astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

gizartea

Eta Begoña?

Jose Mari Pastor

Eta Begoña? Jose Mari Pastor

Gabarrarik ez, Athleticek aurtengo liga txapelketa irabazi ondorengo ospakizunetan. Gabarra gizonen kontua da. Emakumezkoen taldeak ez omen du merezi gizonezkoei eskaintzen zaien ohorea. Ezin konparatu gizonezkoen eta emakumezkoen ligen kalitatea, zaletasuna eta zoramena. Ezta mugitzen dituzten dirua eta negozioa ere. Hori guztia esan digute. Hala izanda ere, hainbeste kostatzen da emakumezkoei gizonezkoei adinako merezimendua aitortzea garaipena berdin-berdin ospatuz?

Iritzi asko plazaratu dira gabarrari buruz. Horietako batek eman dit atentzioa: gabarra ateratzeak Bizkaia gelditzea eragiten du, jendea mugitzea, umeak eskoletara ez joatea… Azken puntu horrek zer pentsatua ematen du. Mutilek irabazten dutenean haurrak eramaten ditugu gabarra ikustera, horrek sortzen dituen arazo eta oztopo guztien gainetik. Txapeldunak neskak izanez gero, oztopo gehiago eta handiagoak ditugu eskolarik ez izan eta berdin egiteko? Neska txapeldunak gabarran ikusteak diskurtso teoriko askok baino gehiago egin ahal du umeen artean genero berdintasunaren alde. Emakumezko garaileak gizonen pare tratatzen ditugula jabetuko lirateke ekitaldi horretan. Garaipenaren ospakizuna lezio praktiko ezin egokiagoa izango litzateke haur horien begien aurrean.

Zer erantzungo liokete gabarra ateratzearen aurka daudenek alaba txikiari, haurrak galdetuko balie zergatik ez luketen gabarran onartuko, txapelduna balitz? Nola defendatu ukazioa zure umearen aurrean, inplizituki bazterketaren aldeko mezua transmititu gabe? Zer esango liokete guraso horiek etxeko alabari? Egiten duena egiten duela, ezerk ez duela gizonezkoen lanaren edo lorpenaren balioa izango, haiek ere ez diotela hori onartuko? Gizarteak zure merituak eta mutilenak berdin baloratzen dituenean utziko dizugu gabarrara igotzen. Bitartean, zain egon behar. Alegia: gizonezkoen erasorik ez dagoenean utziko dizugu minigona janzten.

Gabarra, ez; Begoña, bai. Bartzelona futbol taldeak Guardiolaren garaietan erabaki zuen ospakizunak kutsu erlijioso barik egitea. Ordura arte Montserratera joaten ziren jokalariak, garaipena Moreneta ama birjinari eskaintzeko. Gizarte moderno plural batean halako ekitaldiak egitea ez zela egokia iritzi zion entrenatzaileak. Real Madrilek ere ez du ekitaldi erlijiosorik antolatzen halakoetan. Aurten, Champions lehiaketa irabazi du. Udaletxean harrera, Madrilgo Gobernuaren egoitzara bisita eta, azkenik, Bernabeu futbol zelaira. Guk, berriz, tradizio erlijiosoari eusten segitzen dugu. Lehen, espainiarrak ziren Mendebaldearen esentzia katolikoen zaindariak. Haiek ordezkatuko ditugu euskaldunok orain?

Gabarraren aldeko ahotsak entzun ditugu egunotan. Begoñara egindako bisitaren aurka inor gutxi mintzatu da, ordea. Tabua. Antza denez, lehenago onartuko dugu neska txapeldunak gabarran joatea Begoñako bisita sakratua ospakizunetatik kentzea baino. Uste baino tradizionalagoak gara. Zenbait arlotan, Paris-Roubaix-a baino klasikoagoak. Katoliko, apostoliko eta erromatarrak dira gure jokalari guztiak? Ezetz esango nuke. Baina tradizioaren eta botere zibil-erlijiosoaren presioa agerikoa da. Zain egon beharko dugu euskal talde batean jokalari musulman bat egon arte, halako ekitaldi anakronikoa bertan behera uzteko? Edo Begoñatik meskitara joango dira txapeldunak? Garaipena erritual erlijiosoari segituz ospatu nahi badute, aurrera. Egin dezatela: denboraldia amaitu ondoren, Karibera joan beharrean, bizikleta hartu, eta joan daitezela Erroma, Meka, Jerusalem edo Benaresera. Haien argazkiak ikusiko ditugu Instagram-en.

Batzuk ez dira konturatzen neskak gabarran igoko diren eta jokalariak —emakumezkoak zein gizonezkoak— Begoñara joango ez diren egunean jendarte apur bat berdinago eta libreagoa izango dugula. Berdinagoa, pauso sinboliko, txiki baina garrantzitsua izango delako genero arloan. Libreagoa, erlijioaren boterearen eta dogmaren itzala apur bat itzaliko delako Euskal Herriko gizartean.

BERRIAn argitaratua (2016/06/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA