astekaria 2016/06/27
arrowItzuli

politika

Antzeko argazkia, eta PP indartsuago

Iñaki Petxarroman

Antzeko argazkia, eta PP indartsuago Iñaki Petxarroman

Nola sortzen dira hauteskundeetako emaitzen espektatibak? Gaur egun, batez ere, gero eta gehiago zabaltzen diren inkesten arabera. Garbi dago, baina, oraingo honetan ere kale egin dutela. Espainiako hauteskundeetarako inkesta gehienek iragarri zuten sorpasso-rik gabe geratu da Unidos Podemos, eta ezin izan dio aurre hartu PSOEri. Inkestek iragarritako emaitzeetatik urrun geratu da ezkerreko koalizioa estatuan, eta, sortutako hipotesi baikor horien giroa zapuztuta, hauteskunde ondorengo balorazioak ezin dira onak izan haientzat.

Horrek esan nahi al du Unidos Podemosek porrot egin duela? Hein handi batean, bai. Aurreko hauteskundeetako diputatu kopurua berdindu arren, eskuratutako botoei begiratuta, oso behetik geratu baitira abenduko langatik. Gainera, euren helburu nagusia ere urrun geratu zaie: PSOE gainditzea.

Alderdi sozialistari dagokionez, kontrakoa gertatu da. Izan ere, inkestek iragarritako panorama beltza apur bat hobetu izanak gozatuko zion inoiz hauteskune orokor batzuetan ateratako emaitzarik txarrena. Kontsolamendu eskasa, edonola ere.

Espektatibak espektatiba, benetako panorama hauxe da: PP indartu egin da, aurreko bozetan Ciudadanosera (C's) joan zen boto dezente bere poltsara itzultzea lortu duelako. C's ahuldu egin da, eta PSOEk duela sei hilabete baino bost diputatu gutxiago ditu. Beraz, aritmetika antzekoa da, eta gobernua osatzeko baldintzak ez dira asko aldatu. Diferentzia garrantzitsu bat dago, ordea: PPk duela sei hilabete baino nabarmenago irabazi du. Beraz, legitimitate politiko handiagoa izango du gobernua osatzeko, Rajoyrekin edo Rajoy gabe. Gobernabidearen giltza PSOEk izango du berriro, eta Europatik iritsi daitekeen presioaren aurrean, lehen baino zailago edukiko du PPren exekutibo bat oztopatzea.

Hego Euskal Herriari dagokionez ere, aldaketa handirik ez. Elkarrekin Ahal Duguk irabazi ditu hauteskundeak, abenduan baino errazago eta nabarmenago. 400.000 botoren langa aise gainditu dituzte eta duela sei hilabete baino diputatu bat gehiago atera dute, Bizkaian EAJri irabazita. Emaitzak ikusita, esan daiteke Unidos Podemosek Espainian espero zuen marea morea Hego Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan bakarrik gertatu dela.

EAJk eutsi die abenduko emaitzei, baina beherako joera txiki batekin, bai botoetan eta baita diputatuetan ere, seitik bostera jaitsi baita.

PSOE onik irten da lehiatik, abenduan baino boto gutxi batzuk gehiago lortuta, gainera, bai Nafarroan eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere.

Eta EH Bilduk ezin izan dio eutsi aurreko hauteskundeetako emaitzen langari. Pentsa daiteke hauteskunde hauen logika estatalak eta Elkarrekin Ahal Duguren indarrak zuzen-zuzenean egin diela kalte, baina hauteskunde lehia asko daramatza emaitza txarren zurrunbiloan, eta ikusi beharko da ea urriko hauteskunde autonomiokoetan joera hori eteten duen, bestela, egoera kezkagarria izan dezakeelako etorkizunera begira.

BERRIAn argitaratua (2016/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA