astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

kultura

Sortzearen magia, ageriago

Ainhoa Sarasola

Sortzearen magia, ageriago

Hamaika xehetasun ezkutatzen dira sortzaile ororen lanaren atzean: nondik abiatu zuen hura, zein iturritatik elikatu zen, zein gogoeta ibili zituen buruan, zein ideiari eutsi zien eta zein baztertu, nola joan zen garatzen eta fintzen... Xabier Leteren obrak itzalean dituen gako batzuk ageriago egongo dira aurrerantzean. Poetaren liburutegia eta artxiboak eskuratu berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bere osotasunean dago bilduma dokumentala, eta hala gordeko du, haren obran sakondu nahi duten ikertzaileen esku jartzeko. Zehaztu dutenez, Lourdes Iriondorena ere bada ondarearen zati bat, hark idatzitako ipuinak eta bestelako testuak agertu baitira karpeta batzuetan.

Pertsona bakar baten esku zegoen Leteren literatur ondarea; haren izenik ez dute eman, baina Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu du bilduma osoa foru aldundiaren esku utzi duela ogasunarekin zuen zor bat kitatzeko —zehaztu du bilduma 102.000 euroan baloratua dagoela baina haren zorra txikiagoa zela—. Modu horretan berau «sakabanatzeko edo kutxatan gordeta jarraitzeko arriskua» saihestu dutela nabarmendu du. «Eskuratze honekin, memoria eta iragan hurbila ezagutzeko iturri dokumental garrantzizko bat lortu dugu». Harekin batera izan dira Lourdes Otaegi EHUko literatura irakaslea eta Anjel Lertxundi idazlea, bildumaren nondik norakoak azaltzen.

Leteren bilduman, 3.000tik gora liburu daude; fikzioko lanak dira asko, euskara, gaztelera eta ingelesezkoak —Pio Barojaren 40 bat obra daude tartean—. Euskal, espainiar eta kataluniar poesia ere bada, baita antzinako liburu baliotsuren bat ere. Lertxundiren esanetan, «idazle baten liburutegia bere ibilbide intelektualaren kartografia da». Hala, Leterenean, «bertsolariak poeta handien alboan» topatuko ditu bisitariak, baita filosofiari buruzko lanak ere, eta fedea eta zientzia uztartzen dituztenak... eta beste asko, mundua ulertzeko haren nahiaren ispilu. «Leteren liburutegiak gu, unibertsitateak, adituak, Euskal Herria izango ditu hemendik aurrera bisitari, eta piano edo gitarra baten notak lagun dituela errezibituko gaitu, bere jantzi ilun maiteenekin».

Diskoak ere ugari bildu zituen poeta eta kantariak: 400 inguru daude, musika klasikokoak eta kantautore frantsesenak gehienak. Badira bestelako objektuak ere. Letek beste sortzaile batzuekin —Gabriel Celaya, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza eta Bernardo Atxagarekin, besteak beste— trukatutako gutunak, esaterako, 400 bat. Ekitaldietako 500 bat kartel eta eskuorri ere gorde zituen; adibidez, 1975ean Mairuelegorretako leizean izandako Euskal Jaiko eskuorri bat, eta Joxan Artzerekin egindako ekitaldi bat iragartzeko eskuz ondutako beste bat. Halaber, testuz betetako 80 bat karpeta ere badaude; argitaratu gabeko piezak, hitzaldi baterako idatzitako lerroak eta beste daude bilduta. Karpeta bakoitzean, barruan jasotakoak txukun azalduta idatzi zituen Letek berak, eskuz, testu gehienak bezala.

Ikertzaileentzat «altxorra»

Baina «altxorrik preziatuena», Lourdes Otaegiren hitzetan, Leteren 23 koadernoak dira. «Gaur esku artean dugun ondareak, kritika genetikoa deitzen dugun metodologiaren bitartez, eskuizkribuetan geratutako moldeak aztertzeko eta baloratzeko aukera eskaintzen digu». Irakasleak aurretestu deitutakoak aztertu ahal dira horrela, «besterik ez baitira koaderno hauetan dauden oharrak, zirrimarrak, borratze, ordezkatze, aurreratze, bazterreko komentario horiek». Nola laguntzen ahal dute Leteren obra hobeto ezagutzen? Otaegi: «Haren sortze prozesuaren magiaren testigu egiten gaitu, eta, nire ustez, hori bere hartan esperientzia estetiko bat da edozein literaturazalerentzat». Azterketa horietatik Leteren «irudi berri bat» sortzea espero du Otaegik, «non bere lan neketsua agerian jarriko den». Haren ustez,«hitzez hitz, tantaka sortzen den hitza da bere poesia, alegia, kondentsazio prozesu sakon baten emaitza».

Lehenik, baina, bildumako objektuak katalogatu beharko dituzte, eta lan hori «ohi baino sakonagoa» izango dela aurreratu dute. Alex Gurrutxaga BERRIAko literatur kritikariak hartu du eskuizkribuen edukien deskribapena egiteko ardura —Leteren lan poetikoari buruzko tesia prestatzen ari da Gurrutxaga—.

Halaber, bildumaren edo beste funts batzuen inguruko ikerketak sustatzeko, Foru Aldundiak bi urtean behineko beka bat ezarriko duela iragarri du, «betiere, unibertsitateen babes akademikoarenpean, XX. mendeko euskal idazleen edizio kritikoak garatzeko». Lan horien argitalpenekin batera, autoreen omenezko kantaldi, erakusketa edo errezitalak ere egingo dituzte.

BERRIAn argitaratua (2016/06/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA