astekaria 2016/06/24
arrowItzuli

iritzia

Euskal kulturaren transmisioaz

Jone Miren Hernandez

Euskal kulturaren transmisioaz Jone Miren Hernandez

Jalgi jardunaldiak egin ziren maiatzaren 26 eta 27an Amurrion. Euskal kulturaren eremuko hainbat eragilek parte hartu zuten sormenaz eta transmisioaz hausnartzeko asmoarekin. Izen-abizen, esperientzia eta ikuspegi ezberdinak bildu ziren, eta bi helburu nagusi: diagnostiko bat osatu, eta etorkizunari begirako proposamenak mahai gainean jarri.

Bai bertaratutakoek bai antolatzaileek helburuen gaineko balorazioa egina izango dute dagoeneko, eta, zalantzarik gabe, hemen planteatzen dena baino osatuagoa eta mamitsuagoa izango da. Horregatik, lerro hauetan, han eta hemen egindako kronikak errepasatzen sortutako ideiak azaltzearekin batera, nire zalantzak ere adierazten eta partekatzen ditut. Amurrion bildutako ahotsak dira benetan adituak eta arituak.

Hori esanda, jardunaldien gaira bueltatuko naiz, transmisioaz, kulturaz eta euskarari buruz hitz egiteko.

Transmisioaren inguruko kezkak tradizio luzea du gurean, bai kulturaz, bai hizkuntzaz hitz egiteko orduan. Kezka horren jatorrian arrazoi ezberdinak egon badaitezke ere, argi dago denen artean bat nabarmentzen dela: hizkuntzak, kulturak eta gizarteak berak bizi izandako egoerak. Urte luzeetan, elementu ekonomikoek, politikoek... euskararen bizitza eta garapena nabarmen baldintzatu dute, eta kalte egin diote. Frankismo garaian batez ere, baina baita aurretik zein ondoren ere, zaila izan du euskarak bere egunerokoa. Eta oraindik ere hala du.

Horren gainean luze hitz egin da: batzuetan, prozesu zail horretan aurrera egiteko lagungarriak izan diren faktoreak nabarmentzeko; beste batzuetan, aipatu prozesu zail horretan bereziki kaltegarriak izan diren faktoreak zerrendatzeko. Betiere, iraganetik etorkizunera begiratzeko asmoarekin. Atzotik begiratu, biharkoan pentsatuz. Horri transmisio deitu izan zaio. Eta gurean kontzeptu preziaturen bat izan baldin bada, hori transmisioa da. Geroa, horren baitan irudikatzen delako. Baina, arrisku bat ere ekar dezake transmisioak: kontzeptua; hitza bera, kartzela bihurtzea. Transmisioarena kontzeptu maltzurra da, iradokitzailea bezain malgua; eraginkorra bezain iheskorra... Eztabaida amaiezinak bultzatu ditzakeen kontzeptua da, historia duelako oinarri, eta futurologia egitera behartzen gaituelako: nola ziurtatu etorkizuna?

Eta iraganetik etorkizunera doan bide horretan galduta, ahaztu egiten zaigu egungoari begiratzea. Transmisioa nonbait gauzatzen bada, orainaldian da. Orain, hemen, egunero, egiten dugun horretan. Eguneroko praktika da transmisioa; bizitza osoan jarraitzen duena. Keinu ñimiñoetan zertzen da. Helduok haurrekin aritzean. Haurrak helduekin aritzean. Haurrak haurrekin aritzean. Helduak helduekin aritzean. Horri, transmisio deitu beharrean, Paula Kasaresek sozializazio deitu izan dio. Adimen handiz. Kasares euskararen inguruan ari da, baina bere ideia eta proposamena (euskal) kulturara ere zabaldu daitezke.

Kulturan, euskararekin gertatzen den moduan, produkzioa hazi egin da. Harrigarria bezain ederra da egun kultur eta hizkuntza esparruetan dagoen emana. Kalitatean sartu gabe (eta hori ere gai funtsezkoa dela jakinda), argi dago aukera anitz daudela, pertsona zein talde anitzi zuzenduak.

Dena dela, kontsumoak ez omen du bat egiten produkzioarekin. Ez kulturaren, ez euskararen kasuan. Okinak bagina, esango genuke euskararen eta euskal kulturaren labeak martxa bizia duela, ogiak nahi adina egiten ditugula eta bezeroak ere baditugula. Horiek, gainera, etorri, eta erosten dute gure ogia, baina, gero, nonbait gogortuta geratzen zaie etxean, jan gabe. Etxetik kanpo jaten dutelako, dietan jarri direlako, azken momentuan moldeko ogia jatea lehenetsi dutelako... Ondorioa: ogia, jan gabe, zabor ontzira doa. Pentsaezina gure arbasoentzat: zerbait baldin bazuten beren artean antzekoa (jatorria eta hizkuntz profila edozein izanda ere), ogiaren kultura da: kultura zabala eta oso errotua. Zopan, birrindua, bustia eta azukrearekin, txerri-jana... Ogia ez da inoiz botatzen. Ogiaren inguruan garatutako kulturak bestelako aukerak eskaintzen zizkielako.

Bai, kulturak ere (hizkuntzak bezala), kultura behar du. Kultura sortzeko, garatzeko eta kontsumitzeko, alegia. Hizkuntza edota kultura erabiltzeko, horietaz baliatzeko; hizkuntza zein kultura sortzeko, horiekin zerbait sortzeko... haziak eta heziak izan behar gara, sozializatuak.

Kulturaren arloan ez dut argi, baina hizkuntzaren kasuan agerian geratzen da azken hamarkadetan eskolaren bidetik garatu dela nagusiki. Beste eragile asko egon badira ere (familia, noski, edota euskalgintza), hezkuntzak zabaldu du euskararen bidea. Hori frankismoaren ondoren gertatutako euskararen instituzionalizazioarekin dago lotuta, eta horren ondorio nagusietariko bat litzateke euskarak izan duen araubidearen kulturaren garapena. Ziur aski, horrela izan behar zuen. Egun, hori, eztabaida antzua da, egoera eta horren inguruko kezkak beste batzuk direlako. Halere, galderak hor dirau: eskola, hezkuntza eta arauez gain, zein bestelako elementu lehenetsi behar dira, hizkuntzaren inguruko kultura (hizkuntza kultura) garatzen eta zabaltzen jarraitzeko?

Izandako ibilbidea ikusita, esan daiteke, euskarak, (euskal) kulturak eta sozializazioak bat egin dutela —neurri handi batean— haurren unibertsoan. Gauza asko sortu, zabaldu eta bereganatu dira adin talde horretan, baina gero eta tarte laburragoaz ari gara (gurean, haurren etapa murrizten ari da nerabetasunaren etaparen alderako) eta, ondoren, basamortua omen dator, non teknologia berrien bultzada nabarmentzen ari den. Nerabe eta gazteen kasuan, sozializazioa gero eta birtualagoa da, horrek dakarren guztiarekin, harreman, praktika eta identitateei dagokienez.

Eta helduok? Erreferente dira; gizarteratze prozesuan eragile nagusi lirateke, baina non gaude kokatuta hizkuntza eta kulturaren arloan? Zein kultura bultzatzen dugu hizkuntzaren edota kultura beraren inguruan?

Ez dezagun begiratu ez atzera ez aurrera... Transmisioa gaur eta hemen jokatzen dela ulertu beharko genuke.

BERRIAn argitaratua (2016/06/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA