astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

politika

«Harlauzaren» argazki bat

Hodei Iruretagoiena

«Harlauzaren» argazki bat

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoeraren eta Espainiako «salbuespen legediaren» argazki bat, «erreala eta globala». Horixe aurkeztu zuen Iñigo Iruinek ostegunean, abokatuaren beraren hitzetan. Zehatza eta gordina ere erantsi dakioke. Sorturen Iratzar fundazioak antolatuta, areto bete baten aurrean azaldu zuen Espainiako Estatuko kartzeletan dituzten presoen kolektiboaren egoera. Ikuspegi globala kontuan hartuta, baina baita egoera juridikoa —delitua eta zigorra, preso bakoitzari ezarri ahal zaion Zigor Kodea, Frantzian zigortua izan den ala ez— eta egoera pertsonala ere —adina, osasun egoera—, presoak hamar multzotan sailkatuta. Abokatuak, senideak eta preso ohiak izan ziren bertaratu ziren gehienak, baita ezker abertzaleko militante batzuk ere. Adi entzun zituzten abokatuaren hitzak, bi orduz.

Iratzar fundazioko Gotzon Elizburuk aurkezpenean esplikatu zuenez, Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera izenez egiten ari diren hitzaldien segida gisa antolatu zuten herenegungoa. Eskertu zion Iruinek: «Beharra aspalditik ikusten nuen». Abokatuak argi utzi zuen zein den «erradiografia» horren helburua: «Preso politikoak laguntzea Euskal Herriratzen eta etxeratzen». Eta zein ez zen hitzaldiaren helburua: «Ez dut proposamen zehatzik egingo. Ez dut estrategiarik diseinatuko». Argazki horretan zailtasunak eta aukerak non egon litezkeen seinalatu zuen, «estrategia eraginkor» baten beharra aipatuta. «Selektiboak izan behar dugu, irabaz dezakegun eremuan jo». Argi lagata EPPK-k erabaki behar duela bide horiek jorratu ala ez. «Oinarrian dago Espainiako Estatuari salbuespen legeen arloan konfrontazio bat planteatzea. Salbuespen legedia indargabetzea dago irtenbidearen sakonean, baina, bitartean, agerian utzi behar dira eskubide urratzeak».

«Harlauza bat» da, Iruinen hitzetan, Espainiako «salbuespen legedia». Zirrikitu batzuk badituena, baina «zirrikitu txikiak». «Hau ez da soilik eztabaida juridikoa, akademikoa… Azkenean, salbuespen legedi baten atzean estatu arrazoiak daude beti, arrazoi politikoak. Beraz, konfrontazio juridiko hori egiten denean ere konfrontazio politikoa da».

Sakabanaketa eta graduak

Ikuspegi orokorrari helduta, sakabanaketa eta urruntzea, eta lehenengo graduan egotea dira kolektibo osoari eragiten dioten arazoak. Euskal Herriko kartzeletan biltzeko eskaera juridikoak martxan daude, baina Espetxe Zaintzan eta Auzitegi Nazionalean ezezkoa izan da erantzuna —boto partikular bat aurkeztu zuen Ramon Saez Valcarcel epaileak, eta garrantzia eman zion Iruinek—, eta Konstituzionalean daude orain eskaera horiek. Ezkor agertu zen haien erantzunaren inguruan; Europara jotzea litzateke hurrengo urratsa.

Lehenengo graduan egotea da EPPK-ko presoei ezartzen zaien beste neurri bat. Graduz aldatzeko eskatu denean, 102.5c artikuluan oinarrituta eman dute ezezkoa espetxe erakundeek. Hau da, haien esanetan, presoak ez direlako alboratu «erakunde horien diziplinatik». 106.2 artikulua ere erabili dute: «Graduen arteko progresioa zuzenean lotuta dago delitu jardueren aldaketa baikorrarekin». Iruinen esanetan, etorkizunean kontuan hartzekoak izango dira argudio horiek. 2011tik iragarria du ETAk jardueren behin betiko etena, oraindik existitzen jarraitzen duen arren.

Espetxe erregimeneko gradurik gogorrena da lehenengoa, eta horren ondorio dira, besteak beste, bakartze egoerak, komunikazioak kontrolatuta izatea, ohiko baimenak lortu ezina eta FIES Jarraipen Berezirako Barne Fitxategian egon beharra. EPPK-ko preso gehienak daude gradu horretan (%90), etenik gabe, legeak esan arren «salbuespen izaera» duela eta «aldi baterakoa» izan behar duela.

Gakoa: 7/2003 legea

Egoera juridiko eta pertsonalak kontuan hartuta, hamar multzo egin zituen Iruinek. Bakoitzak dauzka bere baldintza berezituak, baina bada lege bat guztiei eragin diezaiekeena, eta egoera asko okertu duena: Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak PSOEren babesarekin onartutako 7/2003 lege organikoa. Aznarrek aurreratu zuen Zigorra osorik betetzeko legearen helburua gobernura heldu baino lehen: «Ustel daitezela kartzelan».

Horrek presoen egoeran ekarritako aldaketak «izugarriak» dira, abokatuaren hitzetan. Lau hitzetan definitu zuen legea: «Mendekua, denbora, blokeoa eta baldintza berriak». Mendekua, «etsaiaren zigor zuzenbidea» ezarri zutelako. Denbora, «kalkulagailuarekin» egindako legea delako. Blokeoa, 3. gradura eta baldintzapeko askatasunera iristeko aukerak «blokeatu» zituztelako, baldintza berriekin.

Aukera horietara heltzeko, «segurtasun tarte bat» ezarri zuten: bost urtetik gorako zigorretan, erdia izan behar da beteta 3. gradura pasatzeko. Gehienezko zigorra 40 urtera igo zuten. Zigorren zenbaketa beti zigor osotik egin behar dela erabaki zuten, bete beharreko denbora berrikusteko aukerarik eman gabe. Adibide bat jarri zuen, azken hori ulerterrazago egiteko. 100 urteko zigorra duen preso baten kasuan, gehienezko zigorra 40 urtekoa izan arren, zigor osotik egiten dira kalkuluak. Baimenak lortzeko, laurden bat izan behar du betea (25 urte). 3. gradura heltzeko, erdia (50 urte), eta baldintzapean aske geratzeko, hiru laurdenak (75 urte). Gerta liteke preso batek kalera irten eta 35 urtera izatea baldintzapean aske eskatzeko aukera. Praktikan, beraz, blokeatuta dauzkate aukerak.

Horiez gain, badira baldintza gehiago. Erakunde delitugilearekiko harremanak etetea eta justiziarekin eta poliziarekin kolaboratzea eskatzen da legean. «Helburu eta bitarteko terroristak» alboratzea, eta «erakunde terroristarekiko eta haren inguruarekiko» harremanak etetea. Eta bide batzuk ezartzen dira hori frogatzeko: barkamena eta jarduerak gaitzestea, adibidez. Iruin: «Betebehar gisa eskatzen da uko ideologiko bat egitea».

Legearen ezarpenak, gainera, ez du zirrikitu askorik uzten: «terrorismo» delitu guztietan aplikatu behar da, larritasuna gorabehera —gerta liteke «terrorismoa goratzeagatik» zigortutakoei ere baldintza horiek eskatzea—, eta atzerako eraginez ezar liteke. Hau da, berdin dio noizkoak diren delitua eta zigorra.

Hori dio legeak, baina orain arte ez da borroka juridikorik egon haren aurka. Ez dago jurisprudentziarik, beraz. «Orain arte, ez gara ibili juridikoki 7/2003 legearen bide hauetatik». Iruinen hitzetan, oso kritikatua da legea Espainiako juristen artean: «Oro har, kritikatzen da zuzenbide estatuan eta sistema konstituzionalean kontraesanak sortzen dituelako, baina kontraesan horiek ez dira azaleratu, eztabaida akademikoan geratu delako, ez delako eraman auzitegietara. Planteatzen ari garen konfrontazio juridikoa da Espainiako sistema konstituzionalaren kontraesan horiek behingoz azaleratzeko».

Egoera zaila izan arren, aukerak badaude, Iruinen hitzetan: «Kontziente izan behar dugu Espainiako Estatua sistema errepresibo gogorrenen buruan dagoela Europan. Hor lanean hasten bagara, oinarri gisa material mordoa izango dugu. Estrasburgoko jurisprudentzia ere bai. Eta Euskal Herriko egoera kontuan hartuta, orain auzitegiek azalpen gehiago eman beharko dituzte ezetz esateko».

Zigor luzeak

Zigor luzeak dituzten presoen egoera izan zen Iruinen beste arreta gunea —169 preso daude 25 urtetik gorako zigorrekin—. «Gai zaila da, baina heldu behar zaio borroka horri». Gai horretan, batez ere, Europara begiratu behar dela uste du. «Europan, bizi osoko zigorrei buruz ari dira, baina doktrina hori zigor luzeetara eraman daitekeela uste dut». Izan ere, EBko beste estatuetan zigor horiek berrikusteko aukera dago, urte batzuk bete ondoren. Espainian, ez. Estrasburgon doktrinak «oso mantso» garatzen direla ohartarazi arren, aldeko sententziak badaudela aipatu zuen.

Clift vs Erresuma Batua kasuan, esaterako, espetxe legea ezartzeko «diskriminazioaz» ari dira. «Tratu berezitua duten presoen kolektiboak» aipatzen dira diskriminazio horien artean. Vinter eta gehiago vs Erresuma Batua kasuan, berriz, Estrasburgoko epaileek diote garrantzitsuena ez dela «zigorra abstraktuan aztertzea», baizik eta mekanismoak egotea zigorra nola betetzen ari den berrikusteko. Aukera hori ez badago, Giza Eskubideen Ituneko 3. artikulua urratzen dela diote: tratu gizagabearen ingurukoa. Presoaren «esperantzarako eskubidea» aipatzen dute. «Gauzak ez doaz azkar, baina badoaz».

Horrela bukatu zuen hitzaldia Iruinek: «EPPK-k hartu behar du erabakia, baina uste dut gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dela konfrontazioa arlo juridikoan, borroka esparru bat gehiago delako, borroka politiko globalago baten barruan».

BERRIAn argitaratua (2016/06/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA