta, botoen %10,91 lortu ditu, eta aurrekoan %12,49 zituen—.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA