astekaria 2016/06/24
arrowItzuli

bizigiro

Oztopoak oporretara doaz

Ainara Arratibel Gascon Bidatz Villanueva Etxague

Oztopoak oporretara doaz

Gurpil aulkian egotea, itsua edo gorra izatea edo garuneko paralisi bat jasan izana ez izatea oporrez gozatzeko muga bat. Horixe dago turismo egokituaren xedearen eta filosofiaren oinarrian; inklusiboa izatea, ez esklusiboa. Bada, turismo eredu hori abiapuntu hartuta, pixkanaka gero eta gehiago dira beren eskaintza egokitzen ari diren turismo guneak. Udan Euskal Herrira etorri, eta ezintasunen bat duten turistek, beraz, izango dute non aukeratua; baita bertatik irten gabe oporraldiez gozatu nahi duten ezinduek ere: Bilboko Guggenheim museoa bisitatzea, Arabako Errioxako upategi batean ardo on bat edatea, Donostiako Parte Zaharreko pintxoak jatea, Lizasoko Orgiko basoan (Nafarroa) naturaz gozatzea...

Eskaintzari balio erantsi bat ematetik harago, aukera horren alde egin duten turismo eragileek uste dute «borondate, ardura eta berdintasun kontua» dela. Ezinduen esker hitzak eta keinuak dira apustu horrekin jarraitzeko akuilurik onena. Bidea oraindik luzea dela berretsi dute, eta lan asko dagoela oraindik egiteko.

Turismo eredu hori eskaintzen du Bask For All turismo agentziak, Donostian. Iazko irailean jarri zuten martxan agentzia Asier Landak eta Ruben Gonzalezek: «Beste herrialde batzuetan turismo mota hori askoz zabalduago dago: Australian, Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan... Hala, hemen agentzia bat zabaltzea pentsatu genuen». Hala, hainbat pakete eskaintzen dituzte, gastronomiari, kirolari eta kulturari lotutakoak.

Gastronomiaren alorrean pintxoak jateko tour bat eskaintzen dute: «Tour horietan, ezintasunak ez dituzten pertsonek ere parte hartzen dute; berezitasuna da aukeratzen ditugun tabernak iristeko aukera ematen dutela». Antzera gertatzen da jatetxeetan antolatzen dituzten otorduekin. «Gure eskaintzan denetik dago, hiru Michelin izar dituzten jatetxeetatik hasi eta arruntetara». Txakolindegi, upategi eta sagardotegietarako bisitak ere eskaintzen dituzte. «Horien kasuan, zailagoa da topatzea, baina, egon, badira».

Kirolarekin lotutako aukera ere badute: «Hegalak zentroarekin hitzarmena daukagu. Orain, hori ere sustatzen ari gara. Etor daitezela ezintasunak dituzten pertsonak Donostia ezagutzera, eta, aldi berean, errehabilitazioa egitera. Kirol egokitua ere sustatu nahi dugu turismo jarduera moduan, Behobia moduko proben oihartzuna baliatuz». Surf eta bela egokitua egiteko aukera ere ematen dute, Hondarribiko (Gipuzkoa) eskola batean; baita golf egokitua egiteko ere, Goiburuko golf eskolarekin, Andoainen (Gipuzkoa).

Kultur alorrean hitzarmenak egin dituzte Donostiako Zinemaldiarekin, Musika Hamabostaldiarekin... Pixkanaka, gainera, beste lurraldeetako eragileekin eta erakundeekin ari dira lanean. «Alde horretatik, erronka bat dugu etorkizunari begira. Gure nahia da ahalik eta harreman sare handiena sortzea, eskaintza zabaltzeko». Hondartzetan ere jarri dute begia. Berez, hondartzetara irits daiteke. «Baina, gero, nola mugitu gurpil aulkiarekin hondarrean?», galdetu du Landak. «Mediterraneoan hori errazagoa da, marea txikiagoak dituzte, eta, horri esker, pasabideak egin ditzakete». Oztopo hori gainditzeko, hondartzan mugitzen den aulki bat ekartzea aztertzen ari dira.

Bask For All agentziak urtebete eskas daraman bitartean, turismo egokitua eskaintzen aitzindari da Lizasoko Orgiko basoa. Basoa duela hogei urte zabaldu zuten, eta handik urte gutxi egokitu zituzten bideak, mugitzeko arazoak zituztenentzat. «Berrikuntza handia izan zen», nabarmendu du Edurne Gerendiainek, basoko arduradunak. Natur eremuetan halako egokitzapenak egitea ez da beti posible izaten. «Baina Orgi laua da, eta aukera ikusi genuen». Dena den, beste bi arazo zituzten: artean diru laguntzak gutxi zeuden halako egitasmoetarako, eta Orgi bezalako eremu natural batean ezinezkoa zen makinak sartzea. Egin beharreko lana ondorengoa zen: bideak altxatzea eta zabaltzea, aulki gurpildunak eta umeen orgak pasatzeko. «Guk geuk egin genuen obra, gure eskuekin. Halako apustuak egitea borondate kontua da».

Gainera, labirinto izeneko zuhaitzen gunea itsuentzat moldatua dute, ONCErekin garatutako egitasmo bati esker. «Lankide batek ikusi zuen Erresuma Batuan bazegoela itsuentzako egokitutako bide bat gurea bezalako eremu batean. Beraz, han egiten ari ginen lanak aprobetxatu genituen, lurra altxatzeko eta itsuak ibili ahal izateko soka bat jartzeko. Gainera, informazio panelak ere braillera egokitu genituen». Egun itsu gutxi joaten direla onartu du Gerendiainek. Baina eremua baliatzen dute basoa bisitatzera doazen ikasle taldeekin sentsibilizazio lana egiteko. «Hori egitea ere oso garrantzitsua da, umeek ikus dezaten ezinduek ere goza dezaketela naturaz». Alde horretatik, pozik mintzo da proiektuaz.

Pozik eta harro

Inklusioaren alde egindako lanarekin «pozik eta harro» daude baita Guggenheim museoko arduradunak ere. Hala baieztatu du Andone Narvaezek, museoko Bisitarien Alorreko arduradunak. Ezinduentzako bisita gidatuekin hasi ziren, baina konturatu ziren hutsune bat zegoela beren kabuz edo senide eta lagunekin zetozen ezinduekin.

Hala, bideo gidak eta audio gidak sortu zituzten, ezinduek zein gorrek museoaz gozatzeko. 2013. urtetik eskaintzen dute zerbitzua.

Audio giden erabilera museoaren kanpoaldean hasten da. «Nolabait, museoa inguruan kokatzen dugu: Iberdrola dorreak, Abandoibarra...». Audio gidarekin batera, erliebean egindako lamina batzuk ematen dizkiete. Horiekin, eraikina, Puppy eta armiarma ezagutzen dituzte. «Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez ditugu gidak». Gainera, eraikinaren, Puppyren eta armiarmaren ukipen maketak ere badituzte. Iaz hasi ziren maketa horiek erabiltzen. «Gure asmoa da eskaintza hori zabalduz joatea eta egonkor dagoen bildumako gauzak audio gidan sartzen jarraitzea».

Gorabide elkartearekin, halaber, ezintasun psikikoak dituzten pertsonentzako audio gida landu dute. «Hizkuntza sinpleagoa erabiltzen dugu». Gorrentzako, berriz, keinu hizkuntzako bideo gidak dituzte. «Arazoa da zeinu hizkuntza diferentea dela hizkuntza bakoitzean, eta, kasu honetan, gaztelaniaz bakarrik ditugula». Gainera, museoa osorik dago egokitua mugitzeko arazoak dituztenentzat edo gurpil aulkian doazenentzat. «Egia esan, guztiek ikaragarri gozatzen dute arteaz».

Ardoaz gozatzeko aukera ere badute ezinduek, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidean dauden upategietako batzuetan, egokituta baitaude. Europa mailako Turism4All programan parte hartzen ari dira, upategi bakoitzak dituen beharrak ikusi eta egokituz joateko. Gainera, turismo egokituaren alorrean lanean ari den Predif erakundearen aholkularitza dute. «Lorpen handia litzateke erabat egokitua dagoen ardo ibilbide bat lortzea», esan du Maria Jimenez teknikariak.

Upategietara iristeko maila hobetzeari begira, gehienetan urrats garrantzitsuak egin direla azaldu du. «Upategi berrienak egokituta daude araudiz, eta zaharretako askok eraberritze lanak egiten dituzte. Egia da obra horiek administrazioen eta upategien aldetik konpromiso gehiago eskatzen dutela, baina gehienak egiten ari dira. Zailena lur azpian daudenak egokitzea da». Hainbatek, dena den, igogailu moduan erabilgarri dituzten karga altxagailua baliatzen dituzte, eta, hala, ezinduek bertaratzeko aukera dute. Egun duten erronka nagusia, dena den, itsuentzako eta gorrentzako eskaintza hobetzea da: karta braillez jarri, bideak markatzeko argiak jarri... «Guardiako [Araba] Viña Realek, adibidez, dagoeneko agiri bat du itsuentzako eskaintzagatik. Upategietan argi gutxi dago, eta, beraz, egin beharreko lanak dezentekoak dira».

Badira bide horretan lehen urratsak egiten ari diren guneak, adibidez, Urruñako Urtubia jauregia (Lapurdi). Han egiten du lan Claude Perezek. «Igogailuak ditugu, baita aulki egokituak ere». Dena den, uste du ez dela nahikoa: «Txosten bat osatzen ari gara, eta, hemendik hiru urtera, guztiz egokituta egon beharko luke jauregiak edozein elbarritasun duen pertsona batentzat». Izan ere, Frantziako legediak egokitzapenak egitera behartu ditu.

Handiplage elkarteko langilea da Corinne Delort. «Inoiz ez da nahikoa. Ez du balio igogailu bat jarri eta horrekin konformatzeak. Itsuak direnentzako gida berezi bat beharko litzateke, adibidez».

Delortek azaldu du Frantziako Toursime et Handicaps elkartearekin lan egiten dutela: «Haiek ezartzen diete ikurra egokituta dauden eremuei. Guk horiek gehitzen dizkiogu gure gidari». Izan ere, Handiplus Aquitaine izeneko gida bat osatu dute, sarean eskuragarri dagoena. Hor kontsulta daitezke ezinduentzat egokituta dauden guneak.

Landak argi du eskaintzak «inklusiboa» izan behar duela, ez «esklusiboa». «Nahi duguna da kalitatezkoa eta integrala den zerbitzu bat eskaini, pertsona horiek beren familiarekin eta lagunekin ibiltzea, eta, haiek bezala, oporrez gozatzea». Bat dator horrekin Gerendiain. «Noiz edo noiz denak izango gara ezindu. Denek puskatu dezakegu egun batean hanka bat, edo orkatila bihurritu. Gainera, adinean aurrera joan ahala, entzuteko eta ikusteko arazoak izan ditzakegu. Gizarte moduan ondo hausnartu behar dugu hori, eta sentsibilizazio hori eduki». Hala, urratsak egin diren arren, asko dagoela hobetzeko gogorarazi dute. Erakundeen babesa izatea espero dute, eta haien egitasmoak diruz laguntzea.

BERRIAn argitaratua (2016/06/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA