astekaria 2016/06/24
arrowItzuli

gizartea

4.000 isun 'mozal legearekin'

Garikoitz Goikoetxea

4.000 isun 'mozal legearekin'

Polemikaz betea izan zuen tramitazioa, oposizio osoak egin zion kontra. Baina indarrean da iaztik Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea, mozal legea goitizenarekin ezagunagoa. Indarrean da legez, eta praktikaz ere bai. Ertzaintzak batez beste 61 zigor jartzen ditu astean arau horren babesean. Iaztik aurtengo apirilera arteko datuetan, denera 3.959 zigor ezarri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mozal legea oinarritzat hartuta. Kaleko protestak isilarazteko legea delakoan jarri zioten izengoitia, eta protesta giroari lotutako ekintzengatik jarritako zigorrek pisu handia dute zerrendan. Gehiago dagozkie, ordea, droga kontsumoari eta armei.

Eusko Jaurlaritzak eman ditu datu horiek Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEko parlamentari Miren Gallastegik galdera eginda. Arau-haustearen eta herrialdearen arabera eskatu ditu zenbakiak, eta alde handiak agertu dira.

Proportzioan aztertzen badira kopuruak, batez ere Araban ezarri dute Herritarren Segurtasunerako Legea: iaztik, isun bat jarri du Ertzaintzak 201 herritarreko. Alde handia dago Bizkaiarekin: 602 herritarretik batek jaso du zigorra herrialde horretan. Eta diferentzia are handiagoa da Gipuzkoarekin konparatuz gero: 1.633 herritarreko jarri dute isun bat. Batez ere kaleko protestei lotutako isunengatik dago goian Araba: ertzainei errespeturik ez izateagatik, desobedientzia egiteagatik...

Arau-hauste oso larriei buruzko isunik ez du jarri oraingoz Ertzaintzak —apiril arteko datuak eman dituzte orain arte—. Horietatik aparte, urratze larriei dagozkie lau zigorretik hiru: 2.973 kasu dira, eta 601-30.000 euro arteko isuna dute. Arinak 986 zigor izan dira: 100-600 euroko isuna dute.

Hirutik bat, drogenak

Drogei dagozkie salaketa gehienak: bai kalean edo toki publikoetan legez kanpoko drogak atzeman dizkietelako, bai marihuana landatua zutelako jendeak ikusteko moduan. Ia hiru salaketatik bat dagokie horrelako kasuei. Armei buruzko kopurua ere aintzat hartzekoa da, ia 300 isun jarri baitituzte iaztik. Armak arduragabe erabiltzeari dagozkio kasu horiek.

Kaleko protesta giroarekin edo poliziekin izandako aurrez aurrekoekin lotuta dago beste multzo handi bat. Batez ere ertzainekin errespetuz ez jokatzeagatik jarri dituzte isunak: ia bat jartzen dute egunean. Desobedientzia egitea eta desordenak sortzea datoz gero.

Kopuru handiena pilatu duten isunetatik aparte, badira gutxiagotan aplikatu dituzten beste artikulu batzuk ere: bi isun eraikin bat eskalatzeagatik, bi zigor segurtasun hesiak botatzeagatik, sei zigor Espainiako Nortasun Agiria egoki ez zaintzeagatik —urtebetean hiru aldiz edo gehiagotan galtzeagatik—, hiru zigor kaleko edanagatik, hemeretzi isun basapiztiak kalean uzteagatik edo animaliak abandonatzeagatik... Mozal legearen atal polemiko batzuei buruzko zigorrik ez dago Segurtasun Sailaren listan: poliziak grabatzeari buruzkorik, adibidez.

Orain urtebete eskas, uztailaren 1ean jarri zuten indarrean mozal legea. Aurreko legealdian PPk onartutako lege polemikoetako bat izan zen. Zigor Kodearen erreformarekin batera heldu zen, eta finean, ordura arte faltatzat jotzen ziren jokabide batzuk arau-hauste administratibotzat hartzea ekarri zuen. Epaileen esku hartzerik gabe, administrazioak berak ezartzen ditu zigorrak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago gaia, helegiteak tramiterako onartu baitzuten. Epaia emateko ez dauka eperik, baina. Espainiako parlamentu berriaren esku geratuko da legearen geroa.

BERRIAn argitaratua (2016/06/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA