astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

kirola

AITOR ALBERDI

«Askotan, goi mailako parametroak erabiltzen dira kirol herrikoian»

Unai Ugartemendia

«Askotan, goi mailako parametroak erabiltzen dira kirol herrikoian»

Irakasle askorekin eta ezagunekin itzalean ibili eta gero, bere garaia aprobetxatu nahi du. Kirolari askoren prestatzaile fisikoa da BAT Basque Teamen lantaldean. Haren bezero ezagunenen artean dago Alberto Iñurrategi alpinista.

Nolatan prestakuntza fisikorako ikasketak egiteko grina?

Txikitatik asko gustatu izan zait mugitzea, eta, azkenean, mugimenduak berak erakarri nau. Aurrena, kirolean lehiatzea afizio bihurtu zen; gero, afizioa ogibide bihurtzeko aukera ikusi nuen. 18 urterekin, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatera joan nintzen ikastera, Gasteizera. Bertan, irakasle lagun asko topatu nituen, geroago jauzia ematen asko lagundu zidatenak: Joxean Lekue eta Xabier Leibar medikuak, esaterako. Biek, garai hartan, Getxoko [Bizkaia] Hobekuntza Teknikorako zentroan lan egiten zuten, eta erakutsi zidaten bazegoela goi mailako errealitate bat eta hori garatzeko aukera.

Haiek irakatsitakoek erakarri zintuzten.

Bai. Haiez gain, garrantzi handia zuten beste profesional batzuk ezagutu nituen: Iñaki Arratibel eta Josetxo Aramendi, esaterako. Ezagutza teorikoaz gain, ezagutza praktiko handia ere bazuten.

Errendimenduaz asko arduratzen omen zinen.

Bai, errendimenduarekin harremana zuten ikasgaiak aukeratzen saiatzen nintzen. Praktikak Getxon egin nituen, eta goi mailako errendimenduari buruzko master bat ere egin nuen, Madrilen. Ni ere lehiatzen nintzen.

Kirola barrutik ezagutu duzu, beraz.

Lehenik, futbolean ibili nintzen, atezain modura. 12 urterekin, bizikleta, 18 urte bete arte. Afizionatuetan lehiatu nintzen. Duatloietan eta triatloietan hasi nintzen gero. 30 urterekin utzi nuen.

Zergatik?

Orduan izan nuen lehen semea, eta, gainera, kirol munduan sartzen ari nintzen, baina nire perspektiba eta lekua beste aldean ikusten nituen. Geroz eta gehiago ikusten nuen neure burua entrenatzaile gisa, eta gogobeteta ikusten nuen neure burua. Orain, beste batzuen oinetan lehiatzen naiz.

Mendian aritzen diren kirolariak ere entrenatu izan dituzue. Zer iruditzen zaizu mendi lasterketek izan duten gorakada?

Hazkunde azkarregia izan dute, eta lehen beste balio batzuekin entrenatzen eta lehiatzen zen. Uste dut errespetua galdu zaiola gauza askori. Horren adibide handiena da Zegama-Aizkorri maratoia. Gehienak kamiseta teknikoekin eta praka motzekin lehiatu ziren; baina eguraldi aurreikuspenak argi zioen goian 4-5 graduko tenperatura egongo zela, baita euria eta haizea ere. Uste dut marketinak eta itxurak aurrea hartu dietela barne motibazioari eta barne balioei. Askotan, goi errendimenduko parametroak erabiltzen dira kirol herrikoirako. Herrikoiak bultzatu egin behar dira, baina ezin dira erabili goi mailako parametroak kosta ahala kosta edozein helburu lortzeko.

Askotan, zaila izaten da bien arteko marra bereizten…

Aurrena, lehentasuna eman behar zaie osasun eta ongizate parametroei. Gero, goi mailako errendimendua nahi baldin bada, beste helburu batzuk eta beste exijentzia bat izaten da. Oso zaila da kirolari herrikoiari goi mailako exijentzia jartzea edo goi mailako kirolariari gozatu dezala eta lasai ibil dadila esatea. Bakoitzari, dagokiona.

Zer da goi maila?

Kirol sistemak berak ekartzen duen zerbait da: zenbat parte hartzaile dauden, zenbateko lehiakortasuna... Hor ikusten da goi mailako kirola den ala ez. Adibidea, berriro ere, Zegama izan daiteke. Kilianek [Jornet] 3.50eko denbora egin zuen, oso baldintza txarretan. Marka 3.48 da. Kilianek ahal zuen guztia eman zuen? Nik zalantza asko ditut. Beste galdera izan daiteke: 3.40tik jaits daiteke? Uste dut baietz; erronka polita izango litzateke.

Beraz, Kilian Jornet goi mailako kirolaria dela esan dezakegu?

Bai. Zalantza gehiago sortzen dizkit ea horren atzean dauden parametroak goi mailakoak diren ala ez. Bigarrena eta hirugarrena hamar minutura sartu ziren, eta, hortik atzera, abantaila izugarriak izan ziren. Goi mailako kirolaren ezaugarrietariko bat lehia estua izaten da. Oso ezberdina da kirolari bat goi mailakoa dela esatea edo lehiaketa goi mailakoa dela esatea. Zegamakoa, beste lasterketa batzuekin alderatuz, niretzat, ez da goi mailakoa. Horrekin ez diot meriturik kendu nahi inori.

Askotan, kirolak osasuntsu izateari uzten dio, eta obsesio ere bihurtzen da.

Bada jende multzo bat alfer zirkulu edo espiral batean sartzen dena, eta gero eta gehiago nahi duena. Euskaldunon jarrera ere antzekoa da: zenbat eta gehiago, hobeto. Uste dut askotan muga horiek gainditu egiten direla, eta denok ditugu ondoan ikaragarri sakrifikatzen direnak oso garrantzi gutxiko gauzetan.

Frustrazioak hortik datoz gero.

Dudarik gabe. Ezagutzen dut jendea oso erreta bukatu duena, fisikoki gaizki, psikologikoki zer esanik ez... Errealitate gordin bat dago horren guztiaren atzean.

Zer da kirol osasuna?

Norberaren mailari eta helburuei egokitzen zaiona. Talde ezberdinak daude: batzuek osasuntsu egoteko egiten dute; beste batzuek errendimendua nahi dute, baina oinarriak, betiere, osasunak izan behar du; eta, gero, goi mailako lehiaketa dago. Goi mailako kirolarien helburua ez da osasuna, nahiz eta osasun parametro batzuetan ibili behar duten. Osasunik gabe, ez dago errendimendurik. Horregatik izaten da garrantzitsua norberarentzat osasuna zer den jakitea. Horretan saiatzen gara. Denentzat ez dute balio berdinek balio.

Alberto Iñurrategi alpinista zure eskuetan dago. Nolakoa da?

Oso esker onekoa eta gertukoa. Konfiantzan hartzen ditu gauza guztiak, eta lana oso fin egiten saiatzen da. Berak bere burua profesional gisa ikusten du, bai espedizioetan eta bai egunerokoan. Egunerokoa oso txukun eta formal egiten du, eta erantzukizun osoarekin.

Zuri entzuna da 2010eko maila berean dagoela. Posible al da?

Bai. Harekin asko hitz egiten eta hausnartzen dugu. Esan zigun oso gutxitan sentitu dela aurten bezain ondo, bai hauspoagatik, bai indarrarengatik. Oso ondo indarberritzen da. 2010eko datuak alderatu ditugu, eta orduan baino hobeto dago. Lehen korrika asko egiten zuen, eta asko nekatzen zen; aurten, ordea, arlo asko landu ditugu. Garrantzitsuena da sei urteren ondoren berdin edo hobeto dagoela.

Oso zorrotza al da?

Bai, baina behar du. Planifikazio eta helburu batzuk behar ditu.

Zein dira haren ezaugarri indartsuenak?

Gaitasun fisikoari dagokionez, erresistentzia da haren gakoa. Gero, espedizioko errendimenduari begira, beti eman eta eman ibiltzeko gaitasun paregabea duela. Gainera, une berezietan bere jenialtasuna ateratzeko gaitasun handia du. Besteek gelditu behar duten uneetan, berak aurrera jarraitzeko gaitasuna du. Ez du arazorik izango urte askoan himalaismoan jarraitzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/06/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA