astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

bizigiro

PAU PEREZ DUATO

«Hemen hasitako borrokak arrakasta izan du Katalunian»

Edu Lartzanguren

«Hemen hasitako borrokak arrakasta izan du Katalunian»

Euskal Herria: De la desesperança al camí unilateral cap a la pau (2007-2011) (Euskal Herria: etsipenetik aldebakartasunaren bidera, bakerantz) liburua argitaratu berri du Pau Perez Duatok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1988).

Zure birraitona errepublikazalea fusilatu zuten frankistek 1940. urtean. Hortik datorkizu historiarekiko interesa?

Pixka bat, bai. Aitak hitz egiten zidan horretaz. Valentzian politikaz eta ezkerraz mintzo bazara, estigma duzu: katalanistarena eta komunistarena. Baina beti egin nahi izan dut hau, ondo kontaturiko historia beharrezkoa baita.

Baina zergatik ikertu Euskal Herriaren azken historia eta ez hurbilago duzun beste zerbait?

Bartzelonara beka batekin joan nintzen, eta han Antoni Segura ezagutu nuen. Antoni Batistarekin batera, gaurko historia aztertzeko ildo bat daukate, XXI. mendekoa. Liluratuta utzi ninduen horrek. Gauza bat ikertu nahi nuen: Valentzian telebista ikusiz gero, ETA poliziek eta epaileek emaniko kolpeengatik hil da. Baina apur bat sakontzen baduzu, ikusten duzu amaiera oso ezberdina izan dela. Valentzian, Bartzelonan eta aitaren kuadrillan liburua ikusi dutenean, harrituta geratu dira: «Hau ez genekien. Inork ez digu hau azaldu!», esan dute.

Zergatik erabaki duzu Madrilgo aireportuko T4 terminaleko 2006ko erasoarekin hasi zela borroka armatuaren amaiera?

1980ko hamarkadaren amaieran ETAk Aljeriako negoziazioen menia hautsi zuenean, ezker abertzaleak isildu egin behar izan zuen. Baina, 2006an, Arnaldo Otegik Jesus Egigurenekin sukaldean asko landutakoa agente bakar baten erabakiz apurtu zen, eta, orduan, lehen aldiz esan zion ezker abertzaleak ETAri dagoeneko ez zela abangoardia izango.

Tesia idazten ari zara Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren estrategiaren eboluzioaz. Zer frogatzeko?

Hau da eztabaidaren funtsa mundu akademikoan: estrategia aldaketa oportunista izan da? Beste aukerarik ez zegoelako egin dela, alegia: erakundea militarki ahul zegoelako, Alderdien Legea egin zutelako... Tesian ezetz erakutsi nahi dut, ez zelako lehen aldia hori egiten saiatu zirena. 1992an ere ahotsa altxatzen saiatu ziren batzuk, Lizarra-Garaziko saioa, Aralar, Loiolako eztabaidak... Estrategia aldatzeko saioak izan ziren horiek guztiak. Tiroa jotzea eta ETAren sinadura jartzea erraza da: bi pertsona aski dira horretarako. Zaila da, ordea, jende asko aldatzea, batzarrak egitea, denak atzetik jarraitzea, ez apurtzea...

Euskal Herria Kataluniari begira dagoen bitartean, salbuespena zara Katalunian hona begira egoteagatik?

Beti esan da katalanek baskitisa dutela. Otegik duela aste batzuk esan zuen Bartzelonan orain katalanak lehenak direla eta euskaldunak atzetik doazela. Nire ustez, Katalunian gauzatu da ezker abertzalea Euskal Herrian eraikitzen saiatu zena: indar metaketa eta herritar kopuru handi bat biltzea horren atzean. Hemen hasitako borrokak —Antonio Gramsciren estiloko masa borrokak— arrakasta izan du Katalunian, paradoxikoki.

Ahal Dugu-k Euskal Herrian izan dituen emaitzei begiratuta, badirudi hemen jende askok uste duela Espainia aldatzerik badagoela.

Pablo Iglesiasek inoiz ez zuen aipatu Kataluniaren erabakitzeko eskubidea, bozetan kolpea jaso zuen arte. Orduan, bai, «erreferenduma». Horrek erakusten dit haientzat estatu eredua ez dela lehentasuna. Gainera, PPk irabaziko du. Horrek are gehiago hauspotuko du katalanen eta euskal herritarren independentzia gogoa? Ikusiko dugu. Baina oso panorama interesgarria dator. Dena bor-bor ari da.

BERRIAn argitaratua (2016/06/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA