astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

mundua

Artur Mas inputatu gisa deklaratzera deitu dute A-9a antolatzeagatik

Samara Velte

Artur Mas inputatu gisa deklaratzera deitu dute A-9a antolatzeagatik

Hauteskundeak igaro arte itxaron dute «bozketan ez eragiteko», baina ez dizkiote beste bi egun ere eman: Espainiako eskuin muturreko prentsak iragarri zuen bezala, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJC) inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Artur Mas presidentea —jardunekoa oraintxe bertan—, Joana Ortega gobernuko presidenteorde ohia eta Irene Rigau, orain arte Hezkuntza kontseilari izan dena.

Iazko azaroaren 9an independentziari buruzko herri galdeketa antolatzeagatik jarri diete kereila hirurei: prebarikazioa, desobedientzia, diru publikoen okerreko erabilera, eta usurpazioa edo Justiziari trabak jartzea leporatzen diete. Desobedientzia, Espainiako Konstituzio Auzitegiak debekatu egin zuelako A-9rako deituta zegoen galdeketa; Estatuaren Abokatuaren helegitea aintzat hartu, eta indarrik gabe utzi zituen hartarako prestatuta zeuden lege eta baliabide guztiak. Generalitateak, orduan, izaera aldatu zion deialdiari, eta galdeketa ofizial eta lotesle bat egin beharrean borondatezko «prozesu parte hartzaile» gisa planteatu zuen erreferenduma: Katalunian erroldatutako eta 16 urtetik gorako edozein pertsonak eman ahal izango zuen botoa, eta helburua izango zen katalanek independentziari buruz zeukaten iritzia jakitea.

Fiskaltzaren ustez, Kataluniako Gobernuko goi kargudunek propio ez zuten bete Konstituzio Auzitegiaren ebazpena. Zigor ekonomikoaz gain, sei hilabete eta bi urte arteko inhabilitazioa ezar diezaiekete desobedientzia delituagatik; prebarikazioagatik, zazpi eta hamar urte artekoa; eta Justiziari trabak jartzeagatik, urtebete arteko espetxea ere bai.

A-9rako deialdi ofizialean, ohiko hauteslekuak prestatu asmo zituzten botoak biltzeko: ikastetxe publikoak, museoak eta Generalitearen eraikinak. Hura debekatzean, ordea, Kataluniako Gobernuak bere baliabideetara moldatu behar izan zuen antolaketa. Printzipatuko hezkuntza sare publikoko ikastetxeak erabili zituen nagusiki; eta, ez zeuden herrietan, udalekin adostu zuen eraikin publikoren bat prestatzea. PPk gobernatutako herri txiki gutxi batzuetan izan ezik, beste guztietan onartu zuten kartoizko kutxak jartzea.

Prestaketa lan horiek guztiak aintzat hartu ditu Fiskaltzak, eta lekuko gisa deklaratzera deitu ditu L'Hospitaleteko institutu bateko zuzendaria —ikastetxea zabaltzeari uko egin zion, eta gero salatu zuen presio egin ziotela—, auto enpresa bateko administratzailea —A-9ko komunikazio lanetan erabilitako auto batengatik—, botopaperak inprimatu zituzten zentroko zuzendaria, galdeketaren webguneaz arduratzen zen taldeko burua, eta Generalitateko Telekomunikazio eta Informazio Teknologien saileko arduraduna.

Neus Munte Kataluniako Gobernuko presidenteordeak salatu duenez, «anomalia demokratiko bat» da inputazioa: «Hautetsontziak jarri eta herritarrei herrialdearen etorkizun politikoari buruzko iritzi librea adierazteko aukera emateagatik jarri dituzte kereilak».

Denen galdeketa

Masek urriaren 15ean du deklarazioa emateko hitzordua; hain zuzen ere, militar frankistek Lluis Companys presidentea zena fusilatu zuteneko 75. urteurrenean. Ortegak eta Rigauk bi egun lehenago deklaratuko dute. Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak berak aitortu du arrazoi politikoen arabera moldatu dutela egutegia: TSJCk ez ei ditu lehenago deitu I-27ko hauteskundeetan ez eragiteagatik.

Auziak berebiziko garrantzia hartuko du orain: igandeko bozetan independentistek parlamentuko diputatu gehienak lortu zituzten, eta oraindik adosteko daukate Masek presidente gisa jarraituko duen edo ez. Inhabilitazioa ezarriko baliote, ezingo luke karguan jarraitu; baina, aldi berean, galdeketa bat antolatzeagatik kereilatu jarri dioten agintariaren figurak indartu egiten du haren posizioa Kataluniako publiko independentistaren aurrean.

Ara es l'hora kanpaina subiranista osatzen duten ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek Espainiako Estatuaren erabaki politikotzat jo dute inputazioa, eta euren gain hartu dute A-9ko galdeketaren ardura. «Ekintza hau ez da geratuko erantzunik gabe», esan du Jordi Sanchez ANCko presidenteak. Irailaren 27ko hauteskundeei buruzko balorazioa egiteko agertu dira, berez, prentsaren aurrera Sanchez eta Quim Torra Omniumeko presidentea. Botoen erdiak ez lortu arren, Kataluniako Errepublika sortzeko indarrak batzen jarraitzeko eskatu diete alderdiei: «Herrialdearentzako aldaketa erreal posible bakarra independentismotik dator».

Gainerako alderdi subiranistek ere babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau. Politikari askok Twitterretik egin dute bat gaitzespenarekin; besteak beste, Julia de Jodar CUPeko diputatu izango denak: «Gauza bakoitza bere lekuan. Negoziazioak negoziazioak dira; itunak, itun; baina Masek, orain, kolpatutako nazioa adierazten du, eta trabarik gabe defendatu behar da».

BERRIAn argitaratua (2015/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA