astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

Elkarrekin Ahal Dugu-k berriz irabazi du, alde nabarmenarekin

Gorka Berasategi Otamendi

Elkarrekin Ahal Dugu-k berriz irabazi du, alde nabarmenarekin

Elkarrekin Ahal Dugu-k irabazi ditu hauteskundeak Araban. %30,9ko babesarekin (51.602 boto), aurreko bozetako garaipena berretsi du, eta hamar punturen aldea atera dio bigarren indarrari, Alderdi Popularrari.

Ordezkari banaketa parekatua izan da, ordea. Joan den abenduaren 20an gertatu bezala, Espainiako Kongresurako eserleku bana eskuratu dute Elkarrekin Ahal Dugu-k, PPk, EAJk eta PSEk. Hainbat inkestak iragarritakoaz bestera, beraz, alderdi sozialistak ordezkariari eutsi dio Araban. Aldiz, diputatu gabe gelditu dira EH Bildu eta Ciudadanos.

Botoen %100 zenbatuta, hauexek izan dira emaitzak: Elkarrekin Ahal Dugu-k bozen %30,9 eskuratu du (51.602 boto); Alderdi Popularrak, %20,4 (34.162 boto); EAJk, %16 (26.671 boto); PSEk, %15,8 (26.353 boto); EH Bilduk, %9,5 (15.841 boto), eta Ciudadanosek, %5 (8.335 boto).

Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeekin alderatuta, parte hartzea nabarmen apalagoa izan da. Abstentzioak %28,9tik %32ra egin du gora —Hego Euskal Herriko lurraldeetan izaniko hazkunderik handiena—.

Elkarrekin Ahal Dugu-k babes oso antzekoa eskuratu du, kontuan izanda aurreko hauteskundeetan Ahal Dugu-k eta Ezker Anitzak eskuratu zituzten botoen ehunekoen batura lortu duela —Ahal Dugu-k botoen %27 jaso zituen orduan, Equorekin osatu zuen koalizioan, eta Ezker Anitzak botoen %3,8 lortu zituen—. Juan Lopez de Uralde buru duen hautagaitzak, beraz, eutsi egin dio aurreko hauteskundeetan Arabako jokalekua irauli zuen emaitzari. Alderdi Popularrak, berriz, aurreko bozetan baino emaitza hobea lortu du; %1,7 egin du gora. Berdintsu mantendu da EAJ, ehunekotan hamarren bat hazita. Gorakada handiagoa izan du PSEk, eta %1,6 hobetu du joan den hauteskundeetako emaitza. Aldiz, EH Bilduk bi puntu baino gehiago galdu ditu aurreko emaitzekin alderatuta, eta Ciudadanosek ere babes txikiagoa lortu du: ia puntu bat egin du behera.

Elkarrekin Ahal Dugu-k aurreko hauteskundeetako emaitzak berrestea lortu du, horrenbestez, eta argi irabazi ditu hauteskundeak, PPri alde handia aterata. Ahal Dugu eta Equoren koalizioari Ezker Anitza gehitu izanak ez dio indar erantsirik ekarri hiru alderdiek aurreko bozetan lortu zuten babesaren baturari, baina Araban berriz ere lehen indar izatea lortu du.

Elkarrekin Ahal Dugu-z gain, bipartidismoaren alderdiak izan dira onura handien izan dutenak. Alderdi Popularrak eta PSEk hobetu dituzte gehien emaitzak Araban. Abenduaren 20ko boto kopuruarekin alderatuta, PPk 500 boto egin du gora, eta PSEk 1.000 boto gehiago jaso ditu. Abstentzioaren gorakadarekin, botoak gehitzea lortu duten alderdi bakarrak izan dira PP eta alderdi sozialista.

Azken eserlekua, dantzan

Alderdi sozialistarentzat iragartzen zuten azken asteetako inkestek egoerarik zailena, zalantzan jartzen baitzuten Javier Lasartek ordezkaritzarik lortuko ote zuen. Arabako laugarren eserlekua Elkarrekin Ahal Dugu-ren bigarrena izan zitekeela aurreratu dute zenbait iragarpenek. Horretarako, baina, Elkarrekin Ahal Dugu-k 1.149 boto gehiagoko tartea atera behar zion.

EH Bilduk urrun izan du azken eserlekuaren borrokan sartzea. Aurreko hauteskundeetan, Ahal Dugu-ren gorakadaren ondorioz galdu zuen Amaiurrek Araban eskuratu zuen ordezkaria, eta oraingoan ere Kongresurako diputaturik gabe gelditu da. Koalizio subiranistak hautagaitza berri baten aldeko apustua egin du, Mikel Otero zerrendaburu jarrita. Saiakerak, ordea, ez zuen uzta elektoralik jaso atzo.

Senatuan hiru ordezkari izango ditu Elkarrekin Ahal Dugu-k, eta beste bat izango du PPk.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA