astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

gizartea

ALFONSO KARLOSENA

«Lema biratu beharra dauka NUPek, egoera larria delako»

Ion Orzaiz

«Lema biratu beharra dauka NUPek, egoera larria delako»

Zortzi urtez Julio Lafuenterekin errektoreorde izan ostean, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore kargua hartu zuen iaz Alfonso Karlosena Fisika doktoreak (San Martin Unx, Nafarroa, 1962). Autonomia handiagoa aldarrikatu zuen orduan, eta asmo handiko neurri sorta iragarri. Orain, 2016-2019ko aldirako IV. plan estrategikoa aurkeztu berri du, lehen urratsak egiten hasteko. NUPen bide orria izanen dela uste du Karlosenak, «unibertsitatea garatzeko eta internazionalizatzeko tenorean».

Zeintzuk dira plan estrategiko berriaren ardatz nagusiak?

Hiru oinarri nagusi dauzka planak: formakuntza, ikerketa eta gizarteari ekarpena. Eta, horien artean, zeharkako hiru ardatz ere landuko ditugu: unibertsitatearen internazionalizazio prozesua, talentua sustatzeko egitasmoak eta baliabideen kudeaketa. NUPek, finean, unibertsitate irekia behar du izan. Nafarroan txertatuko dena eta gizarteari ekarpena eginen diona, baina baita nazioarteko komunitateari ere. Gure jardunak isla izan beharko luke gizartean; kultur jardueren bidez, enpresekiko jarioan nahiz instituzioetan.

Horretarako, baina, ezinbestekoa da finantzaketa...

Bai, eta hor arazo handia dugu gaur egun. Bi diru iturri nagusi dauzka NUPek: Nafarroako Gobernuaren diru saila eta ikasleen matrikuletatik jasotzen duguna. Urtean %5,6 jaitsi da unibertsitatearen gastu ahalmena azken ikasturteetan. Horrek esan nahi du lau urteren buruan hamasei milioi euroan murriztu dela gure ahalmen ekonomikoa.

Zer eragin izan dute murrizketa horiek?

Oso larria. Ezinbesteko gastuetan joaten zaigu aurrekontuaren zatirik handiena: langileen soldatak, kanpoko kontratuak eta literatura zientifikoa. Beraz, oso diru gutxi gelditzen zaigu ikerketarako, egitasmoak bultzatzeko eta bestelako inbertsioak egiteko. Guztira, hiru milioi euro inguru. Hezur eta azal gelditu gara. Oro har, lema biratu beharra dauka NUPek, egoera oso larria delako.

Harremanik izan al duzue Nafarroako Gobernuarekin finantzaketa negoziatzeko?

Bai. Plan estrategikoaren berri eman genien, eta unibertsitatearen erronkak ere aipatu genizkien, beste inori baino lehen. Urte anitzeko hitzarmena eskatu genien, finantzaketa bermatu ahal izateko. Horrek beste jokaleku batean kokatuko luke unibertsitatea, gure kalkuluen arabera, urtean sei milioiko hazkundea eraginen lukeelako. Eskaera zentzuzkoa da, eta uste dut gobernuak baiezkoa emanen digula. Oraingoz, ez digute atea itxi, eta elkarlanerako prest azaldu dira.

Ikasketa eta gradu berriak eskaintzeko proposamena ere egin duzue. Zergatik?

NUPen egungo eskaintza eskasegia delako. Espainia osoan titulu gutxien eskaintzen duen unibertsitatea da, eta alor batzuetan gabezia handiak ditu. Horregatik, gradu berriak eskaintzea aztertzen ari gara, eta, horrez gainera, ingelesez eta euskaraz eskaintzen ditugun kredituen kopurua ere handitu nahi dugu.

Euskarazko eskaintza murritza izan da beti NUPen...

Ez da hain murritza ere. Gaur egun, ikasgaien %20 eskaintzen dugu euskaraz. Hala ere, hori gainditu nahi dugu, eskaintza eta eskaria orekatzeko.

Oraingoz, Irakasle ikasketak bakarrik egin daitezke osorik euskaraz. Gainontzeko graduetan, ikasgai batzuk besterik ez. Hori aldatzeko neurriren bat planteatzen al da plan estrategikoan?

Aurreko urteetako plangintzetan, eta baita IV. plan estrategikoaren lehen zirriborroetan ere, oso aipamen orokorrak egiten ziren euskararen inguruan. Gero, hainbat ekarpen jaso genituen, eta egungo planteamendua ausartagoa da. Zehaztasun handiagoa eman diogu euskararen sustapenaren gaiari.

Euskaltzale batzuk, ordea, uzkur dira oraindik. Paperean idatzitako neurriak asmo onekoak izanagatik ere, zail ikusten dute horien aplikazioa...

Nik ulertzen ditut kritika horiek, baina, oraingoz, plana aurkeztu besterik ez dugu egin. Hemendik aurrera, sail bakoitzeko arduradunek pertsona egokiak hautatu beharko dituzte, plan estrategikoan aipatutako helburu handi horiek errealitate bihurtzeko. Saiatuko gara puntu guztiak betetzen, baina gerta liteke baten bat baztertu behar izatea. Goiz da oraindik halako aurreikuspenak egiteko. Dena den, plangintzan agertzen dena ez da keinu hutsa. Helburu guztiak egingarriak direla uste dugu.

Duela hamar urte, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako arduraduna zen Pedro Pegenautek eta Miguel Sanz presidente ohiak esan zuten ez zuela zentzurik NUP euskalduntzeak. Gainditu al da garai hori?

Baietz uste dut. Nik beti esan izan dut euskararen aldeko aldarriari erantzuna eman behar zaiola. Eta, eskaria betetze hutsaz harago, unibertsitateak bidea urratu beharko luke halako gaietan. Aitzindari izan. Gu saiatzen ari gara euskara titulazio guztietan txertatzen, eta denborarekin, eskaintza hori zabalduz joanen gara. Modu naturalean landu nahi dut gaia.

Medikuntza ikasketena da aspaldiko beste aldarrikapen bat. Ikusiko al dugu Medikuntza Fakultatea NUPen?

Ezin dizut ziurtasun osoz baieztatu, baina nik baietz uste dut. Ez dakit noiz, baina helduko da hori ere. Bitartean, pausoak eman ditzakegu. Plan estrategikoko helburuen artean, adibidez, Biomedikuntza ikerketak sustatzea agertzen da. Hortaz, egungo graduetan Osasun Ingeniaritzari edo Biomedikuntzari lotutako ikasgaiak txertatzeko aukera aztertzen ari gara. Medikuntza fakultate bat sortzea, berriz, garestia eta nekeza da. Baliabide handiak behar dira. Luze joko du.

Urteetan NUPen Medikuntza ikasketak oztopatzea Opusen unibertsitatearen alde hartutako erabaki politikoa izan zela uste duzu?

Argi dago gaiak dimentsio politikoa duela. Nafarroan, osasun sistema ahula dugu ikerketari dagokionez. Osasun arreta ona da, baina ikerketaren esparrua ez da behar bezala garatu. Erkidegoko administrazioak pentsatzen badu hori sustatu behar dela, jakina, NUPek tokia izan beharko luke planteamendu horretan, baina argi izan behar dugu Medikuntza ikasketa publikoak garatzea mesedegarria izanen dela, ez NUPentzat, gizarte osoarentzat baizik. Hortxe dago gakoa: batzuek uste dute hezkuntza pribatuarekin aski dugula, eta beste batzuek diote ezetz, ikasketa horiek publikoak izan beharko luketela.

Duela gutxi, protesta handiak antolatu zituzten NUPeko ikasleek. Sustatzen ari zareten erreformak unibertsitate eredu elitista ezartzen dutela diote...

Niretzat, horrek ez du ez hanka ez buru. Aldaketa administratibo soila egin genuen, eta horrek ez du eraginik matrikula tasen prezioan. Beraz, ez dut ulertzen zertara datozen protestak orain.

Foruzaingoari deitu zenion protesta bat desegiteko. Damutzen al zara?

Erabaki zuzena izan zen, eta inoiz baino seguruago nago horretaz. Unibertsitatearen gobernuaren jarduna oztopatzen ari ziren. Haiekin hitz egiten saiatu nintzen, eta irainak besterik ez nuen jaso. Ez naiz damutzen.

BERRIAn argitaratua (2016/06/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA