astekaria 2016/06/24
arrowItzuli

mundua

CARLOS LOZANO

«Aski blindatua dago prozesua eskuinaren enbatei aurre egiteko»

Kristina Berasain

«Aski blindatua dago prozesua eskuinaren enbatei aurre egiteko»

Bakearen eta giza eskubideen defentsan ibilbide oparoa dauka Carlos Lozano Guillenek (Ibague, Kolonbia, 1948). Abokatua, kazetaria, irakaslea, politikari komunista... hitz bitan, disidentziako ahots kritikoa eta ezkerreko militante historikoa. Horregatik izan da jazartua: «Atentatuen biktima izan naiz. Ekintzaileen kontrako zapalkuntzak ez dauka mugarik Kolonbian. Zaila da».

Voz egunkariko zuzendaria da, eta liburu ugari ditu idatziak gatazka armatuaren eta bake prozesuaren inguruan. Martxa Patriotikoko eleduna ere bada. Baita bake prozesuaren sustatzaileetako bat ere. Alfonso Cano FARCeko komandantea hil aurretik, elkarrizketa sekretuetan hartu zuen parte: «Inoiz ez nuen ulertu nola hil zuten bakearen solaskidea zena». Dena «pikutara» joango zela pentsatu zuen orduan, baina elkarrizketa sekretu haiek emaitzak izan dituzte.

Gobernuak eta FARCek alde biko su-eten iraunkorra iragarri dute. Akordio historikoa, ezta?

Bai. Historikoa eta biziki garrantzizkoa. Kolonbiak aspalditik espero zuen eguna: konfrontazio armatuaren amaiera. Gerraren amaiera da egunkarietako azalen titulua. Aro berri baten hasieran gaude; dena den, behin betiko akordioa falta da; xehetasun batzuk adostu behar dira oraindik.

Prozesua bertan behera geratzeko arriskua ikusten al duzu?

Arriskuak egon badaude. Indarkeria prozesu politiko honen bidelagun izan da. Kolonbiako Estatua indarkeriaren bidez jardun da boterean historikoki, ezkerreko ahots disidenteei jazarriz, herri mugimenduak zapalduz... Estatua izan da giza eskubideen urratzaile nagusia herrialde honetan. Paramilitarismoaren erantzulea da; herrialde osoan erein dute paramilitarismoa gerra zikina egin zezan. Estatu terrorismoa izan dugu, eta ezin dugu hori ahaztu, baina, su-etena betetzen bada, baldintzak sortuko dira benetako demokrazia bat eraikitzeko eta bakearen aroari ekiteko.

Nola hartu duzue hau Kolonbian?

Pozez. Bogotan eta hainbat hiritan, martxak antolatu dituzte bakearen lagunek, eta, noski, baita bakearen aurkariek ere. Akordioari itzala kendu nahian ari dira, esanez herrialdea gerrillaren eskuetan uzten ari direla: Juan Manuel Santos Timoleon Jimenez komandantearen eskuetan uzten ari dela boterea. Alvaro Uribe presidente ohiaren eskuin muturreko bozeramaileen diskurtsoa da hori. Bakeak aurkari ugari ditu oraindik, gobernuaren barruan eta kanpoan, eta estatuaren barruan eta kanpoan. Beraz, ez da erraza izango bakea babestea gobernu nazionalaren eta alderdi politikoen konpromisoa irmoa ez bada. Santosek zalantzati jokatu du hainbatetan, baina, orain, ezin du horrela jokatu; arriskatzeko garaia du, eskuinaren erantzuna gogorra izango baita. Ezin da baztertu indarkeria erabiliko duenik.

Uribe bera prozesuaren kontrako sinadurak biltzen ari da.

Hala da. Prozesuari erasotzeko modua da. Bakearen kontrako erresistentzia zibila egitera deitu du. Bere gobernuaren kontra erabili zen kontzeptua berreskuratu du, paradoxikoki; terrorista gisa izendatu zituen erresistentzia zibil horretan ari zirenak, eta gaur bera ari da bakearen kontra erresistentzia sustatzen. Absurdoa da. Uribe ez zen gai izan gerrilla militarki amaitzeko, eta are gutxiago egingo du sinadura batzuekin.

Eskuin muturraren jarreraz harago, ba al daude prozesua oztopa dezaketen faktore gehiago?

Nire ustez, jadanik prozesua aski blindatuta dago eskuin muturraren enbatei aurre egiteko. Kongresuak mekanismo konstituzionala onartuta dauka akordioak babeste aldera; beraz, honek ez du atzerakorik. Fusilak isilarazi dituzte, eta konpromiso politikoa erakutsi dute aldeek, eta horren kontra dagoena aberriaren aurkari bat izango da. Azken astinduak eman ditzakete batzuek, eta tentuz ibili behar dugu gerra zikinaren garroekin.

Plebiszitua izango da hurrengo urratsa. Zure ustez, zer gertatuko da?

Gobernuak inposatu duen gauza da plebiszituarena. Eta gerrilla ez dago inposizio horrekin ados, gobernuaren alde bakarreko erabakia izan baita, eta ez da justua. Gobernuak ezin dizkio gauzak inposatu gerrillari, eta gerrillak ezin dizkio gauzak inposatu gobernuari. Habanako mahaian sekula ez da eztabaidatu plebiszituaz, eta elkarrizketa mahai batean ezin dira alde bakarreko erabakiak hartu. Ezin da onartu. FARCek, era berean, uste dute erreferenduma ez dela juridikoki modu egokiena akordioak berresteko; leguleyo-en herri batean bizi gara, abokatuak daude leku orotan, baina espero dugu ados jartzea berresteko mekanismoaren inguruan. Esango nuke horretan ari direla.

Bi aldeek eman beharko zuten amore prozesuan, baina maila berean eman al dute amore, hau da, alde bakoitzak konpromiso bera izan duela uste al duzu?

Biek eman dute amore. Eta biek izan dute borondate politikoa, bestela prozesuak ez zukeen aurrera egingo. Hala ere, balantza batean jarriko bagenitu, gerrillak kontzesio gehiago egin ditu, keinu gehiago egin ditu. Gobernuak ez du nahikoa egin, esaterako, ez du aintzat hartu herritarren parte hartzea, eta horrek prozesua ahuldu du. Bakeak eta prozesuak herritarren sostengua behar du.

Aurretik bakea sinatzeko egon diren ahalegin guztiek huts egin dute. Zergatik egin da aurrera oraingoan?

Gobernuak lehenengo aldiz onartu zuelako gatazka bat zegoela, eta gatazka hori elkarrizketaren bidetik konpondu behar zela ulertu zuelako. Bide militarrak huts egin zuela aitortu zuen. Hori izan da arrakastaren gakoa. Santosek bere gain hartu behar izan zuen estatuak gatazkan zuen erantzukizuna. Bi aldeek onartu zuten hori, eta horregatik eseri dira mahai berean. Aurrekoetan, militarki garaitutako gerrilla batekin hitz egitera joaten ziren, baina okerreko ikuspegia da hori, ezin baita dena mugatu armen entrega eskatzera eta amnistia hitzematera. Ezin da antzutzat eman arrazoi batzuk izan zituen borroka armatu bat; gatazkaren jatorrira joan beharra dago, eta denbora asko galdu da horrekin. Aurretik egon diren prozesu guztiek huts egin badute izan da aldikako gobernuek ez zutelako ulertu gatazkaren jatorriari heldu behar zitzaiola.

FARCek aldaketa sozialak bide politikotik ezin izan zituelako gauzatu ekin zion borroka armatuari. Prozesua amaitutakoan bide horri ekingo al dio?

Hori da elkarrizketek izan duten zentzua: FARC legezko mugimendu politikoa izatea. Eta orain ulertu beharko dute aro berri honetan ezkerreko indar demokratikoen batasuna ezinbestekoa dela herrialdea eraldatzeko eta demokrazia sendotzeko. Zer zentzu dauka bestela bake iraunkor bat lortzeak, aro berri honetan ere boterea betikoen eskuetan egoteko, hau da, gatazka honen erantzule izan direnen eskuetan jarraitzeko? Honek balio behar du ezkerrak uler dezan erronka gure arteko batasuna dela, hori dela bidea boterea bereganatu ahal izateko.

Esan izan duzu demokrazia sendotzeko egiten dela bakea.

Bai. Gatazka ez da amaitu. Gobernua Habanan asko egiten ari da, eta Kolonbian? Habanan dena ondo doa, baina hemen, ez. Han esaten dituenak hemen ez ditu egiten. Hemen giza eskubideak urratzen dira, borroka soziala zigortzen da, indigenen eskubideak ukatzen dira... Are gehiago, akordioetan jasota dauden itunen kontrako neurriak hartzen ari da; batez ere, nekazaritza alorrean. Hori ulertezina da. Dena dago egiteko: egitura anakronikoak amaitu, demokrazia sendotu eta konstituzio berri bat egin, bakearen konstituzioa.

BERRIAn argitaratua (2016/06/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA