astekaria 2016/06/24
arrowItzuli

kirola

Zorioneko ustekabekoa

Iker Tubia

Zorioneko ustekabekoa

Ezustean, baina kontent. Hala harrapatu ditu nafar asko Osasunaren igoerak. Kirolaren eta kazetaritzaren inguruko hainbat lagunek harrobiaren lana aitortu dute, eta baita Enrique Martin Monreal entrenatzailearena ere. Bestalde, gehienek gogoan dituzte ogasunarekin izandako arazoak, eta partida bukatu bezain pronto entrenatzaileak esandakoa babestu dute: «Ezin ditugu errepikatu iraganeko okerrak. Ezin dugu gastatu ez duguna. Ulertu beharra daukagu igo garen modu berean heldu den urtean jaits gaitezkeela, eta ez litzatekeela deus ere gertatuko. Berdin jarraitu beharko genuke».

ANE BERGARA

Bartzelonako jokalaria

«Ez da erraza mailari eustea, baina pentsatzen dut jokalarien ilusioa hori izanen dela»

Ezin izan zuen partida ikusi, partidak eta bidaiak tarteko. Dena den, euskal taldeak jarraitzen ditu Ane Bergara Bartzelonako jokalari beratarrak, eta, ondoren, parada izan zuen Osasunaren partidaren berri izateko. «Poztekoa da Lehen Mailan jokatzeko aukera lortu izana», azaldu du. «Bigarren maila lehiatua da urtero, eta aurten ere bai. Osasuna azken momentuan sartu zen Gironaren gol bati esker; baina, azkenean, lortu dute, eta zoriondu behar zaie egindako denboraldiagatik».

Harrobiaren garrantziaz mintzatu da: «Realari ere gertatu zitzaion. Jaisten direnean harrobiko jokalari gehiago hartu behar dituzte, eta haiek ematen duten maila da garrantzitsuena. Harrobiko jokalari on dezente elkartzean maila ona lortzen dute, eta horrela bete dute helburua». Orain jokalariek mailari eusteko ahalegina egin beharko dutela uste du Bergarak, lehen urtean mailari eustea zaila izaten delako. «Saiatu behar dira daukatenarekin jokalari onak ekartzen, eta, bertzela, etxekoekin talde on bat egin behar dute. Ez da erraza mailari eustea, baina pentsatzen dut jokalarien ilusioa hori izanen dela».

FERNANDO GOÑI

Pilotari ohia

«Denboraldi hasiera oso ona izan zen, eta horrek laguntza eta konfiantza handia ematen du»

«Hasieratik ezustekoa izan da». Fernando Goñi Zubiriko pilotari ohiak ez zuen inondik inora espero Osasuna Lehen Mailara igotzerik. «Oso zaila zen jende gaztearekin horrelako zerbait lortzea, ez gazteak direlako, baizik eta esperientzia falta zutelako», aitortu du. Haren aburuz, «kalitate handiko» jokalariak dira gorritxoak, eta Martinen meritua nabarmendu du: «Oso inportantea da etxeko jendeari konfiantza ematea».

Goñiren ustez, denboraldiaren hasiera izan da gakoa. «Denboraldi hasiera oso ona izan zen, eta horrek laguntza handia ematen du, konfiantza handia ematen duelako. Liga oso luzea da, eta, normala den moduan, gorabeherak daude». Pilotari ohiaren ustez, Martinek bazekien Bigarren Mailan jokatzea zer zen. Haren hitzei buruz ere mintzatu da Goñi, eta ados dago mamiarekin: «Osasuna garela jakin behar dugu, Lehen Mailan edo Bigarrenean, sentimendu bat da, eta etxeko jendea hor ikustea oso garrantzitsua da. Beraz, Martinek esandakoa borobila da».

NAIARA EGOZKUE

Zuazoko jokalaria

«Ataka estuan zaudenean, harrobi ona landu baduzu, hori da irtenbide bakarra»

Osasunaren igoera kanpoan harrapatu zuen Naiara Egozkue eskubaloi jokalari iruindarra. Hondartzan zegoen, eta taberna batera joan ziren partida ikusteko. «Gogo handiz geunden, Lehen Mailara igotzeko gogoz. Ilusio handiz hartu nuen, baina, kito, ez nuen gehiago ospatu», azaldu du.

Etorkizunari begira, argi du Osasunak ezin dituela errepikatu iraganeko okerrak. «Itxako eskubaloi taldeari gertatutako bizi izan nuen, eta nire esperientzia pertsonalak erakutsi dit funtsezkoa dela tentuz ibiltzea. Ez daitezela sartu ordaindu ezin dituzten gastuetan. Azkenean, jokaldia ondo atera zaie». Gainera, harrobiaren lana txalotu du: «Harrobiak taldetik tira egiten du. Ataka estuan zaudenean, harrobi ona landu baduzu, hori da irtenbide bakarra».

JUAN KRUZ LAKASTA

Kazetaria

«Zerga ordaintzaile gisa albiste ezin hobea da, zorra kitatzea askoz errazago izanen baita»

Osasuna Lehen Mailan zenean partidak zuzenean kontatzen zituen Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko esatariak. Bi plano bereizi ditu balorazioa egiterakoan: «Zerga ordaintzaile gisa albiste ezin hobea da, askoz errazago izanen baita haren zorra kitatzea. Beraz, 'Oe, oa, Osasuna' eta 'Oe, oa, Ogasuna' oihukatzen ahal da. Zale gisa, lorpen ikaragarria iruditu zait, lortzeko moduagatik batez ere». Izan ere, jokalari gazteekin lortu du Lehen Mailara igotzea. «Martinek nagusiki bost jokalariz osaturiko defentsa erabili du, eta horretan oinarritu du jokoa, golik ez jasotzean. Hori da Bigarren Mailako gakoa. Apustu inteligentea izan da». Hainbat jokalari gazte goraipatu ditu, besteak beste, Mikel Merino «azken hamarkadetan Taxoaretik atera den perlarik distiratsuena, Osasunaren jokoaren bizkarrezurra». Haren aburuz, Oier Sanjurjo erreferente izan da gazteentzat, eta Martinek aise motibatu ditu.

Aurrera so, ez daukaten dirua ez gastatzea da gakoa: «Osasunak lehen zuen kudeaketa eredua, eta egun Eibarrek duena». Halaber, eskuin mediatikoaren jarrera salatu du: «Aldaketaren aldeko indarrei leporatzen saiatu dira ez direla Osasunako zaleak, ez zutelako taldea erreskatatzeko legearen alde egin».

AMAIA ZARRANZ

Parlamentari ohia eta kazetaria

«Oinak lurrean behar ditugu. Helburuak azken hamarren artean egotea izan behar du»

Osasuna zale amorratua da Amaia Zarranz PPko parlamentari ohia, eta telebistako tertulietan ere parte hartzen du. Esan duenez, oso kontent dago igoerarekin, baina onartu du ezustean harrapatu duela. «Denboraldi harrigarria izan da. Ligaren hasieran 18 fitxa profesional genituen, gehienezko soldata kopuru bat, ezin genuen fitxatu... Abuztuan mailari eustearekin konformatuko ginateke», azaldu du. «17-18 urteko gazteak erraztasun handiz ikusten genituen korrika, eta irabazten. Ameskeria iduri zuen». Pozgarriena, haren aburuz, harrobiak egindako lanari esker igo izana: «Beti harrobiaren alde egitea izan behar du gure filosofiak, noski, kanpoko batzuen laguntzarekin: ezin dugu ahaztu Nauseten edo Ninoren lana. Harrobiak eraman gaitu beti Lehen Mailara».

Martinen hitzak ere goitik behera babestu ditu. «Osasuna talde txikia da, eta ongi doakigu hori buruan dugunean. Asmo handiko proiektuekin eta ero-eroan fitxatzen hasten garenean eta, gainera, jendearen izpiritu onaz aprobetxatu diren lapur kuadrilla batekin, gaizki doakigu», salatu du. Hala, helburua argi du Zarranzek: «Oinak lurrean behar ditugu. Gure helburuak Lehen Mailako azken hamarren artean egotea izan behar du».

BERRIAn argitaratua (2016/06/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA