astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

mundua

LUZ PALMAS ZALDUA

«Hego Amerikako diktadore guztiak zigorrik gabe hil dira»

Kristina Berasain

«Hego Amerikako diktadore guztiak zigorrik gabe hil dira»

Euskaraz erantzun du telefonoaren bestaldean: «Kaixo, zer moduz?». Luz Palmas Zalduak (Buenos Aires, 1973) nafarrak ditu arbasoak amaren aldetik. Bost urtez aritu zen euskara ikasten, «Teresa Zabaletarekin». Eta Euskal Herrian egon zen 2000. urtean. «Itzultzeko irrikaz nago». BERRIA ezagutzen du, eta alabari izen euskalduna jarri dio: Maite. CELS Lege eta Giza Ikerketen Zentroko abokatua da; Memoria, Egia eta Justizia taldeko koordinatzailea. Kondor planaren inguruan eman berri den epai historikoa ahalbidetu duen taldean aritu da lanean, kereila jarri baitzuen gobernuz kanpoko erakunde horrek.

Victor Jara hil eta 43 urtera hasi dira epaitzen haren ustezko hiltzailea. AEBetan, gainera. Ez al da beranduegi eta urrunegi?

Txilen epaitua izateko estradizio eskaera egina dago. Han ere epaitu beharko lukete. Txilen ahalegin handia egin dute diktadurako krimenengatik kontuak emateko, eta zigor ugari ezarri dituzte, nahiz eta arinak izan. Pinochet bera zigortua izan gabe hil zen. Dena den, epaiketa guztiak dira albiste onak: kasu bakoitzetik harago, erreparazioa gizarte osoarentzat da estatu terrorismoko krimenak zigortzen direnean. Victor Jararen hiltzailearen kontrako epaiketa ere hor kokatzen da: familiak ez ezik, herriak berak jasoko du erreparazio moduko bat.

Argentinan Kondor planaren inguruko epai historiko bat eman berri dute. Auzi jartzailea izan da CELS. Zer irizten diozue epaiari?

Historikoa izan da, baina ez bakarrik Argentinarentzat. Hego Amerika osoarentzat izan da inportantea; izan ere, aurreneko aldia da epai batean jasotzen dela plana estatuen arteko legez kanpoko elkarte bat izan zela, diktaduren artekoa, nazioz gaindikoa. Argentina, Bolivia, Brasil, Paraguai, Txile eta Uruguairen arteko akordio kriminal bat izan zen, eta agerian geratu da sare bat eratu zela disidente politikoen kontra elkarlanean aritzeko, mugak aintzat hartu gabe, hau da, mugak ez ziren eragozpen izan oposizioko militanteei jazartzeko eta haiek deuseztatzeko orduan.

Mugarri bat izan al da?

Hala da. Inoiz baino urrunago joan gara. Hego Amerikan asko dago egiteko, baina bide bat zabaldu da aurrerantzean ikerketa gehiago egiteko, eta bide horretan hauspoa izango da. Diktadura garaiko krimenen inguruko prozesu gehiago zabalduko dira orain, batez ere bide horretan atzerago dauden herrialdetan; izan ere, memoria historikoaren garapena oso ezberdina izan da: herrialde batzuetan, aurrerapauso handiak eman dira, baina besteetan, oso atzean daude. Bolivian Egiaren Batzordea behingoz abian jartzeko baliagarria izango da epaia. Mugimendu geldiezina da.

Hego Amerika eskuinera biratzen ari da. Eragina izango al du horrek bide horretan?

Hego Amerika ataka zailean dago; atzeraka doa, eta oso kezkagarria da hori. Ikusteko dago nola eragingo dion horrek memoria historikoari. [Mauricio] Macriren gobernuak jarrera anbibalentea dauka alde horretatik: batetik, justiziaren bidetik jarraitzeko asmoa agertu du, baina, bestetik, neurri kezkagarriak hartu ditu; esaterako, bertan behera utzi ditu ikerketa alor batzuk, eta murriztu egin ditu memoriarekin lanean ari diren zerbitzu publikoetako langileak. Haren diskurtsoetan bi deabruen teoriaren oroitzapen lausoak aurki daitezke, diktadurako krimenak gerrillenaren pare jartzen dituen teoriarenak; beraz, urteotan eratu den sare sendoa aintzat hartuta atzera egitea zaila bada ere, erne gaude. Brasilen gertatu dena ikusita, adi egon beharra daukagu.

Kondor planeko epaiaren tamaina egin zen krimenaren tamaina berekoa dela esan zenuen sententziaren egunean.

Bai. Epaiketa oso luzea izan da. Ikerketa 1999an hasi zen, jatorri ezberdineko bost biktimarekin. Artean Puntu eta Amaierako eta Obedientzia Zibileko Legeak indarrean zeuden, baita indultu dekretuak ere. Estatuak hiru tresna horiek erabili zituen ikerketa penalak gelditzeko; hortaz, ezin ziren diktadura garaiko krimenak ikertu. Hala ere, salaketa honek zirrikitu bat zabaldu zuen inpunitate horretan; izan ere, desagertutako pertsonez ari ginen, eta delitu horiek indarrean jarraitzen zuten; ezin zioten uko egin oraindik gertatzen ari zena ikertzeari, desagertze bat inoiz ez baita bukatzen.Horregatik egin zuen aurrera. Eta 2003an, aipatutako lege horiek baliogabetu zirenean, auzi honek azkarrago egin zuen aurrera, eta beste biktima batzuk batu ziren; guztira, 105 biktimak deklaratu dute auzian.

Augusto Pinochet, Alfredo Stroessner eta Hugo Banzer, Txile, Paraguai eta Boliviako diktadoreak zeuden inputatuen artean, ezta?

Bai, baina haien jatorrizko estatuetan ez zuten eman estraditatzeko baimena. Kereila honek noraino iritsi nahi zuen erakusten du horrek: erantzule gorenetara iristea zen asmoa, diktadore horiek prozesatzeko eta zigortzeko. Hego Amerikako diktadore guztiak zigorrik gabe hil dira.

Iragan maiatzaren 27an etorri zen epaia. Guztira, 17 lagun zigortu dituzte. Nola hartu dute biktimek sententzia?

Epaiaren eguna oso hunkigarria izan zen. Biktimen artean, argentinarrez gain, txiletarrak, uruguaitarrak, paraguaitarrak eta boliviarrak zeuden. Jaioterritik etorri ziren asko, eta enbaxadetan ere eduki ahal izan zuten epaiaren berri. Poz handiz jaso zuten. Bakea eman die. Argentinan, Txilen eta Uruguain ikertu izan dira Kondor planeko ekintza jakinak, bahiketen eta desagerpenen inguruan, baina lehen epaia da operazioa sistema kriminaltzat hartzen duena, dimentsio zabala emanez.

Argentinan babestu ziren disidente asko, ezta?

Argentinakoa izan zen diktaduraren bidea hartzen azkena, eta, ordurako, beste diktaduretatik ihes egin zutenetako batzuk hemen babestu ziren. Argentinak Kondor planarekin bat egin zuenean, heriotza segada bihurtu zen pertsona horientzat, errefuxiatu estatusa lortu bazuten ere. Estatus hori bortxatu zen.

Dokumentu ugari desklasifikatu dira ikerketan.

Bai. Kondor plana operazio sekretua eta klandestinoa izan zela aintzat hartuta, batek pentsatzen du itun horren arrastoak bizirik atera zirenen hitzetan soilik aurkitu daitezkeela, baina egia da dokumentazio ugari jaso dela, tartean Paraguaiko Izuaren Artxibokoa. Hortxe zegoen plana eratu zeneko akta: 1975eko azaroaren 28an dago sinatuta.

BERRIAn argitaratua (2016/06/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA