astekaria 2016/06/24
arrowItzuli

iritzia

Marruka, intzirika, uluka

Miren Amuriza

Marruka, intzirika, uluka Miren Amuriza

Jaikitzen haiz asteazken egunsenti batez, jartzen dun esnea sutan eta pizten irratia: gizon batek emaztea eta bi alabak hil ei ditu Angelun. Dio esatariak, Gasteizkoarekin batera, lau direla asteon indarkeria matxistak eragin biktimak. Angeluko alkate Claude Oliven deklarazioak segidan, zeinak puntualizatu baitu drama familiar bat izan dela. Atzazalak ipurtzuloraino haginkatzen ari haiz. Drama familiarra. Eta gogoratu dun telesail poliziakoetan zelan aritzen diren panel handietan gorpuen fotoak kokatzen, biktima eta susmagarrien arteko loturak bilatzen. Pentsatu dun detektiberik tentelenak ere ikusiko lituzkeela antzekotasunak gisako egoeretan (hiltzailea gizona, hiltzailea gizona, hiltzailea gizona... hildakoa emakumea, hildakoa emakumea, hildakoa emakumea...) eta ondorioztatu ahalko lukeela ez direla ez gertakari isolatuak ez drama familiarrak, krimen organizatuak baizik. Egitura kriminalok sustengatzen dituzten zenbaitekin akordatu eta armairuko plater guztiak txikitzekotan hago; garrasi egiteko, norbait akabatzeko grinaz. Esnea erretzen ari dun eta hi keari so, imajinatuz alboko andreari txirrina jotzen dionala eta hark alarauka erantzun; pijaman zoaztela kalera eta atzetik dozenaka emakume kamisoiarekin, kulerotan, biluzik... Plazan elkartu eta minaren minez marruka, intzirika, uluka hasten zaretela denok. Ertzainak agertzen direla eta pixa egiten diezuela beren botatzarretara esanaz hau gure territorioa da. Eta manifestu politiko bat irakurtzen duzuela zeinagatik esajeratzen ari zaretela aurpegiratuko dizueten. Imajinatu ditun bizilagunak kazetariei kontatzen jende normala zeniruditela, eta koadrilakoei zoratuta zaudetela. Mugikorrak jo din orduan; putakumea, nazkagarria, sutan, elkarretaratzea ze ordutan? zioten hire konplizeek. Arnasa hartu dun, eta usaina, kostako zain esne hondakin itsatsiak garbitzea.

BERRIAn argitaratua (2016/06/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA