astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

gizartea

Zoru egonkorrago bat zapaltzeko premian

M. A. Txoperena Iribarren M. Asensio Lozano

Zoru egonkorrago bat zapaltzeko premian

Dirua. Lan honetako onena dirua da». Amparo izan da lehena erantzuten, inguruan dituen bost kideen izenean mintzatu izan balitz bezala: denak daude ados. Soilik Jennyk erantsi du zerbait: «Laguntzen zaituzten pertsona onekin egiten duzu topo. Hasiera gogorra baita. Oso eskertuta nago babestu nautenekin». Pluralagoak izan dira erantzunak, ordea, prostituzioaren alde txarrez galdetzean. Presen: «Okerrena, segurtasun falta». Rosa: «Gustuko ez duzun gizon batekin oheratzea: muxu eman nahi dizute, ukitu... eta zuk ahalik eta azkarren amaitu nahi duzu». Gabriela: «Gaizki ikusita gaude. Diru erraza irabazten dugula diote, baina ez: umiliagarria da». Amparo, berriro: «Beldurra. Agian hogei aldiz egon zara tipo batekin, baina ez dakizu nola etorriko zaizun gaur». Baietz adierazi du Flaviak buruarekin: «Ia dena da txarra».

Zirkulu batean eserita daude. Astean behin elkartzen saiatzen dira, Sidalava elkartearen Nahikari programaren barruan, beharrezko baitute lan berean aritzen direnekin tarte batez egotea. Lasai mintzo dira, badakitelako ingurukoek ez dituztela epaituko. Euren benetako izenak ez erabiltzeko eskatu diete kazetariei —denak dira asmatuak—, badakitelako epaiketarik gabeko eremua gela horretara mugatzen dela.

Albiste txar batekin iritsi da Presen: «Lan bila nabil. Orain arteko etxea utzi behar izan dut, jabearekin arazoak izan ditudalako bilera hauetara etortzeagatik». 38 urte ditu, eta euskal herritarra da. Garbiketan egiten zuen lan, krisia heldu zen arte: «1.300 eurotik 600era jaitsi zitzaidan soldata kolpetik. Ez zuen merezi; beraz, honetan sartu nintzen. Ez zen traumatikoa izan». Etxeetan egiten du lan, baina ez beti toki berean: 21 eguneko plazak egiten ditu tarteka. «Kontaktuak partekatzen ditugu. Leku batean berria bazara, oso ondo joan dakizuke. Baina gogorrak dira plazak: ordutegirik ez, lo gutxi... Ni ez naiz sekula nekatzen, baina leher eginda amaitzen ditut plazak».

Gabrielak eta Flaviak klubetan dihardute. «Kaleak beldurra ematen du. Klubean beti duzu lagun bat hurbil», azaldu du lehenak. «Babestuago zaude. Logelan dagoenak erantzuten ez badu, atea botako dugu», gehitu du bigarrenak. 33 eta 39 urte dituzte, eta Brasilgoak dira: lagun minak.

Bere kabuz aritzen da Amparo: «Lagun talde bat dut, auzokoa: hamar edo hamabi gizon. Telefonoz geratzen gara, eta nire etxera joaten gara». Euskal herritarra da, eta 53 urte ditu. Alokatuta daukan logelak alargun pentsio ia osoa jaten diolako kexu da, baina abantailak ikusten dizkio bere egoerari: «Nik aukeratzen dut bezeroa, ez nago inorekin joatera behartuta». Kideek argitu dute haiek ere ez daudela derrigortuta bezeroak onartzera, baina Jennyk zehaztu du: «Nikaraguatik heldu berritan, ez nuen bezeroak aukeratzeko modurik. Dirua behar duzunean, egin behar duzu».

28 urterekin, taldeko gazteena da. Aldi baterako utzia du prostituzioa, alkoholarekiko mendekotasuna tratatzeko. «Botikak hartzen ari naiz, lo egiteko, eta antsietatearen kontra. Horregatik ezin dut lanik egin orain». Alboan du Rosa, zaharrena, Dominikar Errepublikakoa. 56 urterekin, erretiroa hartuta dago, nahiz eta jarraitzen duen «hiru adiskide zaintzen». Oroitzapen onak ditu klubetan ibilitako garaiez: «Gaztetan oso zoriontsua izan nintzen prostituzioan. Lan pila bat egin nuen; atzerritarrok dirua egin nahi genuen eta. Ondo pasatu nuen, eta ez naiz damutzen, baina orain iruditzen zait lan egonkor bat bilatu behar nuela».

Segurtasunik gabe

«Hori gertatzen da lanbide honetan», esan du Presenek; «Gorde egin behar dugu, ez baitaukagu etorkizuna ziurtatuta». Ezta oraina ere. Denen kezka da: zerbitzu bakoitzaren truke kobratzen dute, baina zer gertatzen da bezerorik ez badute? «Aste oso bat egin dezakezu euro bat ikusi gabe, gau guztiak klubean esna egin arren», deitoratu du Flaviak. Gorabehera handiko jarduna dela berretsi du Presenek: «Ez dugu soldata finkorik. Hilabete zoragarri bat izan dezakezu, edo plaza batetik lau egunera itzuli, batere lanik ez duzulako egin. Ez dugu segurtasunik».

Ildo horretan, bereziki kezkatuta dauzka osasunak. Haserre mintzo da Presen: «Ezin gara gaixotu; nora joango gara gaixo agiria eskatzera? Hanka bat hausten baduzu, ezin duzu lanik egin. Eta nik lanik egiten ez badut, ez dut jaten». Muturreko osasun egoeran lan eginda daude gehienak. Flavia: «Trompen lotura egin nuen, eta lanera joan behar izan nuen aste berean, sekulako minarekin».

Hilekoarekin ere lan egiten dute. Esplikatu dute esponja bat jartzen dutela uteroaren sarreran, gizonak odolez ez bustitzeko; eta inoiz arazoak izaten dituztela ateratzeko, larrialdietara joan behar izateraino. Ginekologoekiko harremana ere ez da ona. Sidalavak programa bat du arta egokia jaso dezaten, baina hortik kanpo bidegabekeria asko salatu dituzte. Amparo: «Prostituta zarela esaten badiozu, kontsulta amaitu egin da». Poliziarekin ere antzeko tratua jaso izana gogoratu du: «Bezero batekin arazo bat baduzu eta Ertzaintzara jotzen baduzu, esaten dizute zuk bilatu duzula, prostituta zarelako».

Horrelako arazoen aurrean, irmo mintzatu da: «Elkartu beharko genuke, eta lan itun bat lortu, Gizarte Segurantzara joan ahal izateko sexu langile gisa, autonomo moduan izena eman ahal izateko, edo antzeko sistemaren bat edukitzeko. Nik ez dut neure burua inoiz putatzat izan, langiletzat baizik; lan egiten dugulako». Itunak berezia beharko lukeela erantsi du Presenek: «Lana bera berezia delako. Baina nolabait legeztatu beharko litzateke. Bestela, gure bizimodua ere ez da legezkoa izango, diru beltza delako gurea: bankura joango naiz irabazitakoa sartzera, azalpenik eman gabe? Nola erosiko dut etxebizitza bat, ogasunak galdetuko badit nondik atera den dirua? Zein erretiro izango dut?».

Denek egin dute bat eskariarekin, segurtasun beharrarekin, eskubide premiarekin. Prostitutek jasaten duten estigmari ere eragingo liokeela uste du Amparok: «Agian ez ginateke hain gaizki ikusiak egongo, guri buruzko iritzia desberdina izango litzateke».

Aurreiritzien pisua

Eramaten zaila baitzaie estigma. Etengabe ateratzen dira diskriminazioaren adibideak: begiradetan, hitzetan, jarreretan... «Mundu guztiak dio irekia dela, baina gero aurreiritziak agertzen dira», azaldu du Jennyk. «Niri bost axola», esan du Presenek; «Guri berdin izan behar digu besteek zer pentsatzen duten; norberak izan behar du argi bere buruari buruzko kontzeptua». Ez da hain erraza Gabrielarentzat: «Ez dut nahi nire lanagatik gaizki begira nazaten. Pertsona moduan tratatua izan nahi dut. Hiru ume ari naiz hezten bakarrik, borrokan, eta inork ez du hori baloratzen».

Duela hamahiru urte, alaba oso txikia zuela heldu zen Herrialde Katalanetara; zaintzan egin zuen lan. Haurdun geratu zen: bikiak. 7 urte dituzte orain mutilek; haien aita ez du aipatu, baina agerikoa da alde egin zuela. Bakarrik geratu zen, ezinean eta mehatxupean: «Gizarte langileak laguntza ukatu zidan. 'Ez dituzu umeak eman nahi?', galdetzen zidan. Argi utzi zidan lehen akatsa egin orduko kenduko zizkidala».

Bikiek sei hilabete bete zituztenean hasi zen prostituzioan. Gauez lan egiteko eta egunez haurrak zaintzeko aukera ematen zion: «Oso gogorra izan zen. Lorik ez nuen egiten, ez egunez ez gauez. Oso nekagarria zen, baina egunero joaten nintzen lanera, diru premia handia nuelako». 20 urteko beste seme bat du Brasilen; bisitan etorri nahi du. «Ez daki zertan egiten dudan lan. Etxekoek uste dute hemen oso ondo gaudela, hainbeste gezur esan diet... Semea etortzen bada, galdezka hasiko da, eta adin horrekin ezin zaio engainatu».

Gezurretan aritzea ezinbestekoa dela diote guztiek. Inguruan ez dute esan prostituzioan ari direnik, arazoak saihesteko. Presen: «18 urteko alaba bat daukat; hark badaki, eta ondo darama. Baina amari ezingo nioke esan; hilko litzateke». Rosa: «Behin ilobak agertu ziren tabernan. 13-14 urte zituzten; lortu nuen disimulatzea, ez ziren konturatu putetxe bat zela, baina batek beti begiratzen nau arraro».

Bikotekideei, hala ere, esan egiten diete. Baina erlazio gehienek porrot egiten dute. Prostituzioa eta bikote harremanak bateraezinak direla dio Presenek: «Batetik, zeloengatik eta konfiantza arazoengatik: haiek diote berdin zaiela, baina gero une oro galdetzen dute zertan ibili zaren. Eta, bestetik, sexu harremanengatik: uste dute beti zaudela prest». Seietako batek ere ez du bikotekiderik orain. Jenny: «Mesfidati bihurtu naiz. Norbaitek zurekin egon nahi badu prostituta zarela jakinda, uste dut ez lukeela egingo maitasunagatik, baizik eta txuleatzeko, asko irabazten dugulakoan. Hemendik betiko atera arte, ezingo dut maitasunean pentsatu».

Uztea, oztopoz betea

Prostituzioa uztearen ideia azaleratu da azkenik. Lehenak aipatu duenean, segidan egin dute bat besteek. Samin sakona agertu du Gabrielak, ia malko artean: «Ahal bezain azkar utzi nahi dut. Lan honek min handia egiten dit». Depresioarekin dabilela azaldu du: «Lotsa sentitzen dut; benetan, ez naiz zoriontsua. Baina ez daukat beste baliabiderik. Zuek irtenbiderik ikusten baduzue, esadazue». «Aterabiderik balego, denak egongo ginateke hor», erantzun dio Amparok.

Baina ez da erraza. Oztopoak bata bestearen atzetik aipatu dituzte. Flavia: «Curriculumean ezin dugu jarri prostituzioan aritu garenik. Trebakuntza ere jaso behar da, baina nola egin ikastaro bat goizez, gauez lan egin ostean?». Jenny: «Adinekoak zaintzen lan egin nahi nuke, baina transexuala izanda ezinezkoa da. Nork emango dit lana?».

Alai hasi dute solasaldia, baina, biluzi ahala, etsipenak hartu ditu. Bizimodu prekarioa irudikatu dute: oinarrizko beharrei aurre egiteko modurik gabea. Eta prostituzioa ez da jardun erraza. «Guk azalduta ere, hemen egon behar da zer den jakiteko», esan du Amparok. Bere hastapenak gogoratu ditu: «Ezin nuen neure burua ispiluan begiratu. Zerbitzu bat amaitu ostean espartzuarekin garbitzen nintzen, azala gorritu arte». Sexu lanak gorputzean uzten duen aztarnaz mintzatu da Flavia: «Bezero batzuekin nazka barruraino sartuta iristen zara etxera».

Are zailagoa da drogarik kontsumitu gabe jardutea. Gabriela: «Nik ez dut ezer hartzen, etxean hiru haur ditut eta. Eta mingarria da. Badaude iruzkinak, tratu txarrak, titian ubeldura utzi arte hozka egin didaten gizonak... Zaila da drogatu gabe jasatea». «Gogorra izan behar du garagardo batzuk edan edo marra bat sartu gabe lan egitea», berretsi du Rosak. Izan ere, orokortuta dago kontsumoa. «Gizonek eurek eskatzen dute».

Hori da bezeroekin daukaten arazoetako bat. Bestea da preserbatiboa erabiltzeari uko egiten diotela askok oraindik. «Baina erabili behar ditugu», aldarrikatu du Presenek; «Ez hainbeste norberarengatik, baizik eta besteengatik: bati behin uzten badiozu, beti eskatuko du». Dena den, badituzte bezeroak konbentzitzeko estrategiak, Flaviak umoreko kontatu duenez: «Batzuetan lotsagabe jartzen naiz: 'Goma gabe nahi duzu? Ados, baina zuk, eta hiesa duen besteak ere bai!'».

Bortizkeria ere izaten da erlazioetan, baina, erasoak baino gehiago, fantasiekin lotutako gehiegikeriak aipatu dituzte. Jenny: «Gizon batzuek gauza gogorrak egiten dituzte, hala berotzen direlako. Deserosoa izan daiteke, baina negoziatzen duzu apur bat gehiago pagatzea». Bezeroez, halere, ez dute txarto hitz egin. Denetarik dagoela dio Presenek: «Nik asko errespetatzen ditut, jaten ematen didatelako. Batzuk bakarrik sentitzen dira, eta ez dituzte soilik sexu erlazioak nahi. Eta beste batzuk larrua jotzera datoz, eta kito».

Txantxetan jarraitu dute, bezeroen kontura: xuhurrak direla, batzuek hilabetea «konpontzen» dutela, beste batzuek «bufalo usaina» dutela, euren ohiturak kontrolatzen dituztela... Presenek teoria bat bota du: «Lana dutenak hil hasieran datoz; langabeak, hilaren 10ean, eta pentsiodunak, 25ean». Barrea atera zaie besteei; ez da horri buruz hitz egiten duten lehen aldia, eta ez da azkena izango. Hiru orduko solasaldiaren ostean, hurrengo hitzordua lotzen hasi dira. Gabrielak hitza eskatu du azkenekoz; bileran txarto pasatu arren, indarberrituta doa: «Mila esker. Oso lagungarria da entzuna eta ulertua sentitzea».

BERRIAn argitaratua (2016/06/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA